
Urtea amaitu aurretik, Euskal Herriko 153 hiri eta herrietan Euskaraz barra-barra bereizgarria izango dela iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Saltoki zein askotariko dendetan euskararen erabilera sustatzea du helburu egitasmoak eta “euskaraz hitz egiteko espazioak identifikatu eta hiritarrei euskaraz lasaitasunez mintzatzeko bermea” segurtatu nahi da.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Nafarroako Euskarabideak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak bultzatutako egitasmoa da, eta kontsumitzaileak erdigunean jarri nahi izan dituzte. Bereizgarria izateak euskararen ulermena bermatu behar du gutxienez sustatzaileen arabera, baina, era berean, euskaraz hitz egiteko “gonbidapena” ere zabaldu nahi dute.
Ekimenak sektore pribatuan eragin nahi du batik bat; hiritarren hizkuntza eskubideak errespetatuz, euskal hiztunen “hizkuntza-estresa” murriztuz eta euskararen berpizterako kontzientzia indartuz.
Bereizgarria ezagutarazteko escape room ibiltaria antolatu dute hurrengo hilabeteetarako. Donostian, Elizondon, Laudion, Bermeon, Elgoibarren eta Balmasedan izango da escape rooma urrian, eta Errenterian, Gasteizen, Andoainen, Zumarragan, Portugaleten, Zornotzan eta Mungian aldiz, azaroan eta abenduan.