Ezagutzen al dute euskal gazteek foru zerga-sistema?

Ekonomia Itunaren irakaskuntza unibertsitate-aurreko etapan abiapuntu hartuta, datuek erakusten dute curriculumean txertatuta badago ere, ezagutza mugatua dela. Hala ere, ikasleek garrantzitsutzat jo ohi dute

Bizkaiko Foru Aldundiko egoitza | Argazkia: iStock Bizkaiko Foru Aldundiko egoitza | Argazkia: iStock

Ekonomia Ituna euskal autogobernuaren eta bere egitura instituzionalaren ezaugarri adierazgarrienetako bat da, eta eragin nabarmena du gure bizi-kalitatean. Hala ere, orain arte egindako azterlan demoskopikoek euskal herritarrek horren gaineko ezjakintasun orokorra dutela erakutsi dute. Ikerketa horien ildoari jarraituz, Ekonomia Itunaren eta Foru Ogasunen Ikerketarako Agiritegiak bereziki Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ikasleei zuzendutako inkesta bat egin zuen, EAEko zerga-sistemaren gainean dituzten ezagutza-maila eta iritzia aztertzeko, eta euskal hezkuntza-sistemak Ekonomia Itunari buruz ematen duen prestakuntzaren diagnostikoa egiteko.

Guztira 1.686 inkesta presentzial egin ziren 2021-2022 ikasturteko lehen lauhilekoan zehar, graduko lehen eta laugarren mailako ikasleen artean, UPV/EHUren hiru campusetako (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) bost fakultatetan: Ekonomia eta Enpresa, Zuzenbidea, Gizarte eta Komunikazio Zientziak, Hezkuntza, eta Letrak. Dena den, bakarrik graduko lehen mailako ikasleen emaitzak aintzat hartuz —Batxilergoa bukatu berri zutenenak, hain zuzen ere—, enpirikoki aztertu ahal izan genuen euskal gazteek unibertsitate-garaia hasi aurretik Ekonomia Itunari buruz lortzen duten ezagutza-maila. Inkestak guztira 27 galdera zituen, lau ataletan banatuta: datu soziodemografikoak, ezagutza-maila, iritzia, eta jasotako formakuntza.

Edukietan lekua

Ekonomia Itunaren irakaskuntza hezkuntza zibiko-tributarioaren esparruan kokatu dezakegu. Izan ere, kontzientzia zibiko-fiskala ez da naturala; gizarte-produktua da, eta, beraz, ikasi egiten da. Betearazpen fiskala herritartasun-kontu bat da, arau fiskalak gizabanako helduek gizarte demokratiko batean bete behar dituzten arau sozialen multzoaren parte baitira. Hala ere, horrelako ekimenen edukia zerga-araubide bakoitzaren instituzio-egituraren irakaskuntzarekin ere osatu beharko litzateke. Ildo horretan, EAEn ematen den zerga-hezkuntza ezin da Ekonomia Itunaren testuingurutik bereizi, euskal zerga-sistemaren berezitasun nagusia baita.

Orokorrean, Ekonomia Itunak presentzia nabarmena du euskal hezkuntza-sistema gidatzen duten Oinarrizko Hezkuntzako eta Batxilergoko curriculumetan. Hainbat ikasgaien derrigorrezko edukia da, eta ekonomia, historia eta balio zibiko ikasgaietan ikasi egiten da, bere disziplina-anitzeko izaera agerian utziz. Gainera, ikasturtean aurrera egin ahala, presentzia hori handituz doa.

Ekonomia Itunak presentzia nabarmena du euskal curriculumetan, baina bigarren mailako eduki moduan agertzen da beti

Horrekin batera, 2017an Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundiek ezarri zuten 'Hezkuntza zibiko-tributarioko programa bateratua' nabarmendu behar da. Azkenik, azkenengo urteetan euskal instituzioek Ekonomia Ituna ezagutarazteko hainbat ekimen jarri dituzte abian (KONEKO-V bideo-jokoa edo QUIZZ 41 txapelketa), baina hauek ekimen puntualak izan dira, denboran zehar jarraipenik gabekoak.

Ezagutza mugatua

Ituna 2021 inkestaren emaitzei erreparatuz, oro har, ondorio nagusia honako hau izan zen: euskal ikasleek Ekonomia Itunaren gaineko ezagutza mugatua eskuratzen dute unibertsitate-aurreko hezkuntza-ibilbidea bukatzean. Zentzu horretan, azpimarratzekoa da Batxilergoa bukatu berri zuten ikasleen % 64k soilik baieztatzea Ekonomia Ituna ikasi egin zutela hezkuntza-ibilbidean, jakinik euskal curriculumeko derrigorrezko edukia dela.

Bestetik, ikasleen % 67,6ak egoki definitu zuen Ekonomia Ituna, eta % 73,7k bazekien EAEk (eta Nafarroak) Estatuko gainontzeko erkidegoek baino autonomia fiskal handiagoa duela. Hala ere, foru-sistema fiskalaren alderdi teknikoagoak aztertzeko orduan, behera egiten zuen ezagutza-mailak. Soilik laginaren % 44,8k jakin zuen foru-ogasunak direla EAEko zerga gehienak biltzeko ahalmena duten erakundeak, eta antzerako erantzun zuzenak izan zituen (% 46,9) lehen Ekonomia Ituna sinatu zen garai historikoak, Berrezarkuntzak. Azkenik, ikasleen % 57,1 gai izan zen Kupoa egoki definitzeko.

Azpimarratzekoa da Batxilergoa bukatu berri zuten ikasleen % 64k soilik baieztatzea Ekonomia Ituna ikasi egin zutela hezkuntza-ibilbidean, jakinik euskal curriculumeko derrigorrezko edukia dela

Ikasleen jatorriari erreparatuz, Bizkaian zegoen Ekonomia Itunaren gaineko formakuntza jaso duten ikasleen tasa altuena; hala ere, Gipuzkoa izan zen emaitza egokien kopuru altuena izan zuen lurralde historikoa, eta ondoren Araba. Beraz, ez dago harreman zuzenik prestakuntza espezifikoa jaso zuten ikasleen kopuruaren eta lortutako ezagutza-mailaren artean. Dena den, lurralde historikoen arteko aldeak ez dira oro har nabarmenak. Ikastetxearen titulartasunaren arabera, ikastetxe publikoek eta itunduek antzerako ezagutza-maila erakutsi zuten. Bukatzeko, hizkuntza-ereduari dagokionez, D ereduan ikasitako ikasleak gailendu ziren, nahiz eta Ekonomia Itunari buruzko formakuntza jaso zuten ikasleen tasa txikiena duen eredua izan.

Pertzepzio ona

Ekonomia Itunaren gaineko iritziari erreparatuz, nahiz eta ezagutza-maila mugatua izan, ikasle gehienek oro har pertzepzio faboragarria zuten foru-sistema fiskalari buruz. Laginaren % 58,4k uste zuen Ekonomia Itunak mesede egiten diola EAEri, lurralde erkideko autonomia-erkidegoekin alderatuta, eta % 77,4ak manten dadila nahi zuen. Emaitza horren atzean, hezkuntza-sistematik at beste kanpo-estimulu erabakigarriak daudela interpreta daiteke (adibidez, ingurune familiar eta soziala edo komunikabideak), Ekonomia Itunaren gaineko pertzepzio subjektibo positiboa eraikitzera bultzatzen dutenak.

Laginaren % 58,4k uste zuen Ekonomia Itunak mesede egiten diola EAEri, lurralde erkideko autonomia-erkidegoekin alderatuta, eta % 77,4ak manten dadila nahi zuen

Ikerketan zehar, emaitza horiek azaldu dezaketen zenbait faktore identifikatu ziren. Ekonomia Itunak presentzia nabarmena du euskal curriculumetan, baina bigarren mailako eduki moduan agertzen da beti. Beraz, ebaluatu beharko litzateke zein den Ekonomia Itunak errealitatean duen inplementazioa, eta zein punturaino geratzen den irakasleen diskrezionalitate-marjinaren esku. Agian ez dute baliabide nahikorik; hortaz, Espainiar estatuko autonomia-erkidego batzuetan egiten den moduan, formakuntza espezifikoa eskaini dakieke irakasleei. Bukatzeko, Ekonomia Ituna ezagutarazteko eta hedatzeko politika publikoetan jarduten duten instituzioen arteko kolaborazioa hobetzeko aukera atzematen da, haien ahaleginak eta baliabideak optimizatzeko helburuarekin. Horren harira, zalantzan jar daiteke azkenengo urteetan ezarri diren epe laburreko ekimen puntualen eraginkortasuna, emaitza eraginkorrak lortu ahal izateko heziketa tributarioak epe luzerako estrategia izan behar duelako.

Artikulu hau 'Ekonomia itunaren irakaskuntzaren ebaluazioa unibertsitate-aurreko euskal hezkuntza-sisteman. Ezagutzen al dute euskal gazteek foru zerga-sistema?' ikerketaren laburpena da (Zergak 63.). Ikerketa osoa eskuragarri dago hemen.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK