
Bost urte pasa dira hauteskunde egun batek Emmanuel Macron eta Marine Le Pen aurrez aurre jarri zituenetik. Tartean pandemia bat, hornidura-kateen krisia eta Ukrainako gerra egon dira. Errepublikan aspalditik ezagutu gabeko bizitzaren garestitzea eta erretretak dira bi erronka ekonomiko nagusiak, kanpainian zehar arreta handiena piztu duten bi gaiak.
Baina Frantziako errealitate ekonomikoa askoz sakonagoa da. Europako bigarren potentzia ekonomikoaren zifra ekonomikoak geroz eta ahulagoak dira, eta etorkizunerako kezka sortzen hasiak dira. Haren balantza-komertziala hondoratzen ari da urtez urte. 2021ean 109.534 milioi euroko defizit-komertziala izan zuen, aurreko urtekoa baino % 35 handiagoa. 2000 urtera arte positiboa zen, eta okertzen joan da, iazko zifra historikora heldu arte. Izan ere, azken urteetan bildu dira emaitzarik okerrenak. Nazioartean merkatu-kuota galdu duten Frantziako enpresen lehiakortasun arazoen isla da, batez ere Txinaren aurrean.
Pandemiak Barne Produktu Gordina (BPG) % 7,9 hondoratu eta gero, errekuperazioa 2021ean heltzea espero zuten frantziarrek. Nahi eta ezin. % 7 egin zuen gora haren ekonomiak. Portaera ona bai, baina ez galdutako guztia berreskuratzeko adina. Jarduerak, ordea, inoizko tasarik onena lortu zuen iaz, % 73,5. Langabezi datuak ere onak izan dira: % 7,4koa izan da, 2008az geroztik izan duen mailarik baxuena. Gazteak izan dira alderik okerrena pairatu dutenak, % 16ko langabezi tasarekin.
Erosteko ahalmenaren galera da, zalantza barik, frantziarren buru hausterik handiena. Aspaldi ikusi gabeko mailara heldu da inflazioa
Erosteko ahalmenaren galera da, zalantza barik, frantziarren buru hausterik handiena. Aspaldi ikusi gabeko mailara heldu da inflazioa, % 4,5. Europakoa baino baxuagoa da, Frantziak energia alorrean duen subirautzari esker. Energia nuklearren aldeko apustua egin zuen herrialdeak 1980ko hamarkadan, eta horrek erregaien prezioekiko menpekotasuna ekiditea ahalbidetu dio. Macronek prezioen gorakadari aurre egiteko dirulaguntzak eman ditu, argindarraren prezioak merketuz. Bere hauteskunde programan gasaren eta argindarraren prezioa mugatzea, eta erregaien prezioen jaitsieran laguntzeko neurriak proposatu ditu.
Erretreten erreforma
Egoera ekonomiko gazi-gozoa bideratu beharko du hurrengo presidenteak. Erronkak ez dira makalak, baina pentsioen afera da erronkarik handiena. Gizartean sakonki errotuta dago egungo erretreten sistema, Bigarren Mundu Gerra ostean sortutakoa. Sistema oso konplexua da; erregimen orokorraz gain, badira beste 42 erregimen berezi, lanpostu bakoitzaren ezaugarrien araberakoak.
Macronek 2019an pentsio sistemaren erreforma proposatu zuen, erregimen bereziak sinplifikatuz eta erretiro adina atzeratuz. Kaleak gogor erantzun zion eta 2020ko otsailean legeak ematen zuen bidezidor batez baliatuta, dekretuz onartu nahi izan zituen. Pandemiak atzeratu zuen erreformaren onarpena, gaur arte.
Macronek 2019an pentsio sistemaren erreforma proposatu zuen. Kaleak gogor erantzun zion
Oraingoan Macronek alde batera utzi du aurreko proposamena; ez, ordea, erretiroaren adina atzeratzeko asmoa. Erretiroaren adin ofiziala 62 urtetik 65era pasatu nahi du, progresiboki, baina lanpostu batzuen berezitasunak aintzat hartuta, ogibide neketsuen eta ibilbide oso luzekoen kasuetan bezala. Le Penek, berriz, duela bost urte jubilazio adina 60 urtera aurreratzea proposatu bazuen ere, oraingoan aukera hori soilik 40 urtez kotizatu duten langileei eman nahi die.
Frantzia da Europan pentsioetara gastu gehien bideratzen duen herrietako bat, bere BPGren % 14,3. Europako batezbestekoa % 8,5koa da. Gastu horri aurre egiteko gauza izango ote den ezbaian dago, zorpetze oso maila altua baitu, bere BPGren % 112,9, eta Europako Banku Zentralaren moneta politaren norabide aldaketak min handia egin ahal dio.
Ekonomiaren ahuleziak
Coface herrialdeen arriskutan aditua den aseguru etxeak aste honetan Frantziako hauteskundeen inguruko txostena kaleratu du. Ukrainako gerra dela eta, aurreikusi daiteke errekuperazio ekonomikoa moteltzea eta lehengaien garestitzeagatik inflazio tasa altuekin jarraitzea. Enpresen inbertsioak lausotzea estimatu du Cofacek, kostuen gorakadagatik eta ezjakintasun egoeragatik.
Frantziak puntu ahul asko ditu, Coface etxearen arabera, hainbat arrazoi direla medio: lehiakortasunaren galera eta enpresa esportatzaile nahiko ez izatea, berrikuntzara bideratutako esfortzu urria, eta zorpetze maila altua. Hautesontzietatik ateratako presidenteak, hortaz, zeregin handiak ditu. Marine Le Penen garaipenak, atzerapauso demokratikoa izateaz gain, merkatuen mesfidantza aregotuko luke. Duela bost urteko jarrera euroeszeptikoa makillatu badu ere, Europako egituren kontrako mezu gogorra du, eta ez dio mesederik egingo Europako ekonomiari.
Frantzia euskal esportazioen jomuga
Euskal Herria ere Frantziako hauteskundeei begira dago. Hego Euskal Herriko esportazioen hartzaile nagusia da Frantzia, azken urteotan lehen postua Alemaniari kendu eta gero. Nafarroako enpresek 287,2 milioi esportatu zituzten, esportazio guztien % 17,8.
Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen esportazio guztien % 16,1 Frantziara joan zen, 4.120 milioi euro, hain zuzen. Azken hogei urtetan Frantziarekiko balantza komertzial positiboa mantendu izan du EAEk. Batez ere, autogintzarekin eta erregaiekin lotutako ondasunak esportatzen ditu.
Frantziarekiko lotura ekonomikoak indartze aldera, Eusko Jaurlaritzak Parisen ordezkaritza berria irekitzea onartu berri du, Euskadi Basque Country 2025 Nazioartekotzeko Esparru Estrategian ezarritakoaren harira. CIVEX Euskadiko industriaren eta enpresa esportatzaileen katalogoak emandako datuen arabera, badira Frantzian lantegiak dituzten hemeretzi enpresa eta merkatal delegaritza baino ez dutenak 104 dira.
Nafarroari dagokionez, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak Frantzia lehentasunezko herrialde bezala definitu du Nazioarteko 2021-2022 Planean, beste zazpi herrialderekin batera,.
Presidentetzarako hauteskundeetako emaitzak Frantziako ildo ekonomiko berriak ezarri ditzake. Erosteko ahalmenaren galerari, erretreten erreformari, zerga erreformari eta gizarte laguntzei egin beharko die aurre presidente berriak ezinbestean.
Ezjakintasun ekonomiko handian murgilduta dago Europa une hauetan. Pandemia bateik ateratzen ari zela, gerrak bere atea jo du eta Frantziak espero gabeko hautua egiteak are gehiago lokaztu dezka egungo egoera. Europako bigarren ekonomiaren etorkizuna jokoan egon daiteke, euskal enpresen esportazioen lehen merkatua.
Oraindik zalantzak dituztenek eta Melenchonen intsumisoek erabakiko dute Frantziako etorkizuna. Europa begira dago. Baita euskal enpresak ere.