• EKONOMIA
  • Ezkutuko txapeldunen ageriko ezaugarriak

Ezkutuko txapeldunen ageriko ezaugarriak

Hermann Simon ekonomialariak asmatu zuen 'Ezkutuko Txapeldun' kontzeptua; EAEn badaude halako zenbait eta zenbait enpresa

Tubacex da Euskal Herriko ezkutuko txapeldunetako bat | Argazkia: Tubacex
Tubacex da Euskal Herriko ezkutuko txapeldunetako bat | Argazkia: Tubacex
Mikel Gaztañaga argazkia(1)
Orkestra – Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzailea
2026ko ekainaren 26a - 05:30

Enpresa berritzaile, lehiakor eta nazioartekotuei buruz pentsatzen dugunean, normalean marka jakin batzuk etortzen zaizkigu burura: plataforma teknologiko handiak, hala nola Meta, Amazon, Google edo Microsoft; kontsumo-elektronikako erraldoiak, Apple, Samsung edo Huawei kasu; auto-markak, Volkswagen, Tesla, Toyota edo BYD, besteak beste; edo, energia sektoreko enpresa handiak, Saudi Aramco, Iberdrola edo Shell, adibidez.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Enpresa horiek guztiak oso berritzaileak, lehiakorrak eta globalak dira. Mundu osoan lehiatzeko gaitasuna dute. Milaka milioi euro irabazten dituzte. Horietako batzuk I+Gn herrialde batzuek gastatzen dutena baino gehiago gastatzen dute, eta munduko unibertsitate, laborategi eta zentro teknologiko onenekin kolaboratzen dute. Unibertsitatetik ateratzen diren ikasle askok horrelako enpresetan lan egiteko borrokatzen dute. Arrazoi horiek guztiek egiten dituzte enpresa hauek ezagun eta ospetsu. Baina ez horiek bakarrik, bada beste arrazoi bat ere: enpresa horiek azken kontsumora bideratutako produktu eta zerbitzuak ekoizten dituzte. Gehienen bezeroak azken kontsumitzaileak dira, kaleko pertsona arruntak, alegia. Horrez gain, marketinean asko inbertitzen dute eta presentzia handia dute gaur egungo gizartean eragin handiena duten espazioetan: plataforma digitaletan eta sare sozialetan.

Hala ere, berrikuntza, lehiakortasuna eta nazioarteko lidergoa ez dira enpresa mota horien kontua bakarrik. Gaur egungo ekonomia milioika enpresek osatzen dute. Batzuek, aipatutako horiek bezala, azken kontsumitzaileari saltzen dizkiote produktu eta zerbitzuak. Business to consumer edo B2C deitzen zaie enpresa horiei. Baina beste askok beste enpresa batzuei saltzen diete. Horiek ez daukate harremanik azken kontsumitzailearekin, pertsona arruntarekin. Business to business edo B2B enpresak dira. Enpresa horiek balio-kate globaletan daude txertatuta. Hauek produktu, osagai eta zerbitzu oso espezializatuak eskaintzen dizkiete beste enpresei, sektore askoren funtzionamendurako ezinbestekoak dira, eta oso berritzaileak eta lehiakorrak izan daitezke.

 

Kontsumitzaile batek Tesla ala BYD nahiago duen eztabaida dezake. Edo Iphone ala Xiaomi gustuko izango du. Baina harrigarria litzateke produktu horiek posible egiten dituzten milaka enpresak ezagutzea

Baina, gehienetan, jendearentzat ezezagunak dira. Kontsumitzaile batek Tesla ala BYD nahiago duen eztabaida dezake. Edo Iphone ala Xiaomi gustuko izango du. Baina harrigarria litzateke produktu horiek posible egiten dituzten milaka enpresak ezagutzea: mikrotxipak egiteko makinak fabrikatzen dituztenak, kameretarako sentsoreak egiten dituztenak, energiaren kudeaketarako txipak garatzen dituztenak edo industria-automatizaziorako softwarea sortzen dutenak.

Mundu industrial horretan, ikusgarritasunetik urrun, sekulako inbertsioak egiten dira eta punta-puntako berrikuntza dago. Eta enpresa horietako batzuk, teknologia eta produktu oso espezializatuekin, liderrak dira merkatu globaleko nitxo oso zehatzetan. Hala ere, jende gehienarentzat ezezagunak dira. Ezkutuko txapeldunak dira.

Ezkutuko txapeldun kontzeptua Hermann Simon ekonomialari alemaniarrak asmatu zuen, 1990eko hamarkadaren hasieran. Garai hartan, eta duela gutxi arte, Alemania munduko esportatzaile handiena zen, eta Simonek Alemaniaren arrakasta hori esplikatzen zuten arrazoiak ulertu nahi zituen. Egindako ikerketek erakutsi zuten arrakasta horren atzean ez zeudela denontzat ezagunak diren Alemaniako enpresa handiak, Siemens, Audi edo Mercedes bezalakoak. Nahiz eta horiek oso garrantzitsuak izan, Simon konturatu zen emaitza horren oinarrian ezezagunak diren enpresa txiki eta ertain ugari zeudela. Hain zuzen, enpresa sare horretan Simonek nitxo oso zehatzetan liderrak ziren milaka enpresa aurkitu zituen, jende gehienarentzat ezezagunak zirenak, baina funtsezkoak Alemaniaren esportazio-gaitasun eta lehiakortasunerako.

Enpresa sare horretan Simonek nitxo oso zehatzetan liderrak ziren milaka enpresa aurkitu zituen, jende gehienarentzat ezezagunak zirenak

Ordutik, Simonek fenomeno hori ikertzen jarraitu du eta beste ikertzaile askok ere bide bera hartu dute. Gaur badakigu ezkutuko txapeldunena ez dela Alemaniako fenomeno partikular bat bakarrik. Izan ere, horrelako enpresak Europako, Amerikako eta Asiako industria-ekosistema askotan aurki daitezke.

Euskal Autonomia Erkidegoko txapeldun ezkutuak

Duela urte batzuk, Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzailea den Bart Kamp fenomeno hori aztertzen hasi zen. Galdera batekin abiatu zuen bere ikerketa prozesua: ba al da Euskal Autonomia Erkidegoan horrelako enpresarik? Hainbat ikerketa egin eta gero, erantzuna baiezkoa zela konturatu zen. Hasieran enpresa gutxi batzuk topatu zituen. Baina pixkanaka zerrenda osatzen eta handitzen joan zen. Hori egitea, enpresak ezagutzea eta haiekin harremanak eraikitzea urteetako lana izan da. Bidean enpresa horien errealitatea ezagutu da, hainbat ikerketa eta txosten publikatu dira, eta fenomenoa sakonago ezagutzeko aukera izan dugu.

Orkestrak ezkutuko txapeldunen inguruan atera duen azken txostenak urte horietako lana jasotzen du. Bertan, 53 enpresa identifikatu dira: besteak beste, Ampo, Goizper, Bellota, Biolan, Ibarmia, Danobat, Pasaban, Tubacex, EGA Master, Salto, ONA, Orkli edo Wavegarden. Eta, ikerketak hainbat ondorio interesgarri azpimarratu ditu.

Lehenik eta behin, txostenean honakoa aipatzen da: enpresa horiek ez daude hirigune edo eskualde batean kontzentratuak, baizik eta Euskal Autonomia Erkidego osoan banatuta. Horrez gain, aipagarria da identifikatutako 53 enpresetatik 43 euskal hiriburuetatik kanpo daudela. Horietako asko industria-tradizio handiko eskualde eta herrietan kokatzen dira, Lanbide Heziketako zentroak, zentro teknologikoak eta hornitzaile sare sendoak dauden tokietan.

Orkestra, 2026 | Argazkia: utzitakoa
Iturria: Orkestra

Bestalde, identifikatutako gehienak ez dira multinazional erraldoiak, baizik eta enpresa ertainak: hogeita batek 10 eta 50 milioi euro artean fakturatzen dituzte; hamaseik 50 eta 200 milioi artean; hamarrek 200 eta 500 milioi artean; eta soilik seik gainditzen dituzte 500 milioiak. Horrez gain, enpresa horien azterketak erakusten du orokorrean produktibitate handiko enpresak direla, berritzaileak, aktibo produktiboetan inbertitzeko joera daukatela, eta oro har zuhurtziaz jokatzen dutela finantzetan, zorpetze maila moderatuekin. 

Gainera, ezkutuko txapeldunek nazioarteko presentzia zabala dute, haien salmenten %50 baino gehiago nazioarteko merkatuetan egiten dira. Salmenta horiek munduko merkatu guztietan egiten dituzte, baina haien jardueraren zati handi bat Europan eta Ipar Amerikan kontzentratzen da: 53 enpresa horien salmenten %45 Europan egiten dira, eta %36 Ipar Amerikan.

EAEko ezkutuko txapeldunen arrakasta hainbat faktorek azaltzen dute: nitxoarekiko orientazioa, bikaintasun teknikoa, balio erantsi handiko produktu eta zerbitzuak ekoiztea, bezero eta hornitzaileekiko harreman estuak izatea, lurraldeko ekosistema zientifiko eta teknologikoarekiko lotura, eta epe luzeko ikuspegia, besteak beste.

Nazioarteko ingurunean ziurgabetasuna ezarri da; eta balio kateetan disrupzioak eta tentsioak daude. Ondorioz, orokorrean enpresek zailtasunak dituzte hainbat herrialdeetara esportatzeko

Hala ere, txostenean enpresa horiek dituzten erronka eta zailtasunak ere jasotzen dira. Erronkak munduko eraldaketa geopolitiko, demografiko eta ekonomikoei lotuta daude. Enpresa horien sorrera, kontsolidazioa eta arrakasta globalizazioaren paradigma bati lotuta egon dira: merkatu globalen irekiera, balio-kateen zatiketa eta eraginkortasunean oinarritutako nazioarteko logika nagusi zen garaia.

Gaur egun, ordea, testuinguru hori errotik eraldatzen ari da: munduko merkatuak gero eta zatituago daude; muga-zergak eta antzeko helburuak dituzten erremintak nagusitu dira; nazioarteko ingurunean ziurgabetasuna ezarri da; eta balio kateetan disrupzioak eta tentsioak daude. Ondorioz, orokorrean enpresek zailtasunak dituzte hainbat herrialdeetara esportatzeko.

Bestalde, Txinak sekulako erronka suposatzen du. Orain arte enpresa hauentzat Txina merkatu oso garrantzitsua izan da: askok bertan fabrikak dituzte, eta azken 30 urteetan irabaziak lortu dituzte bertako merkatuan. Baina hori orain oso azkar aldatzen hasi da, herrialdeak azken bi hamarkadetan izan duen aldaketagatik, eta gaur egun punta-puntako produktu eta zerbitzuak garatzeko gai delako. Europa eta EAE indartsua den sektore horietan —automozioan, fabrikazio aurreratuan, makina erremintan, etab.— sekulako aurrerapenak egin ditu herrialdeak. Gainera, hainbat arrazoiengatik, Txinako produktu eta zerbitzuak hemen egiten direnak baino merkeagoak dira. Beraz, bertako enpresek zailtasunak dituzte haiekin lehiatzeko.

Ezkutuko txapeldunek merkatu berriak bilatu beharko dituzte; arriskuak dibertsifikatu beharko dituzte eta nazioartekotzeko moduak birpentsatu beharko dituzte

Testuinguruaren eraldaketa sakon horrek ezkutuko txapeldunak egokitzera behartzen ditu: ziurgabetasun eta zailtasun handiagoko testuinguru batera moldatu beharko dute, eta merkatu berriak bilatu, arriskuak dibertsifikatu, eta nazioartekotzeko moduak birpentsatu beharko dituzte. Baina egokituko dira. Edo hala espero dugu. Euskal industriaren etorkizuna jokoan da.