Expo Foodtech ekimenaren hurrengo edizioa maiatzaren 27an eta 28an egingo da BECen (Bilbo), eta urteroko legez, elikagai-industriaren erronkei buruz hausnartuko da bertan. Besteak beste, kongresuan honako gai hauek aztertuko dira: langileen zahartzea, talentua erakartzeko zailtasuna, eta enpresek duten egokitzeko beharra digitalizazioak zein belaunaldi-aldaketak markatutako testuingurura.
Era berean, azokarekin batera egingo den Food 4 Future World Summit kongresuan sektoreko konpainietako eta erakundeetako ordezkariek eztabaidatuko dute nola hobetu dezaketen enpresek profesional kualifikatuak erakartzeko eta atxikitzeko duten gaitasuna. Aurreikusitako gaien artean, sektorearen ospea, kultura korporatiboa, etengabeko prestakuntza eta lan-antolaketako eredu berriak daude. Helburua izango da formulak aztertzea elikagaien industria esparru berritzaileago eta erakargarriago gisa aurkezteko belaunaldi berrientzako.
Adimen artifizialak (AA) ere izango du protagonismoa kongresuan. Izan ere, hainbat adituk landuko dute teknologia horien erabilera zenbait arlotan, hala nola, eskariaren plangintzan, prezioak finkatzean, marketinean eta eraginkortasun operatiboan. Horrez gain, eztabaidatuko da nola txerta dezaketen enpresek datuen analisia erabakiak hartzerako orduan.
Topaketaren beste ardatz garrantzitsuetako bat elikagaien industrian emakumeen lidergoa izango da. Hain zuzen ere, I’m Women. Consumer Goods mugimenduak bultzatutako saioa ere izango da kongresuan, non “estrategiak partekatuko dituzten aniztasuna lehiakortasunerako abantaila gisa sendotzeko”. Programak ardatz izango du zuzendaritza-postuetan dagoen genero-arrakala, baita berdintasunak berrikuntzarekin eta enpresa-lehiakortasunarekin lotutako elementu gisa duen zeregina ere.