
Euskaraldia, euskararen erabilera areagotzeko ariketa sozialaren laugarren edizioa martxan da. Maiatzaren 15ean hasi zen egitasmoa eta datorren igandean amaituko da. Aurreko edizioen gisan, aurten ere entitateek parte hartzeko aukera izan dute. Belarriprest eta Ahobizi rolak hartu ahal izan dituzte enpresa nahiz erakundeetako kideek eta Euskaraldiak eskura jarri dizkie euskararen erabilera sustatzeko prestakuntza eta baliabideak.
Ariketan parte hartzen ari direla ikusgarri egitekoa gomendioa ere ematen du Euskaraldiak, espazioak apainduz edota txapak banatuz.
Horrez gain, euskararen erabileran aurrerapauso gehiago emateko aukera ematen du ariketa sozial honek. Ariguneak sortzea, esaterako, hots, “zure entitatean euskaraz lasai aritzeko guneak sortu”. Halaber, komunikazioak euskaraz egitea animatzen du Euskaraldiak, baita euskararen presentzia indartzeko hizkuntza harrera planak, barne politikak eta bestelako neurriak hartzea.