Laboral Kutxaren ikerketa departamentuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiritarren konfiantzari buruzko azken azterlana plazaratu du. Ikerketaren arabera, 2026ko lehen hiruhilekoan, ezkortasuna nagusi da etxeetan, nahiz eta oraindik Irango gerraren eragina ez den jasotzen.
Finantza erakundearen arabera, “gatazka belikoak lurrunkortasun handia eragin du burtsa eta energia merkatuetan, eta prezioak igo egin dira, sistema ekonomikoan oro har”. Hala, Laboral Kutxaren ikerketa departamentuak ondorioztatu du egungo ziurgabetasunak ez duela lagunduko familien konfiantza galera uxatzen, eta etorkizun hurbilean ezkortasunak nagusi izaten jarraituko duela.
-8 puntukoa da EAEko etxeko unitateen konfiantza, 2025eko azken hiruhilekoaren (-9) maila parekoa. Europa osoko fenomenoa da konfiantza galera. Frantzian (-15), Herbehereetan (-12), Danimarkan (-8) eta Alemanian (-10) da konfiantza maila. EBn batez bestekoa -12 puntukoa da.
EAEn, ekonomia orokorraren martxari buruzko ezkortasuna nabaria da: -24. Aitzitik, ez dira hain ezkorrak etxeko ekonomiaren martxari buruz (-10), eta erdi baikorrak dira aurrezteko duten gaitasunaren aurrean (+2). Erosteko unearen balorazioa ere nahiko eskasa da (-20), eta erosketak egiteko itxaropenen indizea positiboa (1).
Gauzak horrela, etxebizitza eta ibilgailua erosteko asmoak azken bi urteetako mailari eutsi dio. Etxebizitzen salerosketaren gorakada berretsi da, 26.636 eragiketa egin baitira urteko balantzean (urtetik urtera %14,9 salmenta gehiago), hau da, 2007tik erregistrorik handiena. Ibilgailu berrien salmentek gora egin dute (4.163 unitate, urtetik urtera %5,1, urtarrila-otsaila metatuan), baina 2019an erregistratutako balioetatik oso urrun daude oraindik (5.795 unitate).