
Azaroaren 26 eta 27an Donostiako Kursaal Kongresu Jauregian egingo da Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy izeneko kongresua. Euskara bezalako hizkuntza gutxituek tokiko ekonomiari egiten dioten ekarpena izango dute bertan aztergai, eta gaur egin dute topaketaren aurkezpena.
Irune Berasaluzek, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak, Lohitzune Txarolak, Langune, Euskal Herriko hizkuntza industria elkarteko zuzendariak eta Gösta Toftek, Union of European Nationalities (FUEN) elkarteko lehendakariordeak izan dira gaurko aurkezpenean.
Hizkuntzen Irabazia, urtero FUENek antolatzen duen Forum of the Minority Regions jardunaldien baitan kokatuta dago. 2016tik, foroa Hego Tirolean, Bruselan, Postdamen, Helsinkin eta Galwayn egin da, hizkuntza gutxituen eskubideen defentsaren eta sustapenaren gainean mintzatzeko.
Berasaluzek azaldu du "gure inguruan, Europan eta munduan, badirela hizkuntza komunitateak antzeko desafioak eta egoerak bizi dituztenak“, eta uste du kongresua aukera ona dela, "gainontzeko hizkuntza komunitateetatik ikasteko eta Euskal Herriko eragile, elkarte eta erakundeek egiten ari diren berrikuntza ahalegina partekatzeko”.
Euskal Herriko zein Europako 30 hizlaritik gora bilduko dira Kursaalen, eta 15 hizkuntza gutxituren egoera eta errealitatea ezagutzeko aukera egongo da. “Foroak euskarak hizkuntza teknologia berrietan atzean gera ez dadin egin dituen aurrerapausoak erakutsiko ditu eta Europako beste hizkuntza gutxituek, zer eta nola egiten duten ezagutzeko aukera egongo da”, azaldu du Txarolak.