• EKONOMIA
  • Euskal Herriko itsas industriak %5 handitu zuen fakturazioa iaz

Euskal Herriko itsas industriak %5 handitu zuen fakturazioa iaz

Azken lau urteetan fakturazioa eta bezero zorroa handitu dute Euskal Herriko Itsas Foroko enpresa, itsasontzi eta ontziolek

Euskal Herriko Itsas Foroak urteko batzarra egin du gaur Bilbon | Argazkia: Euskal Herriko Itsas Foroa
Euskal Herriko Itsas Foroak urteko batzarra egin du gaur Bilbon | Argazkia: Euskal Herriko Itsas Foroa
2026ko ekainaren 18a - 15:32
Eg. 2026ko ekainaren 18a - 16:07

Euskal Herriko Itsas Foroak urteko batzar orokorra egin du gaur goizean Bilbon. Itsas eta arrantza sektoreko 90 ordezkari izan dira bertan, eta iazko kontu ekonomikoen berri eman dute. 2025ean, 3.460 milioi euroko fakturazioa izan zuten erakundea osatzen duten enpresek, iaz baino %5 gehiago. Hots, konpainia guztien %65k handitu zuen fakturazioa iaz. Halaber, aurten %61ek espero du 2025ean baino gehiago fakturatzea.

 

Bai fakturazioa, bai bezero zorroa laugarren urtez segidan handitu du itsas sektoreak, eta ordezkariek azaldu dute, nazioarteko testuinguru ezegonkorrean, euskal merkatua erreferentzia bilakatu dela Europan, bere industria nahiz berrikuntza gaitasun eta teknologiagatik.

Bilbo eta Pasaiako portuak dira sektorearen bi ardatz nagusiak, baina Euskal Herrian badira portu txikiagoak ere. Orotara 243 itsasontzik osatzen dute sarea, zeintzuek 600 milioi euroko fakturazioa izan zuten iaz, eta 2.850 enplegu sortu zituzten.

 

Horiei ontziolen azpisektorea gehitu behar zaio, zeinak 1.100 milioi euroko fakturazioa izan duen 2020 eta 2024 bitartean. Era berean, itsas digitalizazioan, kudeaketa energetikoan eta propultsio alternatiboan sortutako “teknologia poloari” esker, 3.456 milioi euroko fakturazioa erdietsi du foroak. Ekoizpen horren %70 esportatu egiten da, eta 14.000 lanpostu zuzen baino gehiago sortu ditu.

Sarai Blanc Euskal Herriko Itsas Foroaren zuzendariaren arabera, "nazioarteko ezegonkortasuna gorabehera, 2025eko datuek erakusten dute euskal itsas industria hazten ari dela eta datozen urteetan hazten jarraitzea espero duela, balio erantsi handiko sektoreen hazkundeak eta nazioarteko ingurumen-helburuek bultzatuta".

Bestalde, Andoitz Korta Jaurlaritzako Industria Sustatzeko sailburuordeak adierazi du sektoreari laguntzen jarraituko dutela, Industria Planaren bidez. "Dagoeneko berrikuntza, garapen teknologikoa eta nazioartekotzea babesten ari gara, trantsizio ekologikoa eta digitala bultzatuz, prestakuntza eta talentuaren sorkuntza indartuz, eta, era berean, industria sustraitzearen alde eta gure lurraldean aberastasuna eta enplegua sortzen duten proiektu estrategikoak finkatzearen alde lan egiten ari gara", nabarmendu du.