
Ireki da Euskaragileak Topaketan izena emateko epea. Euskaragileak batzordeak, Bai Euskarari Elkarteak kudeatuta, Cikautxon (Berriatua, Bizkaia) antolatu du jardunaldia, urriaren 9an, goizeko 09:00etatik 11:00etara bitartean. Ekimenak helburu du enpresetako euskararen kudeaketari buruz hausnartzea, eta, horregatik, adibide “praktiko eta inspiratzaileak” aurkezten dira. Edizio berrian, euskara lanean txertatzeko praktika on gisa lau adibide erakutsiko dira: Tazebaez proiektua, Bruss konpainia, Lantegi batuak fundazioa eta Traola Produkzioak. Bide batez, Cikautxora bisita ere egingo dute parte hartzaileek.
2015ean jaio zen Euskaragileak proiektua, xede izanik “euskaraz saldu eta lan egin nahi duten enpresen sarea indartzea eta beren ereduak ezagutzera ematea”. Hala, Euskal Herriko zenbait enpresek osatzen dute enpresen batzordea: Cikautxok, Batzek, Danobatgroupek, Eikak, Irizarrek, Mondragon Korporazioak eta Fagor Taldeak, besteak beste.