
Bigarren urtez, Euskara eta Digitalitatea graduondokoa (18 ECTS) eskainiko du UEU Udako Euskal Unibertsitateak, eta egun batzuk besterik ez dira gelditzen izena emateko. Ikastaroak fokua jartzen du euskarak ingurune digitalean duen presentzian, helburu izanik testuinguru horretan euskara sustatuko duten adituak eta arituak formatzea.
“Euskarari indarra emateko ingurune digitala ere aintzat hartu behar dela da gure abiapuntua, eta horri buruzko kontzientzia piztea eta elkarlanean estrategiak sortzea nahi genuke”, azaldu du Uxoa Iñurrieta graduondokoaren arduradunak. Titulua egiteko lau arrazoi eman ditu UEUk: teknologia digitalen goraldiak euskarari nola eragiten dion ulertzeko gakoak eskaintzen ditu, tresna eta baliabide praktikoak aurkezten ditu, euskararen sustapenean eragiteko estrategiak proposatzen ditu eta alorreko adituekin harremanetan jartzeko aukera ematen du.
Ikastaroa online egingo da, graduondo hasieran eta amaieran ekitaldi presentziala egingo den arren. Hala, urritik apirilera bitartean (zazpi hilabetez), asteazken goizetan jasoko dute ikasleek ikasgaia, eta astebeteko epea izango dute materialak lantzeko eta jarduerak egiteko, bakoitzak bere erritmoan. “Jakina, behar duten guztietan irakaslearen laguntza eta gidaritza izango dute”, gaineratu du Iñurrietak. Irakasle gisa arituko dira, besteak beste, Elhuyarreko kideak, Badalabekoak, Euskal Wikilarien Kultur Elkartekoak, NOR ikerketa taldekoak eta Hitz zentrokoak.
Iñurrietak interesa duen edonori parte hartzera animatzeko deia egin dio; “Iazko edizioa zoragarri izan zen, eta gustura gelditu ginen bai ikasle eta bai irakasleok”, baieztatu du.
Dirulaguntzak
Graduondokoaren prezioa 990 eurokoa da, baina badaude matrikula egitean dirulaguntzak eskuratzeko aukerak ere.
Alde batetik, UEUtik jakinarazi dute 2.000 euroko diru-poltsa izango dela matrikula ordaintzeko laguntza behar duten ikasleen artean banatzeko, hau da, 200 euro inguru ikasleko. Beste alde batetik, ikasketak laneko prestakuntza gisa hartuz gero, FUNDAE programak ikastaroa osorik finantzatzeko aukera izango da.
2023/2024 edo 2024/2025 ikasturteetan graduatu direnek ere izango dute laguntza berezia eskatzeko aukera: UEUk lau laguntza oso emango ditu, eta esleipena espediente akademikoaren arabera egingo da (irailaren 29an amaituko da laguntza eskatzeko epea). Eta, azkenik, hala nahiago duenak matrikula bi zatitan ordaindu ahal izango du: urrian matrikularen %60 eta urtarrilean %40.