• EKONOMIA
  • Euskal Herriko itsas sektoreak 3.300 milioi eurotik gorako fakturazioa izan zuen iaz

Euskal Herriko itsas sektoreak 3.300 milioi eurotik gorako fakturazioa izan zuen iaz

Euskal Herriko Itsas Foroaren arabera, itsasontzien eskari globalean izandako gorakadak hornikuntza-katea indartu du, bereziki ekipo eta osagaien garapenean eta fabrikazioan espezializatuta dauden euskal enpresak

Urteko Batzarra egin zuten atzo Bilbon | Argazkia: EHIF
Urteko Batzarra egin zuten atzo Bilbon | Argazkia: EHIF
2025eko ekainaren 20a
Eg. 2025eko ekainaren 20a

Euskal Herriko Itsas Foroak (EHIF) Urteko Batzarra egin zuen atzo goizean Bilboko Euskalduna Jauregian. Bertan elkartu ziren euskal itsas industriako 120 bat ordezkari eta sektorearen inguruko azterketa egin zuten. Sektoreak 3.300 milioi eurotik gorako fakturazioarekin amaitu zuen 2024a.

 

Klusterreko bazkideen %80k baino gehiagok fakturazioa eta langile kopurua handitu edo beren horretan mantendu du azken urtean, eta 2025ean joera horri eustea espero du. Aitor Uriarte presidentearen esanetan, “ontzigintzaren eta itsas-fabrikazioaren Europako industriaren ahaleginek ontzi espezializatu eta konplexuak dituzte ardatz, baita Europako itsas ekonomiarentzat funtsezkoak diren ontzi eta itsasontziak ere, EBren barruko salgaien garraiorako edota Afrikako iparraldearekiko distantzia laburreko trafikorako erabiltzen diren merkantzia-ontziak kasu”.

EHIFko 160 bazkideen artean, itsas-industriaren balio-kate osoan parte hartzen duten 130 enpresa daude, gehienak ekipo, teknologia, ontzi eta egitura astunen garapenean eta fabrikazioan dihardutenak. Itsasontzien eskari globalean izandako gorakadak hornikuntza-katea indartu du, bereziki ekipo eta osagaien garapenean eta fabrikazioan espezializatuta dauden euskal enpresak. Konpainia horiek oso “posizionamendu ona” dute nazioarteko merkatuan, eta % 70 inguru esportatzen dute batez beste, elkartearen arabera.

 

“Itsas-sektorea hazkunde-garaian sartuta dago, eta industria produktu eta soluzio teknologiko berrien garapenean lan egiten ari da, ingurumen-trantsizioaren eta trantsizio digitalaren erronkatik aukera berriak ateratzeko. 2024an, sektoreak azken hamarkadako inbertsio orokorrik handiena lortu du itsasontzi berrien eraikuntzaren esparruan. Era berean, itsas-energien industriak sektorea trakzionatzen jarraitu du, eta azken hau irrikitan dago, Espainiako kostaldean parke flotagarriak garatzeko lehenengo enkanteen zain. Ziur gaude Espainiako kostaldean itsas-parke eolikoak garatzeak aukera handiak ekarriko dizkiola ontzingintzako zein itsas-sektoreko balio-katearen zati handi bati”, adierazi du Sarai Blanc klusterreko zuzendariak.

Euskal Herriko Itsas Foroak bezero zorroan zein fakturazioan hazteko itxaropenekin ekingo dio 2025aren bigarren seihilekoari. klusterrak nazioartekotzearen eta berrikuntzaren sustapena honako hauen mesedetan indartu nahi du: teknologia garbien garapena eta digitalizazioa, balio erantsi handiko merkatu-nitxoen inguruko espezializazioa eta nazioarte mailako aliantza estrategikoen bilaketa.