Euskal ekonomiaren "etxe berria" eraikitzeko 6 gako

Ekonomialarien Biltzarrean jasotako ideien artean daude demografiaren usteak zalantzan jartzea, uraren zikloa osotasunean ulertzea edo naturaren benetako balioa aintzat hartzea

Ekonomilari euskaldunen biltzarreko parte hartzaileak, atzo, Gasteizen | Argazkia: UEU (utzitakoa) Ekonomilari euskaldunen biltzarreko parte hartzaileak, atzo, Gasteizen | Argazkia: UEU (utzitakoa)

Euskaltzaindiaren Gasteizko egoitzak Etxezarra izena du. "Eta etxe berri baterako abiapuntua izan nahi du biltzar honek, hipotekarik eta korralitorik gabekoa". Ekonomialari Euskaldunen III. Biltzarreko tokiaren izenak hitzekin jokoa egiteko ere balio izan dio Oskar Arantzabal Iraeta UEU Udako Euskal Unibertsitateko Ekonomiako arduradunari. Ane Sarasua Aranberri UEUko idazkari nagusia eta Ainhoa Saitua Iribar Ekonomistak Euskal Ekonomisten Elkargoko ordezkaria ditu alboan, eta hiruen artean aurkeztu dute jardunaldia. Izan ere, UEU eta Ekonomistak dira antolatzaile, eta EHU, Mondragon Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak, Gaindegia, Mugarik Gabeko Ekonomilariak, Euskaltzaindia, eta Gasteizko Udalak ere babesle.

Zein da, ordea, etxe berri horren abiapuntua? Biltzarraren izenburuak erantzuten dio horri: Oinarrizko Burujabetza Ekonomikoa. Prospekzio estrategikoak estatu-egiturak eraikitzeko. Eraikuntzarako tresnak ez dira ekonomiaren eredu klasikoarenak. Ez behintzat biltzarrean aurkezturikoak. Baina eredu klasiko hori ulertu eta deseraikitzea ezinbestekoa da. Hona hemen parte hartzaileek aurkeztutako zimenduetarako zenbait gako.

1. Ezin dugu etengabe hazi

3,2 milioi inguru biztanle ditu egun Euskal Herriak. 1880tik 2020ra bitarteko hazkunde erritmoa hartuta, 2046. urtean iritsiko litzateke 4 milioi izatera, eta 2072an 5 milioi. XXI. mendeko hazkunde erritmoa hartuta, zifra horiek 2067 eta 2114ra atzeratuko lirateke hurrenez hurren.

"Baliabide natural finituak dituen lurralde honetan ezin dugu hazkunde demografiko betiereko batekin jarraitu", dio Igor Etxabe Iruretagoiena EHU Enpresagintza eta Ekonomia fakultateko Politika Publiko eta Historiako irakasleak. Etxabek Antropologia fakultatean demografiari loturiko ikasgaia ere ematen du, eta testuinguru horretan kokatu du bere hitzaldia.

"Demografiaren usteak eraitsi eta kontsumoaren atzaparretatik ihes egin" behar dela defendatu du Etxabek, horretarako norabidea markatuta

Thomas Robert Malthusen hitzak nabarmenduta, demografiaren eta baliabide naturalaren arteko "oreka" bilatzea da gakoa. "Demografiaren usteak eraitsi eta kontsumoaren atzaparretatik ihes egin" behar dela defendatu du, horretarako norabidea markatuta, dagoeneko duguna mantendu eta bertatik sortutakoa izan dadin.

Zentzu horretan hiru dira heldu beharreko zutabeak: jaiotza, heriotza eta migrazioak. Lehenengoari dagokionez, ezinbestean jaiotza-tasa igotzeko beharra benetan dagoen mahaigaineratu du Etxabek. Bigarrenari lotuta, zahartzearen demonizazioa alde batera utzi eta bizitzaren iraupena birpentsatzeko garrantzia azpimarratu du —bizitza kalitate ona erdigunean jarrita—, baita zaintza ere —esternalizazioa da bide bakarra?—. Azkenik, migrazioen atzean dauden arrazoi ekonomikoen sakoneko azterketa behar dela esan du —"eskaintzen diren baldintzak etortzen direnak etortzeko eta joaten direnak joateko"—.

2. Uraren bideak ezagutu behar dira

"Uraren zikloaren eskema sinpleak mina ekarri dio urari. Ur kultur bakoak gara, eta ez dakigu uraren zikloa zer den", aldarrikatu du Iñaki Antigüedad Auzmendi EHUko Geologia fakultateko irakasleak. "Uraren bideak ezagutu behar dira", gaineratu du. Hori ulertzea, ezinbestekoa da ur politikaren kudeaketa —gobernantza— egokia egin ahal izateko.

Antigüedadek dioenez, zikloan uraren funtzio garraiatzailea soilik hartzen da kontuan eta ez hark duen funtzio erregulatzailea —uraren bolumena—. Adibide gisa euriarekin gertatzen dena jartzen du. Izan ere, euria egiten duenean, lurralde guztian egiten du, ez soilik ibaien gainean. Ondorioz, parte bat ibaietara isuriko da zuzenean, baina bestea lurrean, zuhaitzetan, eta abarretatik xurgatuko da. Lehenengoa ur urdin bezala ezagutzen duguna da, eta besteari "ur berde" izena ematen diote. "Horregatik uraren lurraldeaz hitz egin behar da uraz hitz egiten dugunean".

Iñaki Antigüedad: "Ubide-ibai ikuspegia alde batera utzi eta eskala aldatu behar dugu. Kontuan hartu behar dugu, uraren kantitateaz eta kalitateaz gain, eskuragarritasuna espazio eta denboran"

Irakaslearen hitzetan, "ur berdea ez dago integratuta gure ur sistemetan". Izan ere, bi modu daude ur politika kudeatzeko. Bata, hiriko ur zikloetan zentratzen dena, azpiegitura sarearena, dimentsio bakarrekoa. Horixe da Antigüedaden ustez Ur Partzuergoak erabiltzen duena. Bestea, "benetan integrala", azpiegitura sareaz gain lurraldea ere kontuan hartzen duena. 3 dimentsiotako ikuspegia. "Ubide-ibai ikuspegia alde batera utzi eta eskala aldatu behar dugu. Kontuan hartu behar dugu, uraren kantitateaz eta kalitateaz gain, eskuragarritasuna espazio eta denboran".

Aitzitik, kudeaketa "izaera arautzailea duten erabaki multzoa" dela gogorarazi nahi izan du. Bestela esanda, kudeatzeak "erabilera baldintzatzea, mugatzea" esan nahi duela. Muga horietarako zenbait gako eman nahi izan ditu. Besteak beste, uraren kalitatea aldakorra dela erabileraren arabera, eta ur bakoitza erabilera desberdinetarako erabili daitekeela. "Horrek zirkulartasuna ahalbidetzen du".

Bestalde, ziurgabetasuna kudeatzeko neurriak badaude ere, soziopolitika falta dagoela uste du Antigüedadek. Eta iraunkortasun eta jasangarritasunean eskualdeek jokatu beharko luketen rola azpimarratu du.

3. Natura instrumentalizatu dugu

Eredu ekonomikoa, hazkunde esponentzialean oinarriturikoa, aldatu ezean, mende bukaerarako 2,7 graduko langa pasako du. Halaxe diote ikerketek, egun 1,5eko langa igaro dugula dioten horiek. Erregai fosilak —ikatza, gasa— dira inpaktuaren arrazoi nagusia, eta energia berriztagarrien igoera esponentziala izaten ari bada ere, horien erabilera besteekin alderatuta oso urruti dago eskalan. Hori gutxi balitz, berriztagarriak gehigarriak dira mix energetikoan, ez baita ordezkapenik ikusten. "Eta etorriko den ere ez dakigu".

Unai Pascual Garcia de Azilu: "Biodibertsitatearen krisiaren arrazoia da natura ez dugula baloratzen ez kuantitatiboki, ez kualitatiboki"

Datuok guztiak, eta balorazioa bera partekatu ditu Unai Pascual Garcia de Azilu B3Cko eta Ikerbaskeko ikertzaileak. "Ikuspegi lineala izaten jarraitzen dugu, atentzioa hazkuntza esponentzialean jartzen". Haren ustetan, arazoa naturaren balioan dago. "Biodibertsitatearen krisiaren arrazoia da natura ez dugula baloratzen ez kuantitatiboki, ez kualitatiboki". Bestela esanda, balio hitza "tranpatia" dela uste du, erabaki ekonomiko eta politikoetan oinarritzen baita askotan. Edozein kasutan, kapital naturalak %30 egin du behera azken hiru hamarkadatan.

Pascualek azaldutakoaren arabera, hiru balio bereizten dira testuinguruari lotuta: instrumentala, norberaren ongizatean efektua duena; intrinsekoa edo naturak berezko duena; eta harremanetarako balioa. Azken hori gakoa da ikertzailearentzat. "Ez diogu basoari jartzen balioa, baizik eta guk harekin dugun harremanari. Hori gabe ezin da ulertu". Aitzitik, ekonomiak 0 balio jartzen dio horri, ezin delako kuantifikatu edo BPGan txertatu. "Natura instrumentalizatzen ari gara konektibitatearen baitan".

4. Menua aldatu behar dugu

EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganbarak 19 urte beteko ditu urtarrilean. Hainbat helburu lantzen aritu dira urte hauetan guztietan: ekoizteko faktore banaketa, ahal bezain besteren artean banatu, eta oinarria diru publikoan izan. Baina helburu horiez harago, Iker Elosegi Onandia EHLGko koordinatzaileak dioenez, partekatzen duen balio nagusia da menua aldatu egin behar dela, bertan bertakoa ekoitzita. "Lurraldeko jendea elikatu nahi dugu".

5. Energia autosorkuntza

Energia autokontsumoaz harago, energia autosorkuntza da gakoa Energia Gara Nafarroa kooperatibarentzat, REAS ekonomia sozial eta solidarioko sarearen barnean dagoena. Mugimendua 2010ean sortu zen Gironan, eta boluntarioek bultzatzen dute bereziki, tokian tokiko taldeen bitartez. Nafarroako taldeko boluntario da Aritz Chocarro kooperatibakidea.

Hain zuen, erosketa kolektiboko prozesuak abiarazi dituzte, talde handiago batek prezioak negoziatu ahal izateko eta prezio hobeak lortzeko. Etxebizita unifamiliarretan ez ezik, bizilagun askoko eraikinetan ere mikrosorkuntza prozesua abiarazi dute, non ez den teilaturik behar; besterik gabe panel txikiak kokatzea. Horretarako material elektrikoaren tokiko banatzaileekin akordioak itxi dituzte, eta zailena izan da instalatuko duten enpresekin akordioa ixtea. Horrekin, norbere kontsumoarekiko hausnarketa sustatzeko asmoa ere badute.

6. Garraioa bada, multimodala?

Jennifer Lomas Azkonak garraio sektorea aztertu du bere Gradu Amaierako Lanean. Emaitza argia da: egungo garraioaren %95 errepide bitartez egiten da. Are gehiago, COVID-19aren krisialdiaren harira, enpresa guztiak jabetzen dira errepideko garraioaren jarduerak sortzen duen kutsaduraz. Garraioa behar izatekotan, garraio multimodala izan daiteke alternatiba, Lomasen hitzetan, nahiz eta teknologia berriek eskainitako aukerei esker enpresek isurketak minimizatzeko metodoak txertatu dituzten.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK