Joan den irailean bi albiste nabarmen izan ziren, neurri ezberdinean, EAEko zerga-sisteman eragina izan zutenak. Alde batetik, Bizkaiko lurralde eremuan, Bizkaiko Foru Aldundiak 2026ko Zerga Neurriei buruzko Foru Arauaren proiektua onartu zuen; ondoren, proiektua Batzar Nagusietara bidali zen, eta, gaur egun, legegintza-izapidetzean dago. Bestetik, eta irismen orokorragoarekin, Foru Ogasunek parte hartu zuten lehen aldiz EKOFINeko Zerga Arloko Goi Mailako Taldearen bilera batean, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak 2024ko azaroaren 13an eta 2025eko apirilaren 10ean egindako bileretan lortutako akordioak aplikatuz.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Artikulu honen helburua ez da aipatutako berrikuntzak aztertzea —berez interes handia daukaten arren, dagoeneko behar bezala aztertu dira—, baizik eta bietan ageri den alderdi bat nabarmentzea. Alderdi horrek komunikabideen arreta normalean bereganatzen ez duen arren, garrantzi handia du gure zerga-sistemaren konfigurazio bereziari eusteko. Zehazki, Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoak (EZKO) bi gai horietan duen eginkizuna aztertuko dugu, gure zerga-sistemaren funtzionamendua ahalbidetzen duen egitura instituzionalaren zati bat ezagutarazteko.
Zerga-autonomiak —Lurralde Historikoetako erakunde eskudunek beren zerga-araubidea mantentzeko, ezartzeko eta arautzeko duten ahalmen gisa ulertuta— harmonizazio, koordinazio eta lankidetza printzipioak errespetatzearekin batera jardun behar du, bai Espainiarekiko harremanetan, bai EAEren barruan. Printzipio horiek printzipio orokor gisa jasota daude EAEko Estatutuaren 41.2.a) artikuluan. Era berean, Ekonomia Itunari buruzko 12/2002 Legearen 2.1 artikuluak ere jasotzen ditu.
EZKOk osaera paritarioa du; Eusko Jaurlaritzako hiru ordezkarik eta Foru Aldundi bakoitzeko ordezkari batek osatzen dute
Printzipio horiek garatzeko, Eusko Legebiltzarrak esparru orokor bat ezarri zuen, zerga-harmonizazioa, koordinazioa eta lankidetza antolatzeko oinarri izan zedin. Horren ondorioz, 3/1989 Esparru-legea onartu zen, zerga Harmonizazioari, Koordinazioari eta Lankidetzari buruzkoa.
Lege horrek EZKO sortu eta haren arau-esparru nagusia ezartzen du. Era berean, EAEren barneko harmonizazio eta koordinazio lana, esparru-lege horretan ez ezik, EZKOren jardueran ere oinarritzen da; izan ere, EAEko Estatutuak aurreikusten zuen ondorengo lege-garapena ez da erabat gauzatu, beraz, oraindik beharrezkoa da arau-garapen zehatzagoa lantzea.
Bestalde, EZKO Ekonomia Itunaren sistemaren barruko organoa da, eta erakunde arteko izaera du, hainbat maila instituzionaletako ordezkariek parte hartzen baitute bertan. Gainera, osaera paritarioa du; Eusko Jaurlaritzako hiru ordezkarik eta Foru Aldundi bakoitzeko ordezkari batek osatzen dute. Era berean, 2016an Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea indarrean jarri ondoren, organoaren ordezkaritza zabaldu egin zen. Harrezkero, udal-esparruko beste hiru ordezkarik ere bertan ahoz eta botoarekin parte hartzen dute tokiko intereseko gaiak aztertzen direnean.
Aztertzen ari garen lehen kasura bueltatuta, Bizkaiko 2026ko zerga-neurrien aurreproiektuak EZKOren ahobatezko aldeko txostena jaso zuen ekainean
EZKOk hainbat arlotan jarduten du Foru Aldundien jarduerak hurbiltzeko prozesuan, zerga-arloko harmonizazioa, koordinazioa eta lankidetza sustatuz, zerga-kudeaketa eraginkorragoa izan dadin. Haren eginkizun nabarmenetako bat zerga-arloko Foru Arauak prestatzeko prozesuan gauzatzen da. 3/1989 Legearen arabera, Foru Aldundiek EZKOri helarazi behar dizkiote zerga-harmonizazioaren xede diren gaiei buruzko xedapen orokorren foru-aurreproiektuak. Ondoren, organoak txosten bat prestatu behar du testua indarrean dagoen harmonizazio-esparrura egokitzen den aztertzeko. Oro har, txostena 30 eguneko epean egin behar da, eta epe hori txostena eman gabe igaroz gero, aldeko txostentzat joko da.
Aztertzen ari garen lehen kasura bueltatuta, Bizkaiko 2026ko zerga-neurrien aurreproiektuak EZKOren ahobatezko aldeko txostena jaso zuen ekainean. Horren ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak Foru Arauaren proiektua onartu zuen joan den hilean. Batzar Nagusietan izapidetzea falta da EAEko ordenamendu juridikoan txertatu ahal izateko. EZKOren parte-hartzea, beraz, Lurralde Historiko baten zerga araugintza ekimenaren barruan kokatzen da, eta, ondorioz, esan dezakegu horren funtsezko atal bat dela.
Horretaz gain, bigarren kasura begiratuta, EZKOk Foru Aldundien arteko koordinazio eginkizuna ere betetzen du. Horregatik, Nazioarteko Fiskalitate Batzordea eratu berri da, foru-ogasunek EZKOren barruan nazioarteko fiskalitateari buruzko gaiak jorratzen dituzten foroetan duten parte-hartzea eraginkortasunez koordinatzeko. Baterako partaidetzak, ordezkaritza-gaitasunaz gain, barne-koordinaziorako mekanismoak behar ditu, jarrera instituzional koherentea lantzeko. Foro horien artean daude EKOFINeko goi-mailako taldeak, FHTP, Global Forum-a, FTA eta OCDEren eta G-20aren BEPSi buruzko Esparru Inklusiboaren lanak.
EZKOk Foru Aldundien arteko koordinazio eginkizuna ere betetzen du
Baina aipatutako koordinazio esparrua beste arlo batzuetan ere gauzatzen da; izan ere, hiru foru ogasunek egiten duten zerga-ikuskapena koordinatzeko lana Iruzur Fiskalaren aurkako Borrokarako Batzordearen bidez gauzatzen da. Nazioarteko Fiskalitatearen Batzordea bezala, batzorde hori ere EZKOren baitako organoa da.
Azkenik, EZKOk urtero argitaratzen du Euskal Ogasunaren Urteko Txosten Bateratua. Txosten horrek, alde batetik, Ekonomia Itunari eta euskal ogasunaren erakunde-ereduari buruzko informazio eguneratua eskaintzen du; bestetik, ikuspegi bateratu eta kuantitatibo batetik, administrazio-maila desberdinen jarduera jasotzen du.
Dena den, EZKO ez da barne-koordinazio instituzionalaz arduratzen den organo bakarra. Besteak beste, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak erakunde komunen eta Lurralde Historikoen arteko arlo ekonomiko-finantzarioetan eskumen nagusiak ditu.
Dena den, EZKO ez da barne-koordinazio instituzionalaz arduratzen den organo bakarra
Era berean, kanpo-harremanei dagokionez, hau da, Foru Ogasunen eta Estatuko Zerga Administrazioaren arteko harremanei dagokionez, hiru organoen bidez bideratzen dira.
Alde batetik, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoa arlo horretako erakunde ezagunena da. Bertan adosten dira, besteak beste, Ekonomia Itunaren aldaketak, Kupoaren bosturteko metodologiari buruzko akordioak eta gainontzeko zerga aldaketak, hala nola zerga itundu berri bat sartzea. Bestetik, Araugintza Koordinatu eta Ebaluatzeko Batzordearen bidez, zerga-araudia Ekonomia Itunarekin bat datorren aztertzen da; Batzorde hori, gainera, konexio-puntuen aplikazioari buruzko kontsultak ebazteaz arduratzen da. Azkenik, Arbitraje Batzordeak Ekonomia Itunean aurreikusitako gatazkak ebazten ditu bere eskumenen esparruan.
Egitura instituzionala konplexua da, eta esparru espezializatuetatik kanpo maiz oharkabean igaro ohi da. Horregatik, aipatu ditugun moduko gertakariek aukera ematen digute gogorarazteko zerga-erabaki bakoitzaren atzean egitura instituzional bat dagoela, zerga-autonomia modu koherentean eta koordinatuan baliatzen dela bermatzeko. Egitura horren barruan, EZKO funtsezko osagaia da.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta