Euskaliten euskara beti egon da presente; hasieratik izan dute bezeroekin eta gainerako interes-taldeekin euskaraz jarduteko joera, baina egia da urte luzez modu naturalean eta askotan inkontzientean egin dutela, planifikazio edo egituraketa handirik gabe. Horrek aurrerapenak ekarri bazituen ere, hutsuneak ere bazituen.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Urteekin, ordea, euskararen kudeaketa gero eta sistematikoagoa eta kontzienteagoa bihurtu dute. Gaur egun hizkuntza-politika definitua dute, hala nola, hizkuntza-irizpideak zehaztuta, adierazleak eta jarraipen-mekanismoak ezarrita, arduradun bat izendatuta eta beharrezko baliabideak jarrita. “Euskara gure kudeaketaren parte da, eta barneratuta dugu gure jardueretan presente egon behar duela”, adierazi du Galder Lasuenek, Euskaliteko proiektu arduradunak.
Testuingurua ere ez da erraza: gaur egun Euskalit osatzen duten 19 pertsonetatik sei ez dira gai euskaraz lan egiteko, eta horrek zenbait eremu baldintzatzen ditu. Hala ere, bilakaera nabarmena izan da; izan ere, 2000. urteko Euskaliteko zortzi laguneko taldetik bi euskaldun besterik ez ziren, eta 2009az geroztik kontratatu diren pertsona guztiak euskaldunak izan dira. “Ez dugu uste helmugara iritsi garenik. Oraindik badugu zer hobetu, baina badakigu zeintzuk diren erronkak, zer hobetu behar dugun eta aurrera egiten jarraitzeko beharrezko baliabideak eta konpromisoak martxan ditugu. Hori da, hain zuzen ere, gure ustez aurrerapenaren gakoa”, aldarrikatu du Ainhoa Egañak, industriako ingeniari teknikoak.
Euskararen esanahia enpresan
Euskaliten zerbitzu egokia emateko beharrezkoa da euskara. Haien bezero askok euskaraz komunikatu nahi dute Euskalitekin. Bezeroari bere hizkuntzan erantzuteko aukera emateak balioa sortzen du, eta badakite hori ez egiteak kalteak eragiten dizkiola erakundeari.
Ainhoa Egaña: "Oraindik badugu zer hobetu, baina badakigu zeintzuk diren erronkak"
Bestalde, koherentzia kontua ere bada (haien balioetako bat da koherentzia). Erakundeei pertsonak, bezeroak edo gizartea erdigunean jartzea gomendatzen badiete, haiek ere haien jardunean horixe bera islatu behar dute. “Euskal gizartean bi hizkuntza ofizial ditugu, eta biek izan behar dute lekua gure egunerokoan”, gehitu du Egañak.
Bikain ziurtagiria
Bikain ziurtagiria lortu zuten 2013an, eta 2023an berretsi zuten, oinarrizko mailan. “Guretzat Bikain ziurtagiria garrantzitsua izan da lehen aipatutako balioagatik (koherentziagatik), eta beste hainbat arrazoiengatik”, esan du Lasuenek. Esate baterako, barrura begira, baliogarria izan zaie euskara garrantzitsua dela argi uzteko eta guzti-guztiek egindako lana aitortzeko, hobetzeko asko dituztela identifikatzeko, baina baita bide onetik doazela ikusteko ere; eta kanpora begira, haiekin harremana duten erakunde publikoek, bezeroek, hornitzaileek eta aliatuek argi izateko euskara kudeatzen dutela eta garrantzia ematen diotela.
Baina aintzatespen horiek egindako lanaren ondorio dira. Gaur egun, urtero euskara plan bat diseinatzen eta aurrera eramaten dute, barrura zein kanpora begira, pixkanaka euskararen presentzia eta erabilera hobetzen joateko asmoz.
Lasuenen eta Egañaren ustez, erakundeek balioa sortu behar dute gizartearentzat; euskararen alde egiteak herritarren hizkuntza eskubideei erantzuten die, eta aldi berean erakundea ingurunearekin koherenteagoa bihurtzen du. Gainera, euskara lan-hizkuntza izatea pertsonak erakartzeko eta atxikitzeko faktoreetako bat da. Beraz, argi dute horrek guztiak erakundearen lehiakortasunean eragin positiboa duela.
Galder Lasuen: "Identitatearen adierazgarri izateaz gain, harremanak eraikitzeko eta balioa sortzeko tresna garrantzitsua ere bada euskara”
Euskararen presentzia
Indeusek erakusten du euskara industrian presente dagoela, posible dela euskarari lekua egitea, eta euskara lan-hizkuntza ere izatea. Euskaliti, Indeusen egoteak aukera ematen dio enpresen munduan euskararen presentzia indartzeko ahalegin kolektibo baten parte izateko. “Guk oso argi dugu hizkuntzen kudeaketan ere elkarlanak emaitza hobeak ematen dituela. Beste erakunde batzuen esperientzietatik ikasten dugu, eta gurea ere partekatzen dugu”, adierazi du Egañak.
Gainera, euskara ohiko hizkuntza da bezero eta aliatu askorekin duten harremanetan. Horrek komunikazioa errazten du, eta gertutasuna eta konfiantza sendotzen laguntzen die. Barne-mailan ere gero eta gehiago erabiltzen dute, eta gaur egun garatzen dituzten dokumentu, euskarri eta komunikazioetan euskara modu naturalean txertatzen dute; hala, pixkanaka eguneroko lan-dinamiketan presentzia handiagoa hartzen ari da, euskara haien lanaren parte bihurtuta. “Guretzat, identitatearen adierazgarri izateaz gain, harremanak eraikitzeko eta balioa sortzeko tresna garrantzitsua ere bada euskara”, baieztatu du Lasuenek.
Euskara bultzatzeko dinamika desberdinak
Euskaliten hizkuntzen kudeaketa kudeaketa aurreratuaren parte dela uste dute. Erakunde batek bezeroekin, langileekin eta gainerako interes-taldeekin duen harremana hobeto kudeatzen du hizkuntzak ere modu egokian kudeatzen dituenean.
Horregatik, euskararen kudeaketa erakundearen sisteman txertatzea sustatzen dute, eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin batera, hizkuntzen kudeaketa praktika onak zabaltzen dituzte haien web bilatzailearen bitartez, prestakuntza eta sentsibilizazio jarduerak eskaintzen dituzte, enpresak eta erakundeak Harrobi eta Bikain aitortzak lortzera animatzen dituzte, eta aurten Eusko Jaurlaritzaren LANera Enpresa Sarea proiektuan ari dira, enpresetan euskararen erabileran jauzi kualitatiboa lortzeko.
Erronkarik handiena hizkuntza-gaitasunean dute, eta hortaz, ekintza desberdinak martxan jartzeko beharra ikusten dute
Etorkizunera begira, Lasuen eta Egañaren arabera, euskararen erabilera areagotzen jarraitu nahi dute, barrura zein kanpora begira. Erronkarik handiena hizkuntza-gaitasunean dute, eta hortaz, ekintza desberdinak martxan jartzeko beharra ikusten dute, trebakuntzaren bidez, erabilera bultzatuz eta praktikatzeko beldurrak uxatuz.
Era berean, haien ekitaldi publikoetan euskararen presentzia are gehiago indartu nahi dute, eta gero eta erakunde gehiagori lagundu nahi diete hizkuntzen kudeaketa beren kudeaketa-sisteman txertatzen. Laburbilduz, orain arte egindako bidea sendotu eta euskara hurrengo mailara eramatea da erronka.