Etorkizunera begira jarriko dira bihar Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean, Zamudion, Euskalitek eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak antolatutako ekitaldian. Izan ere, enpresei zuzendutako lan-saioa antolatu dute, zeinak honako izenburu hau izango duen: Etorkizuneko hizkuntza kudeaketa eraikitzen. Euskal enpresa 2035ean.
Jardunaldiak ordubeteko iraupena izango du, goizeko 09:30ean hasita. Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko teknikaria den Usue Lorenz, Iñaki Martinez de Luna soziologoa eta Garbiñe Manterola BRTAko Ezagutzaren transferentziaren zuzendaria izango dira ekitaldiko protagonistak, Nerea Reparazek moderatuko duen mahai-inguruan parte hartuko baitute.
Laukoteak 2035 urteari begirako prospekzioa egingo du, hizkuntza kudeaketari eragiten dioten aldagaiei erreparatuta. Hala, enpresetako hizkuntzen kudeaketa aztertuko dute, eta “soziodemografiatik, soziolinguistikatik eta teknologiatik” helduko diote gaiari.