• EKONOMIA
  • Euskal ekonomiaren etorkizuna: digitala, euskalduna, integratzailea

Euskal ekonomiaren etorkizuna: digitala, euskalduna, integratzailea

Trantsizioen garaia abiapuntu, enpresen errotzeaz, euskararen erabileraz edota talentuaren sustapenaz hitz egin zuten EnpresaBIDEAren topaketan Aitor Aldasorok, Pello Rodriguezek, Amaia Jugok eta Estibaliz Goñik, Iñaki Ruizen hitzaurrearen ostean

Ezkerretik eskuinera, Reizabal, Aldasoro, Jugo, Rodriguez eta Goñi | Argazkia: Maialen Andres / Foku
Ezkerretik eskuinera, Reizabal, Aldasoro, Jugo, Rodriguez eta Goñi | Argazkia: Maialen Andres / Foku
Garazi Etxaniz Idarreta
EnpresaBIDEAko kazetaria
2025eko maiatzaren 15a
Eg. 2025eko maiatzaren 15a

Euskal ekonomiaren etorkizuna irudikatu asmoz, eragile publiko zein pribatuz osatutako mahaia ondu zuen EnpresaBIDEAk II. topaketako lehen mahai-ingururako. Elkarrizketako testuingurua Iñaki Ruiz Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren eta Europako Funtsen sailburuordeak jarri zuen, eta bakoitzak bere ikuspuntutik, baita elkarlanean ere, gakoak identifikatzeko solasean aritu ziren Aitor AldasoroEusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, Pello RodriguezMondragon taldeko presidenteaAmaia JugoArtizarra Fundazioko zuzendaria, eta Estibaliz GoñiI-DE Iberdrola Taldeko Prozesu eta Teknologia zuzendaria izan ziren mahai-inguruko parte-hartzaileak, Maite Reizabal egunkariko zuzendariaren gidaritzapean.

 

Ideiak elkar trukatzen hasi baino lehen, Reizabalek eskerrak eman zizkien topaketa antolatzen babesle zein laguntzaile izan ziren erakunde publiko zein pribatuei: babesleak izan ziren Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, Mondragon Taldea eta Kutxa Fundazioa; gainera, antolaketan lagundu zuten Adegik, Ayesak, Laboral Kutxak, Kreanek, ArtizarraFundazioak eta Miryam Artola Kontsultora Estrategikoak.

Jarraian, mahai-inguruari testuingurua emateko eszenatokira igo zen Iñaki Ruiz Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuordea. Alde batetik, egungo industriaren eta ekonomiaren egoera aztertu zuen Ruizek: "EAEko egoera 'sendoa' da, %2,2 hazi zen ekonomia 2024. urtean, eta 2025eko lehen hiruhilekoan ere egonkor mantendu da; gainera, 17.000 enplegu baino gehiago sortu ziren iaz". Kanpo eskarien ezusteko bilakaerak, baina, zuhur izatera eramaten ditu, ez baitira espero bezain onak. Egoera areagotu egiten da nazioarteko ziurgabetasunaren kezkari erreparatuz gero, batik bat AEBko azken hilabeteetako erabakiak direla eta. Gauzak hala, datozen urteetan ekonomiaren "motorra" barne eskaria izango dela nabarmendu zuen.

 
bb 20250513106604
Iñaki Ruiz Jaurlaritzako Ekonomia sailburuordea | Argazkia: Maialen Andres / Foku

Ruizen ustetan, garrantzitsua da industriaren etorkizuna irudikatzea eta eman beharreko urratsak zein diren jakitea, eta haren hitzen ostean halaxe egin zuten mahai-inguruko partaideek. Gako izango diren eraldaketekin hasi ziren. Goñik erantzuna argi zuen: elektrifikazioa, eta, ondorioz, digitalizazioa. “Elektrifikazioa etorkizuna da, autonomia energetikoa eta lehiakortasun industriala lortzeko bide bakarra”. Goñiren aburuz, elektrifikazioa ezinbestekoa da trantsizio energetikoa sustatzeko eta kontsumoaren bizi ohituretara egokitzeko, eta, horregatik, digitalizazioan inbertitu behar dute enpresek etorkizunean, horri esker sareak “adimentsuagoak” izango direlako, hots, "sendoagoak, seguruagoak, malguagoak eta erresilienteagoak".

Estibaliz Goñi: "Elektrifikazioa etorkizuna da, autonomia energetikoa eta lehiakortasun industriala lortzeko bide bakarra"

Rodriguezek eraldaketa demografikoari ere eman zion garrantzia, egun transformazio sakona ematen ari den arren, etorkizunean areagotu egingo delako. “Nola lortu dezakegu jendea gure enpresetan eta gure lanetan integratzea?” zioen Rodriguezek, eta adibide gisa jarri zuen kooperatiba bakarrean 50 nazionalitate desberdin egon daitezkeela. "Pentsatu beharko dugu aniztasuna eta eraldaketa demografikoa nola integratu era egokian". Ildo beretik, Aldasorok azaldu zuen erronka demografikoa izanagatik “aukera paregabeak” sor ditzakeela, “kanpotik etorri den eta gure lana aberastu duen jende” asko baitago, eta horrek “gure ehun industrialak eredu izaten jarraitzeko aukera” ematen duelako.

Erronken gaiari jarraiki, euskararentzat teknologiak suposa dezakeenari buruz galdegin zien Xabier Eroa Ayesako Osasungintza Merkatuko eta Industriako zuzendariak, bideo bitartez. Izan ere, moderatzaileak ez ezik, euskal ehun ekonomikoko hainbat eragileren esku izan zen mahai-inguruko galderaren bat egitea. Denek erronka zein aukera gisa ikusi zuen teknologia, baina Aldasorok mahaigaineratu zuen Jaurlaritzarentzat “lehentasunezko erronketako bat” dela adimen artifiziala elikatu eta sortzea, euskaraz. “EnpresaBIDEA bezalako erremintak edukitzea aukera da bidea egiteko” gehitu zuen. Ildo horretatik, Jugok aipatu zuen Europan eredu diren ikerketa zentroak daudela Euskal Herrian. Rodriguezen hitzetan “euskara industria da”, eta “euskara traba gisa ikusten dutenei” gogorarazi zien Mondragonen, oro har, euskaraz hitz eginik, Espainiako Estatuko seigarren enplegatzaileak direla.

Pello Rodriguez: "Pentsatu beharko dugu aniztasuna eta eraldaketa demografikoa nola integratu era egokian"

Goñiren ustez, teknologia oso baliagarria da jendea euskarara hurbiltzeko, hizkuntza azkarrago ikasteko eta enpresak bezeroengandik gertuago egoteko. “Gure erroak Euskadin daude, euskara gure hizkuntza da” zioen Iberdrolakoak. Erroei buruz hizketan, Reizabalek aukera baliatu zuen enpresen errotzea abantaila ala oztopo den galdetzeko. Jugok errotzea helburu dela adierazi zuen, eta Artizarra Fundazioak hiru aldetatik aztertzen duela azaldu: “enpresaren errotzea, alegia, egoitza hemen egotea eta hornitzaileak tokikoak izatea; kapitalaren errotzea; eta, azkenik, talentuaren errotzea”; bestalde, Rodriguezek azpimarratu zuen erakundeen errotzeak ez diola kontra egiten enpresen lehiakortasunari.

Errotze hori lortzeko, eta euskara ahaztu gabe lehiakortasuna sustatzeko, zein erakunde eta enpresa motak behar ditugun jakin nahi izan zuen Reizabalek, eta gonbidatuek bakoitzak erantzun propioa eman zioten. Goñi izan zen erantzuten lehena: “Konformatzen ez diren erakundeak behar ditugu, euren burua etengabe aztertzen ari direnak, bezeroa erdigunean jartzen dutenak eta aldaketari beldurrik ez diotenak”. Aldasorok ere pertsona erdian jartzen duten enpresen garrantzia nabarmendu zuen, eta administrazioa “azkartxoagoa” izatea gustatuko litzaiokeela onartu zuen, publikoaren barre artean. "Globalizazioa lokaletik aberastea beharrezkoa da, eta horretarako hizkuntza bereizgarria da", gaineratu zuen.

Aitor Aldasoro: "Globalizazioa lokaletik aberastea beharrezkoa da, eta horretarako hizkuntza bereizgarria da"

Mondragonen kasuan, etorkizunerako lau ardatz jorratu dituztela argitu zuen presidenteak: identitatea jorratzea, negozioen berrikuntza (energiaren sektorea, auto elektrikoena…), enpresen artean elkar laguntzea eta interkooperazioa. Etorkizunean lau bide horiek jorratzea eskatu zien Rodriguezek bestelako eragileei. Antzerako zerbait esan zuen Jugok, garrantzia eman baitzion "irekitzeari" eta berritzaileak zein erresilienteak izateari. “Enpresak etikoagoak eta ekologikoagoak izan behar dira, eta lan baldintzak eraldatu behar dituzte, ez soilik gazteentzako”, gaineratu zuen.

bb 20250513106551
Astearteko topaketaren lehen mahai-ingurua | Argazkia: Maialen Andres / Foku

Azkenik, mahai-inguruari amaiera emateko lau kideek Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak bideo bidez egindako galderari erantzun zioten: “Nola sustatu dezakegu talentua? Zein da behar dugun talentuaren profila?”. Goñik kezkatuta aitortu zuen ez Iberdrolak, ez haien laguntzaileek, ez zutela jendea aurkitzen merkatuan, eta, ondorioz, erronka "itzela” dutela. “Belaunaldi berriak desberdinak dira, eta enpresa modura ikasi behar dugu pertsonak beste modu batera kudeatu behar direla”, aitortu zuen. Artizarra Fundazioak proiektua du martxan “jendea entzuteko, ez soilik gazteak, baita hemen ikasi duten eta gaur egun kanpoan dauden pertsonak ere”, eta Jugok azaldu zuen proiektuaren ondoren hausnarketa egingo dutela eta “zerbait egin beharko dela”, hain zuzen, talentua errotzeko.

Amaia Jugo: “Enpresak etikoagoak eta ekologikoagoak izan behar dira, eta lan baldintzak eraldatu behar dituzte, ez soilik gazteentzako”

Administrazio publikoak talentua nola sustatu behar duen galdetzean Aldasorok zera erantzun zuen: "Herriak hemen dagoen talentua geratzea behar du, baita kanpora doan talentua gehiago ikasita bueltatzea ere". Horretarako, kanpotik datorrenari "hezkuntza eta osasungintza txukuna, herri garbia eta segurtasuna" eman behar zaiola adierazi zuen, alegia, "eskuzabalak izan behar" garela; aldi berean, Euskal Herrira datozenek "integratzeko gogoa" edukitzea ere ezinbestekotzat jo zuen.