• EKONOMIA
  • Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrak 14 mila milioi euro fakturatu zituen iaz

Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrak 14 mila milioi euro fakturatu zituen iaz

23 bazkide berri sartu dira elkartean, eta denera 131 dira egun. 2028rako plan estrategikoa aurkeztu dute Oñatin egindako batzarrean

Argazkia: Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterra
Argazkia: Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterra
2025eko maiatzaren 9a
Eg. 2025eko maiatzaren 19a

MLC-ITS Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterreko bazkideek 14 milioi euroko fakturazio bateratua lortu zuten 2024an, hau da, EAEko BPGaren %15 inguru. Zifra horretatik, %29,6 nazioarteko merkatuetatik dator, eta %3 I+G+Bko inbertsioetara bideratu zen.

 

Klusterrak XXII. Batzar Nagusia egin du ostiral honetan Oñatin (Gipuzkoa). 23 bazkide berri sartuta, dagoeneko 131 kide ditu elkarteak. Hazkunde horrek "klusterrak etengabeko berrikuntzarekin eta lehiakortasun globalarekin duen konpromisoa indartzen du, lankidetzaren bidez", nabarmendu dute.

Iaz, MLC-ITSk 44 berrikuntza proiektu bultzatu zituen, guztira 137 milioi eurotik gorako balioa zutenak. Klusterraren nazioarteko jarduera ere azpimarratu dute gaurko batzarrean Alemania, Kolonbia, Dubai edo Mexiko bezalako herrialdeetako azoketan eta kanpo merkatuetan izan duen parte-hartzea dela eta.

 

2025-2028 Plan Estrategiko berria ere onartu da gaurko bilkuran, eta Andoitz Korta Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordea izan da aurkezpenean. Erakusketan zehar, indargune gisa nabarmendu dira "Euskadiren posizio estrategikoa eta mugikortasun elektrikoaren garrantzia, RIS3ren lehentasunezko bost merkatuetako bat den aldetik".

Planak hiru "aldaketa-bektore" zehazten ditu, sektorearen jarduera ezarriko dutenak: trantsizio energetikoa, trantsizio digitala eta sektoreko lehiakortasuna. Ikuspegi horrekin, klusterraren jarduera bost espezializazio esparrutan oinarrituko da aurrerantzean: Mugikortasun konektatua eta automatizatua; mugikortasun berria; hiri logistika; intralogistika; eta distantzia luzeko logistika multimodala.