Zein egitasmo daude euskara eremu sozioekonomikoan sustatzeko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan? Galdera hori erantzuteko asmoz abiatu zuen Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailak Lanera izeneko proiektuaren entzute fasea. 21 eskualde eta hiru hiriburuak bisitatuta, 300 ordezkari baino gehiagorekin bildu dira saileko ordezkariak, eta gaur saio horietatik eskuratutako informazio guztiarekin egindako diagnostikoaren emaitzak partekatu dituzte 125 eragilerekin, udal, garapen agentzia zeinbestelako esparru publikoetatik etorritakoak.
Entzute fase "sakon, zabal eta anitzaren" ostean, Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak aurkeztu ditu diagnostikoaren emaitzak, "lurraldeetan bertan sortutako prozesuak abiapuntu" izan dituena. Nagusiki bost ondorio biltzen ditu. Lehena euskararen alde egindako lana “handia” izan dela, baina oso modu “sakabanatuan”. “Arazoa ez da jarduera eza, baizik eta bakoitzak bere kabuz eta ahal duenetik egin izana", esan du Bengoetxeak, diagnostikoko emaitzak abiapuntu.
Bigarren ondorioa da udalen artean aldeak daudela baliabideei dagokienez, eta udal txikiek bereziki laguntza behar dutela denbora eskaini ahal izateko gaiari.

Diagnostikoko hirugarren ondorioa da formula berdinek ez dutela balio sektore guztientzat. Sektore bakoitzaren berezitasun eta beharrizanak aintzat hartzea ezinbestekoa da. Alegia, kontua ez da soilik eremu bakoitzeko errealitate linguistikoei erreparatzea, baizik eta industriaren erronkak errotazioarekin eta lan kargarekin zerikusia izan dezakeela ikustea, merkataritzarenak bezeroei egiten zaien arretarekin edo ostalaritzaren kasuan profil aniztasunarekin edota ordutegiekin. "Kontua da eredu onak eskalatzea".
Diagnostikoan jasotzen da, halaber, logotipo eta egitasmoen “saturazioa” antzeman dela, eta horrek "zaildu" egiten duela apustu bateratua egin eta iniziatiba batekin aurrera egitea. Era berean, zalantzak sortu ahal dizkie hartzaileei. Horrek mahai gainean jarri du irudi bakar bat izateko beharra. Diagnostikoko azken elementua da euskara balio erantsiko elementu gisa identifikatzen dela "geroz eta gehiago", eta "ez oztopo bezala". Besteak beste, identitate elementutzat jotzen dela bildu du diagnostikoak.
Esperientziak mahai gainean
Diagnostikoaren aurkezpenaren ostean, hainbat udal, kuadrilla, mankomunitate eta garapen agentzietako ordezkarien esperientziak eta hausnarketak entzuteko tartea ere izan da. Enpresetara heltzeko bideez hausnartuta, Alazne Txurruka Debako Alkateak mahaigaineratu du enpresen lehen helburua aurrera egitea dela. "Eta horretan, ez dugu bilatu behar enpresak guk ditugun egitasmoetara erakartzea". Bideak alderantzizkoa izan behar du Txurrukaren ustez: "beharretara egokitutako laguntza eman behar dugu". Horrek ez du esan nahi abiapuntua 0 izan behar duenik, baizik eta lehendik dagoena ere aintzat hartzea gako da bere iritziz. Mezu argi bat ere helarazteko beharra ikusten du: euskara ez dela gastu bat, inbertsioa baizik, itzulkina duena.
Mezu bera azpimarratu du Martin Aramendi Ataungo Alkatea eta UEMAko presidenteak txertatu ez dutenei helarazi beharreko mezuaz galdetzean. Gainera, eskutik joatearen indarra azpimarratu du. "Ez da gauza bera herri bat bakarrik joatea, edo hainbat herri eskutik". Zentzu horretan, Jaurlaritzako Industria sailaren eskutik joateak suposatu dezakeen ekarpena mahai gainean jarri du. Nabarmentzekoa baita Industria planean txertatu dela euskara eremu sozioekonomikoan lantzeko ildoa.
Diagnostikoaren aurkezpenaren ostean, hainbat udal, kuadrilla, mankomunitate eta garapen agentzietako ordezkarien esperientziak eta hausnarketak entzuteko tartea ere izan da
Industriaz harago, bestelako esparru sozioekonomikoetan euskarak izan dezakeen rolaz ere hitz egin dute parte hartzaileek, kasu honetan Juan Carlos Medina Gesaltza Añanako Alkateak. "Duela 35-40 urte euskarak ikastoletatik haragoko gainontzeko ikastetxeetara salto egin zuenean aurrerapauso nabaria eman zen. Egun 20 urtetik beherakoen ia %100ek daki euskara Añanako kuadrillan", esan du. Aldi berean, euren kasuan turismoak izan duen garapenean euskarazko paisaia ere zaintzeko lana nabaria izan dela esan du Medinak.
Xabi Perez Goieki Garapen Agentziako industria arduradunak eta Josu Larrañaga Txorierriko mankomunitateko teknikariak, azkenik, txanpon berdinaren bi aldeak erakutsi dituzte: lehenak, nola industria edota merkataritza mahaietatik gakoa den berrikuntza edota talentua lantzen den bezala euskarak duen balioa aintzat hartzea; bigarrenak, berriz, arduradun politikoen eskutik joatea gako dela, horregatik bakarrik inplikazioa lortzea errazagoa izan daitekeelako. "Aktibazio soziala klabea da".
Ibone Bengoetxea: "Lanera ez da dokumentu edo kanpaina bat; prozesu partekatua da, euskarak lan-munduan, egunerokoan eta jarduera ekonomikoan toki naturala izan dezan"
BECen aurkezturikoa, baina, ez da izan diagnostiko itxi bat. Are gehiago, bilera horietatik lorturiko emaitzak bertaratutakoen artean lantzeko baliatu dute saioaren bigarren partea. "Aurkeztutakoa abiapuntua izatea nahi dugu", nabarmendu du Bengoetxeak. Taldetan antolatuta, diagnostikoari egiten zaizkion ekarpenak Laneraren hurrengo fasea diseinatzeko aintzat hartzea da helburua, Bengoetxeak adierazitakoaren arabera. "Lanera ez da dokumentu edo kanpaina bat; prozesu partekatua da, euskarak lan-munduan, egunerokoan eta jarduera ekonomikoan toki naturala izan dezan".