• EKONOMIA
  • Eusko Ganberaren ustez %2,0 handituko da 2026an EAEko ekonomia

Eusko Ganberaren ustez %2,0 handituko da 2026an EAEko ekonomia

Bilboko Ganberak hartuko du erakundearen presidentetza

Argazkia: Eusko Ganberak
Argazkia: Eusko Ganberak
2025eko abenduaren 15a - 13:45
Eg. 2025eko abenduaren 16a - 09:11

Urtea amaitzeko bi aste soilik falta direnean, erakundeek urteko balorazioa eta hurrengo urteko aurreikuspenak argitaratu ohi dituzte. Gaur, horixe bera egin du Eusko Ganberakek, Araba, Bilbo eta Gipuzkoako Ganberen arteko aliantzak. Izan ere, 2026ko Enpresa Perspektiben Azterketaren emaitzak aurkeztu ditu erakundeak, non jasotzen diren EAEko 730 enpresen datorren urteari buruzko iritzi eta aurreikuspenak.

 

Azterlanaren arabera eta barne-salmentei dagokionez, %27,2k adierazi du barne-salmentak handituko direla, eta %17,4k jaitsi egingo direla. “Soldata errealen hazkundeak etxeen erosteko ahalmena berreskuratzen laguntzen du, eta, hortaz, barne-eskaria indartzen da”, azaldu dute Eusko Ganberatik. Kanpo-salmentek aurreikuspen hobeak erakutsi dituzte: %31,6k uste du gora egingo dutela, eta %18,9k esan du jaitsiera aurreikusten duela; energiaren prezioa txikitzeak, inportazioen kostuak murrizteak eta euroaren sendotasunak eragina izan du zenbateko horietan.

Enplegua nahiko egonkor mantenduko da: %82,4k plantilla mantenduko dela esan du; aldiz, %8,3k gutxiago izango direla uste du. Inbertsioek ere egonkortasuna izango dute, nahiz eta enpresek “zuhurtziaz” jokatu beharko duten, “ziurgabetasun geopolitikoak eta baldintza ekonomiko, politiko eta arautzaileei buruzko aurreikuspen negatiboek eraginda”. Hain zuzen, Eusko Ganberak azaldu du %57,9k uste duela testuinguru ekonomiko orokorra berdin mantenduko dela, baina %28,6k okerrera egingo duela pentsatzen dute.

 

Azkenik, azterlanaren arabera lan-kostuak dira “enpresen jarduera baldintzatuko duen faktore garrantzitsuena, langile kualifikatuen eskasiak eta erregulazio-kargek jarraituta.

Datu guztiak eta beste hainbat kontuan izanik, Eusko Ganberak iragarri du 2026ko BPGdak %2,0 inguruko aurrerapena izango duela.

Presidentetza aldaketa

Eusko Ganberak iragarri duenez, aldaketa izango da erakundeko presidentetzan: Bilboko Ganberak ordezkatuko du Arabako Ganbera. Bi urtean behin aldatzen da ordezkaria, eta 2024-2025 urteetan Araba protagonista izan ondoren, Bilbokoak hartuko du lekukoa, Jose Ignacio Zudaire buru izanik.

Gregorio Rojo (Araba), Mauricio Arregui Aulestiarte (Gipuzkoa) eta José Ignacio Zudaire (Bilbo), ezkerretik eskuinera | Argazkia: Eusko Ganberak
Gregorio Rojo (Araba), José Ignacio Zudaire (Bilbo) eta Mauricio Arregui Aulestiarte (Gipuzkoa), ezkerretik eskuinera | Argazkia: Eusko Ganberak