
Eusko Jaurlaritzak eta bederatzi finantza erakundek hitzarmena sinatu dute gaur, 1.000 milioi euro bideratzeko Finantzen Euskal Institutura. Hala iragarri du gaur Imanol Pradales lehendakariak Bilboko Burtsaren egoitzan egin den finantza-tresna publiko eta pribatu berriak aktibatzeko euskal aliantzaren aurkezpenean.
Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak (BGAE), BBVAk, Laboral Kutxak, Kutxabankek, Kutxa Fundazioak, Vitalek, BBKk, BasqueFikek eta Elkargik Jaurlaritzarekin osatutako aliantzak helburu du EAEko ekonomia “eraldatzea”, batik bat, industria, teknologia, zientzia eta energiaren alorrari dagokionez.
Aurkezpenean adierazi dutenez, inbertsioak ahalbidetuko du, batetik, enpresak EAEn errotzea; bestetik, enpresen hazkunderako aukerak baliatzea, inbertsio-, handitze-, edota eskuratze-eragiketak eginda; eta, gainera, kanpoko kapitala erakarriko duela azpimarratu dute.
Horretarako, Pradalesek azaldu du gaur bertan jarri dituztela martxan tramiteak, 2025eko aurrekontuak aldatzeko lege-proiektua onartu eta Eusko Legebiltzarrera bidaltzeko, eta, hala, epe luzera 1.000 milioi euroko zorpetzea handitzea baimentzeko. Inbertsio publiko horrekin lortu nahi dena da, gutxienez, beste 3.000 milioiko kapitala eta aurrezki pribatua mobilizatzea, 4.000 milioi eurotara iritsita.
Lehendakariak gaineratu du, gaur iragarritakoaz gain, Eusko Jaurlaritzak beste zenbait ekimen ere gauzatuko dituela.