Euskal zinema zorioneko dago

Pasa den astean, ikus-entzunezko industriari buruzko "Etorkizuna hemen da" jardunaldia antolatu zuen Elkargik, eta bertan izan ziren besteak beste, Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria eta Unai Iparragirre ETBko zuzendaria

Jose Luis Rebordinos, Sergio Ezama eta Unai Iparragirre | Argazkia: Elkargi Jose Luis Rebordinos, Sergio Ezama eta Unai Iparragirre | Argazkia: Elkargi

Pasa den larunbatean Goya sariak banatu ziren Valladoliden. Bertan euskal jatorria duten lan guztien artean 45 izendapen izan ziren. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Edonola, han gertatutakoa gertatuta ere, euskal ikus-entzunezko industria inoiz baino sendoago dagoela nabaria da. Horixe, aurreko astean zehar Elkargi finantza erakundeak antolatuta eta EITBren lankidetzarekin, euskal ikus-entzunezko industriarekin batera egindako ekitaldiaren hausnarketa nagusia.

EITBren Bilboko egoitzan 100 profesional bildu ziren sektoreari buruz hausnartzeko, “Etorkizuna hemen da” jardunaldi profesionalean. Besteak beste, sektoreak bizi duen egoeraz hitz egin zuten Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak, Sergio Ezama Netflixeko Talentu zuzendari globalak eta Unai Iparragirre ETBko zuzendariak, Elkargik gonbidatuta.

Urrezko aroa

Hemengo sormena eta ekoizpen-maila indarberrituta ageri dira, urtetan ereindakoari esker harrobia sendoa da eta, etorkizunari begira, hazkunde bidean gaude. “Talentuz beteriko belaunaldi baten aurrean gaude”, Rebordinosen hitzetan.

Bere esanetan, “urrezko sasoia bizi dugu, zinema komunitateak, zinemagileek eta ekoizleek hainbat urtez lan ona egin ondoren, baina baita EITBk, Zinemaldiak eta erakundeek ere”. Berebat, nazioartean duen proiekzioa nabarmendu zuen. “Euskal zinema nazioartekotu egin da bere kalitate eta sendotasunari esker, kanalen dibertsifikazioa aprobetxatuz audientzia global batera iritsita”.

Jose Luis Rebordinos: “Urrezko sasoia bizi dugu, zinema komunitateak, zinemagileek eta ekoizleek hainbat urtez lan ona egin ondoren, baina baita EITBk, Zinemaldiak eta erakundeek ere”

Nazioarteko begirada hain zuzen Sergio Ezama bilbotarrak eman zuen, bere aldetik, streaming plataformaren arrakasta globalaren gakoak aipatzerakoan. “Netflixen, mundua istorio handiekin entretenitu nahi dugu, eta kontsumitzaileei entretenimendua eskuratzeko eta gozatzeko modu berri bat eskaini". Era berean, bere helburua jendea inspiratzea dela adierazi zuen: “honek, erantzukizun-zentzua eta auto-diziplina” eskatzen ditu.

Hemen ekoiztutako produktuak ere aipatu zituen, “Intimidad” seriea edota “El hoyo” filma. Gaur egun, ingelesezkoak ez diren eta Netflixen proiektatu diren lan guztien artean, oraindik ere gehien ikusi diren TOP 10ean mantentzen den lana.

Unai Iparragirre ere bat etorri zen hausnarketarekin. “Gure ustez, urrats garrantzitsu bat emateko unea da, gure ekoizpena nazioartera zabaltzeko eta gure ekoizpen fisikoetara hobeto bidaiatzea ahalbidetuko duten nazioarteko aliantzak bilatuz”. Bere aburuz, EITB edota euskarazko primeran plataforma, aliatu ona da Netflix bezalako plataforma batentzat, ekarpen handiak egiten dituelako, eta ez delako konpetentzia.

Sergio Ezama: “Netflixen, mundua istorio handiekin entretenitu nahi dugu, eta kontsumitzaileei entretenimendua eskuratzeko eta gozatzeko modu berri bat eskaini"

Horri helduta EITBko zuzendari nagusia den Andoni Aldekoak bere ongi etorri hitzetan “audiovisual is digital” estrategia gogora ekarrita, berak zuzentzen duen taldearen deialdiak azpimarratu zituen. “Laguntzak eta baliabideak egonkortzea da garrantzitsuena. Enpresak baditugu, gehiago beharko dira eta handiagoak akaso”.

Elkargi, finantzazioa eta fiskalitatea

Batzuentzat arraro gerta zitekeen, Elkargi kultur sektorearekin batera ikustea. Garbi geratu da ordea, jardunaldiaren sustatzailea izanik, horren arrazoia. Enpresetatik jaio eta enpresentzat lan egiten dugun finantza erakundea gara, eta azken urteotan buru belarri gabiltza, ikus-entzunezko munduaren lengoaia ulertzeko. Apustu honek, bat egin du denboran fiskalitatearen pizgarri berriekin.

Orain gutxi ezagutu da, 2023an zehar, Bizkaian hartutako pizgarri fiskalen bideak irekitako ekarpen ekonomikoa. Ia 60 milioi euroko eragin positiboa izan baitu, lurraldean. 150 ekoizpena baino gehiago eta 1.000 filmaketa egun egin dira.

Bizkaian hasita, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru foru lurraldeek onartutako neurri fiskalak balioesteko asmoz, ikus-entzunezko industriari zerbitzu integral berri bat eskaintzen diogu. Orain arte emandako finantzaketari fiskalitatea gehitu behar diogu, finantzazio iturri gisa; bi kasuetan, Elkargiren bermearekin doa finantzatzen dugun dirua. Horrek murriztu egiten du film luzeak egiteko operazioaren arriskua, eta segurtasun juridiko eta finantzarioa eskaintzen diogu ekoizleei, erakargarriagoa egiten du inbertsiogileentzat, eta, beraz, proiektu berriak sortzea errazten du.

Orain arte emandako finantzaketari fiskalitatea gehitu behar diogu, finantzazio iturri gisa; bi kasuetan, Elkargiren bermearekin doa finantzatzen dugun dirua

Ibaia, EPE/APV edota Apika elkarteak ere izan dira jardunaldian. Denek baieztatu dute, zuzendu beharreko gauzak egon badaude ere, egungo norabidea oso interesgarria dela. Horren adibide, “20.000 erle espezie” filma dugu. Aurtengo Goya sarietan 15 izendapen izan dituena. Hemengo sormenaren erakusle eta, era berean, Elkargi finantzaziorekin bidelagun izan duen produkzioa.

Ekitaldiaren lerroburua hartuta “euskal ikus-entzunezko industria. Etorkizuna hemen dago” eta euskal zinema zorioneko dago.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK