Eusko Jaurlaritzak gaur egun duen alokairuzko bizitokien parkea hirukoizteko asmoa iragarri du, eraikin publikoen gainean etxebizitza berriak eraikitzeko estrategiari esker. Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak Eusko Legebiltzarrean azaldu duenez, ekimenak 65 eraikinetan 2.000 bizitoki berri sortzea ahalbidetuko du, lurzorua gehitu edo hirigintza-plangintza aldatu beharrik gabe. “Gure etxebizitza-parke publikoaren gainean bizitoki berriak eraikitzeko bidea ireki nahi dugu”, adierazi du Itxasok.
Neurria Etxebizitza, Lurzoru eta Hirigintzako Presazko Neurrien Legearen bidez gauzatuko da, eta araudi berriak xehetasun-azterketaren bidez eraikuntza prozesua bizkortuko du. Sailburuak azaldu duenez, estalki lauak dituzten eraikin gehienetan bi solairu gehitu daitezke egitura-konplexutasunik gabe, eta horri esker gaur egungo 937 bizitokiei beste 2.000 gehitzeko aukera izango da.
Etxebizitza sailak jada sei proiektu pilotu jarri ditu martxan, plan osoaren %10ari dagozkionak. Horietako bi Gasteizen garatuko dira, bi Bizkaian (Bilbo eta Leioan) eta beste bi Gipuzkoan (Mutrikun eta Arrasaten). Guztira, 210 eta 250 etxebizitza artean eraikiko dira, batez ere, emantzipazio-prozesuan dauden gazteentzat, baina adinekoentzako aukerak ere aurreikusi dira. Proiektuak eraikuntza jasangarriko sistemak erabiliko ditu, Kabian proiektuarekin elkarlanean, “kostuak eta ingurumen-inpaktua murrizteko” helburuarekin.
Itxasok azpimarratu du ekimenaren dimentsio soziala ere funtsezkoa dela, bazterketa arriskuan dauden pertsonen parte-hartzea sustatzen baitu. “Etxebizitza eskuragarria, komunitate parte-hartzailea eta enplegu inklusiboa uztartzen dituen proiektu bat da”. nabarmendu du. Gainera, Jaurlaritzak lege-erreformak, finantza-baliabideak eta administrazioen arteko akordioak zabalduko ditu etxebizitza politikak bizkortzeko.
Sailburuaren hitzetan, “etxebizitzaren arazoak badu konponbiderik, aurreiritziak eta ikuspegi sinplistak alde batera uzten baditugu”. Itxasok gaineratu du Jaurlaritzak etxebizitza eskuragarriagoak sortzeko eta prezioen igoerari aurre egiteko neurri berriak bilatzen jarraituko duela.