• EKONOMIA
  • Eusko Jaurlaritzak 17.629 milioi euroko aurrekontua proposatu du 2027rako

Eusko Jaurlaritzak 17.629 milioi euroko aurrekontua proposatu du 2027rako

Aurrekontuak %7,6 handituko dira, eta osasuna, hezkuntza eta etxebizitza izango dira ardatz nagusietako batzuk

Nöel D'Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburua | Argazkia: Irekia
Nöel D'Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburua | Argazkia: Irekia
2026ko urriaren 27a - 14:15

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak 2027ko aurrekontu proiektua onartu du, 17.629 milioi euroko gastua aurreikusita. Kopuru hori aurtengoa baino %7,6 handiagoa da. Gobernuak "zerbitzu publikoak indartzeko, herritarren kezka nagusiei erantzuteko eta datozen urteetako erronka ekonomikoei, sozialei eta demografikoei bermez aurre egiteko" baliabideak handitu nahi ditu hala, eta osasunak eta hezkuntzak aurrekontu osoaren %56 hartuko dute.

 

Inbertsio publikorako baliabide propioak %7,9 handituko dira, 1.865 milioi euroraino, eta ikerketa, garapen eta berrikuntzara 772 milioi euro bideratuko dituzte. Jaurlaritzaren asmoa da, besteak beste, enpresen lehiakortasuna, digitalizazioa eta energia-trantsizioa bultzatzea. Herritarren kezken artean dauden etxebizitza eskuratzea, gazteen emantzipazioa, segurtasuna eta familiei laguntzea ere aurrekontuen lehentasunen artean kokatu ditu.

Ongizatearekin lotutako politiketara 13.122 milioi euro bideratuko dituzte, eta 1.886 milioi euro mobilizatuko dituzte, bereziki gazteei eta familiei zuzendutako neurrietarako. Kopuru horren barruan sartzen dira, hala nola haurren zaintzarako, familia eta lana uztartzeko, emantzipaziorako, etxebizitzarako eta gizarte-arretarako programak. Finantzaketari dagokionez, foru-aldundien ekarpenak izango dira diru-sarreren iturri nagusia: 15.125 milioi euro ematea aurreikusi dute, aurreko urtean baino %6,9 gehiago.

 

Osasuna eta hezkuntza, aurrekontuaren zatirik handiena

Osasun Sailak 5.724,3 milioi euro izango ditu, aurten baino %7,4 gehiago. Besteak beste, prebentzio-programak eta diagnostiko goiztiarra indartzea, Osakidetzaren modernizazioa eta azpiegiturak hobetzea aurreikusi dute. Osasun Publikoak 61,1 milioi euro jasoko ditu, eta 5.425 lanpostu egonkortzea ere aurreikusten dute osasun-sektore publikoan.

Bestetik, Hezkuntzaren aurrekontua %13,3 handituko da, 3.792,5 milioi eurora iritsi arte. Inklusio-politiketarako 300 milioi euro baino gehiago gordeko dituzte, eta eskola-garraiorako eta jantokietarako 139,5 milioi. Hezkuntza Eraiki 2030 azpiegitura-programak 145 milioi euro izango ditu, eta HeziGiro plan berriak 12,5 milioi euro jasoko ditu ikasgeletako klima-kontrola hobetzeko.

Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak, berriz, 504,1 milioi euro izango ditu, 2026an baino %4,5 gehiago. Etxebizitza berriak sustatzeko hainbat ekimen aurreikusi dituzte: Visesak 1.495 etxebizitza berri abiaraziko ditu, eta sailak berak beste 279 etxebizitza eta ostatu-unitate garatuko ditu. Horrez gain, 83 milioi euro bideratuko dituzte etxebizitza-laguntzetara, 30 milioi Gaztelagun programara eta 20 milioi Gizarte Etxebizitza Funtsa abiaraztera.

Industria, mugikortasuna eta berrikuntza

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak 1.338,1 milioi euro izango ditu, enpleguaren kalitatea hobetzeko, lan-merkatuan aukera-berdintasuna sustatzeko eta talde zaurgarrien laneratzea bultzatzeko. Industria, Energia Trantsizio eta Jasangarritasun Sailaren aurrekontua, ordea, 676,1 milioi eurokoa izango da, eta enpresen lehiakortasuna, digitalizazioa eta deskarbonizazioa sustatzera bideratuko dute.

Mugikortasun Jasangarriaren Sailak izango du igoerarik handiena: aurrekontua %19,5 haziko da, 695 milioi euroraino. Metroaren bosgarren linearako 70 milioi euro aurreikusi dituzte, eta Gasteizko tranbia Zabalganara luzatzeko 21,4 milioi. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak 698,8 milioi euro izango ditu, %7 gehiago; horien artean, 17 milioi euro bideratuko dituzte Faros de Innovación programara eta 23 milioi ikertzaileen prestakuntzara eta garapen profesionalera.

Beste sail batzuen artean, Segurtasunak 896,2 milioi euro izango ditu (%5,4 gehiago), Kultura eta Hizkuntza Politikak 442,8 milioi (%7 gehiago) eta Justizia eta Giza Eskubideek 397,7 milioi (%7,7 gehiago). Gizarte Ongizatea, Gazteria eta Demografia Erronkaren Sailak, aldiz, 344,2 milioi euro izango ditu, %0,3 gehiago. Haur-laguntzetarako eta kontziliaziorako 160,9 milioi euro, Emantzipa programarako 26,7 milioi eta larrialdietarako gizarte-laguntzetarako 41 milioi euro baino gehiago aurreikusi dituzte.

Legebiltzarreko negoziazioa, hurrengo urratsa

Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak alderdi politikoei akordioak lortzeko eskatu die, zerbitzu publikoak, lehiakortasuna eta gizarte-kohesioa indartzeko. Aurrekontuak Eusko Legebiltzarrean erregistratuko dituzte urriaren 28an (bihar), eta sailburuek azaroaren 2tik 4ra azalduko dituzte beren sailetako kontuak. Ondoren, talde politikoekin negoziazioak egingo dituzte, aurrekontuek behar duten babesa lortzeko. Jaurlaritzaren egutegiaren arabera, abenduaren 21ean behin betiko aurrekontua onartzea da helburua.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain