Euskal Herrian lan osasunean atzera egiten ari garela salatu du LABek

Sindikatuak egindako kalkuluen arabera, lan istripuz 69 pertsona hil ziren 2022an eta laneko gaixotasunen ondoriozko heriotzak 276 inguru izan ziren

Garbiñe Aranburu eta Inko Iriarte, LABeko koordinatzaile orokorra eta Lan Osasuneko idazkaria | Argazkia: LAB Garbiñe Aranburu eta Inko Iriarte, LABeko koordinatzaile orokorra eta Lan Osasuneko idazkaria | Argazkia: LAB

“Lan osasun eskubidea egunero urratzen da, argazkia gordina da”, adierazi du Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak 2022ko lan istripuei buruz sindikatuak osatu duen txostena aurkeztu asmoz egin duten agerraldian. Egin dituzten kalkuluen arabera, 2022an 69 pertsona hil ziren lanean Euskal Herrian, eta laneko gaixotasunen ondoriozko heriotzak 276 inguru izan ziren.

“Egoera honek langileok bizi dugun krisi ekonomiko eta sozialarekin zein bizi baldintzen prekarizazioarekin lotura zuzena du”, azaldu du Aranburuk. Ezinbestekotzat jo ditu langileen ekarpena aintzat hartzea, lan istripuak zergatik gertatzen diren aztertzea eta laneko gaixotasunen arrazoietan arreta jartzea, lan osasun galera horiek ekiditea ez delako lehentasuntzat hartzen: “Langileon bizitzak beraien irabaziek baino balio txikiagoa du enpresarientzat”. Hala, prekarietatea mugatu eta prebentzio arloan inbertsioak egitearen premia azpimarratu du LAB sindikatuko koordinatzaile orokorrak. Era berean, iaz izandako istripu hilgarriak ekidin zitezkeela gaineratu du.

Langile gehien hiltzen diren sektoreak

LAB sindikatuko Lan Osasuneko idazkariak, Inko Iriartek, proportzioan basogintza sektoreak marka guztiak hausten dituela azpimarratu du. Bigarren postuan legoke eraikuntza arloa, 20 pertsona hil baitziren 2022an lanean ari zirela, gehienak altueratik erorita. Hala ere, datuak ikusita, basogintza eraikuntza baino “15 bider hilgarriagoa” dela azaldu du Iriartek. Hirugarren lekuan legoke industria, kolpeak zein harrapaketak baitira sektore honetako arrisku faktore nagusiak. Azkenik, laugarren postuan, garraioa legoke, 9 behargin hil baitziren iaz lan istripuz, horietatik 6 ez traumatikoak izan ziren. “Estresak, lan eredu sedentarioak, lanaldi luzeek eta, finean, bizitza osasuntsua eramatea eragozten duten lanak ere hil egiten du”, ohartarazi nahi izan du Lan Osasuneko idazkariak.

Bestalde, sindikatuak jakinarazi duenez, ezin izan dute laneko gaixotasunen eraginaren gaineko azterketa zehatzik egin, askotan eskatu badute ere, ez dagoelako halakoen erregistrorik. “Errealitatea ezkutatzeko asmo argia” ikusten dute horren atzean, eta salatu egin dute lantegiek ez dutela langile horiekiko ardurarik hartzen, ezta prebentzioa jorratzen ere.

LAB sindikatuaren ustez, patronala “legalki zigor gabe” sentitzeak ahalbidetzen du egungo egoera, baita instituzioen “utzikeriak” ere, azken hauek ez baitute dagokien ardura bereganatzen: “Ez dago Lan Ikuskari nahikorik, ez dago inolako neurririk zigortuak izan diren enpresekiko, ez dute patronala interpelatzen prebentzio neurriak har ditzan eskatuz”.

Egoeraren aurrean, lan osasunari lotutako arazoak ikusarazi eta salatzen jarraituko dutela gaineratu dute, mutualitateen hedapenaren aurkako eta osasun sistema publikoaren aldeko borrokan jarraitzearekin batera. “Prekarietatearen aurka borrokatu eta heriotzak zein gaixotasunak aztertzen jarraitzearen beharra” azpimarratu dute, eta Osalanera zein Nafarroako Osasun Publikoaren Institutura prebentzio plan eraginkorren proposamenak eramango dituztela adierazi dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK