
Euskal Herriko Laborantza Ganbarak bere 17. urteurrena ospatuko du bihar Ainhiza Monjolosen ( Nafarroa Beherea). Ekitaldiz betetako besta eguna antotatu dute baina oroz gainetik, Mixel Berhocoirigoinen omenezko ekitaldi berezia izanen da. Bere engaiamenduaz oroitzeko denbora hartuko EHLGk, larunbat goizean.
Iaz zendu zen Michel Berhocoirigoin Euskal Herriko Laborantza Ganberako sortzailea. 1952an sortua Gamarten (Nafarroa Beherea), Euskal Herriko Laborantza Ganbarako lehendakaria izan zen bere sorrera, 2005ean, eta 2015 bitartean. EHLG abian jartzean Frantziako Estatuaren tokiko prefetak auzitara eraman zuen. Euskal Herriko Laborantza Ganbara izenak berak eta bere helburuek dagoeneko existitzen zen erakunde publiko bat ordezten zuela aditzera eman zezakeela salatu zuen prefetak. Paben kokatu eta departamentu osoa biltzen zuen Ganbara ofiziala " Chambre d’Agriculture – Pyrénees Atlantiques” , ordezkatzen zuela. 2008ko irailean Baionako prokuradoreak Berhocoirigoin auzipetzea erabaki zuen. 2009ko martxoak lehen aldiz errugabetuta atera zen eta 2010eko otsailean bigarren epaiketa batetik behin betiko errugabe.
2015ean kargua utzi zuenean EHLGko lehendakariaren karguak denbora asko eta bestelako gauzak egiteko ahala kendu zizkiola erran zuen Berhocoirigoinek. Alta, eman ere asko eman ziola erran zuen: “Gauzak egiteko anbizioa –zentzu onean– eta konbikzioa, berau eraikitzeko luzaz iharduki behar dela. Gure historiaren partaide xumeak gara, baina historia egiten ari gara. Oraino ez gara behar dugun heinera heldu, baina Ganbara bere tokia eta legitimitatea hartzen ari da". Kargua utzita Berhocoirigoinek EHLG eta Euskal Herriko bertze zenbait proiekturekin lotuta jarraitu zuen.
Biharko pestan omenezko ekitaldiaz gain usaiako bazkari herrikoia ere eginen dute. Arratsean kontzertuak izanen dira Bokale Brass Band, Kurtney Barnetx,Pelax,Fusible, Willis Drummond eta DJ Xa2 eta DJ BixtÜk taldeen eskutik.