• EKONOMIA
  • Jaurlaritzaren arabera BPG %2,1 handituko da 2025ean

Jaurlaritzaren arabera BPG %2,1 handituko da 2025ean

Zerbitzuen sektorearen “dinamismo handia” azpimarratu du Torres lehendakariordeak; industriaren sektorean, aldiz, datuak ez dira horren baikorrak

Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua | Argazkia: Irekia
Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua | Argazkia: Irekia
2025eko ekainaren 19a

Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak EAEko ekonomiari buruzko datuak eskaini ditu gaur, zehazki, Ekonomia Zuzendaritzak egindako 2025-2026 aldirako aurreikuspen makroekonomiko berriei buruz.

 

EAEko BPG %2,1 handituko da aurten Eusko Jaurlaritzaren arabera, martxoan esandakoa hamarren bat igota; 2026an, ordea, %1,7 handituko da, martxoan aurreikusitakoa baino hamarren bat gutxiago. BPGren beheranzko hori esportazioen gorakada txikiari egotzi dio Jaurlaritzak, AEBetako muga zergen eta gatazka belikoak areagotu direlako.

Eskariari dagokionez, barne eskaria sendotuko dela jakinarazi du Torresek, %2,3 urte honetan eta %1,9 datorrenean. Are gehiago, familien kontsumoak bizi duen “une ona” azpimarratu du lehendakariordeak, baita “enpleguaren sorrera, inflazioaren kontrola eta soldaten zein pentsioen erosteko ahalmenaren berreskurapena” ere.

 

Enpleguaz emandako datuak honako hauek izan dira: langabezia tasak jaisten jarraituko du, gaur egungo %7,0tik %6,6ra beheratuko baita datorren urtean; era berean lanaldi osoko lanpostu kopurua haziko da, %1,4 aurten eta %1,1 2026an. Zifretara eramanda, 14.000 lanpostu eta 11.0000 lanpostu sortzea aurreikusi du Jaurlaritzak, hurrenez hurren, 2025ean eta 2026an.

Bestalde, zerbitzuen sektorearen “dinamismo handia” jarri du mahai gainean Torresek. Martxoko aurreikuspenen aldean, zifrak igo egin dira, sektorearen balio erantsiak %2,5eko hazkundea izango baitu aurten, eta %1,8koa 2026an. Kontrara, industria izango da “ziurgabetasunak eta nazioarteko merkataritza gelditzeak gehien eragingo duen sektorea”. Izan ere, aurtengo hazkundea soilik %0,9koa izango da, baina, aldiz, %1,4ra bizkortuko da datorrenean.