Euskal gastronomiaren inguruko afaria antolatu du Mahaia Kolektiboak Madrilen

Kolektiboko 12 sukaldari izan dira Espainiako hiriburuan, eta euren jatetxeetako azken berritasunak aurkeztu ahal izan dituzte

Argazkia: Eusko Jaurlaritza Argazkia: Eusko Jaurlaritza

Mahaia Kolektiboko 12 sukaldari Madrilen izan dira, eta euskal gastronomia ezagutarazteko afaria eskaini dute. Kolektiboak Euskal Herriko 21 sukaldari biltzen ditu, 2021ean eratu zen, euskal sukaldaritzaren alde lan egiteko. Hala, Madrilen izan dira Roberto Ruiz (HIKA), Pili Manterola (Iribar), Xabier Gorrotxategi (Casa Julián), Ismael Iglesias (Rita), Paolo Herranz (Elkano Txiki), Paul Arrillaga (Zazpi), Gorka Txapartegi (Alameda), Pablo Loureiro (Casa Urola), Jon Ayala (Laia), Gorka Rico (AMA), Enrique Fleischmann (Bailara) eta Juan Carlos Caro (Zelai Txiki) sukaldariak, eta euren jatetxeetako platerak aurkeztu ahal izan dituzte Madrileko Club Financiero Génova gastronomia gunean.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Orozek, Mantala Basque Gastronomyko Imanol Zubelzuk eta Mahaia kolektiboko kide Roberto Ruizek hitz egin dute ekitaldian, eta gastronomia ezagutzak eta esperientziak partekatzearen garrantzia nabarmendu dute.

Mahaia Kolektiboak Eusko Jaurlaritza eta Basque Culinary Centerren laguntza du, eta azken urteotan hainbat egitasmo antolatu dituzte. Besteak beste, urteroko Euskal Gastronomiaren Topaketa, Sutondoan liburuaren argitalpena, udako zenbait ikastaro eta sektorean biltzarrak egin dituzte.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK