EAEko industria prezioak sei hamarren jaitsi dira urrian, baina %34 igo dira iaztik

Energia prezioak izan du igoerarik handiena, urtebetean %75,6 igo baita

Hernaniko lantegi bat | Argazkia: EnpresaBIDEA Hernaniko lantegi bat | Argazkia: EnpresaBIDEA

Urrian industriako prezioek %0,6ko jaitsiera izan dute Euskal Autonomia Erkidegoan aurreko hilaren aldean, baina %34ko hazkundea izan dute urtebetean, 2021eko urriko datuekin alderatuta. 2022ko lehen hamar hilabeteetan, berriz, prezioak %31,8 igo dira, Espainiako Estatistika Institutuak (INE) jakinarazitako datuen arabera.

Hileko aldakuntzaren jaitsiera energiaren prezioetan (%1,2) eta bitarteko ondasunetan (%0,5) izandako jaitsierek eragin dute. Aitzitik, kontsumo-ondasunen prezioak %1,6 igo dira, kontsumo iraunkorrean %0,8 eta kontsumo ez-iraunkorrean %1,7; ekipo-ondasunenak, berriz, bi hamarren.

Urte arteko aldakuntzan, ordea, sektore guztiek izan dituzte igoera handiak, batez ere energiak, %75,6ko igoera izan baitu. Kontsumo-ondasunen hazkundea %15,9koa izan da urtebetean, batez ere kontsumo ez-iraunkorrean %17,2ko igoera izan delako, nahiz eta kontsumo iraunkorrean ere prezioak %7,9 igo diren. Bitarteko ondasunen prezioak, berriz, %10,3 igo dira eta ekipo-ondasunenak %5,7.

Aurten, lehen hamar hilabeteetan, prezioak %71,9 igo dira energian, %13,6 kontsumo-ondasunetan (%8 kontsumo iraunkorrean eta %14,5 kontsumo ez-iraunkorrean), %8,9 bitarteko ondasunetan eta %5,1 ekipamenduko ondasunetan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK