Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri du Fabrikazio Aurreratuaren Campusa abian jarriko duela Elgoibarren, industria berrikuntza eta prestakuntza espezializatua sustatzeko asmoz. 1.250.000 euroko inbertsioa izango duen proiektuak helburu du lurraldea “nazioarteko erreferente gisa sendotzea”, teknologia aurreratuen eta gaitasun industrialen arloan.
IMHren instalazioetan kokatuko den azpiegitura berria 2026an zehar garatuko da eta aurreikusten da urte amaieran martxan egotea. Campusa bost laborategik osatuko dute (manufacturing, robotika, digitalizazioa, diseinua eta fabrikazio gehigarria), “elkarren artean lotutakoak eta sinergikoak”, industria ingurune erreal baten simulazioa egiteko eta soluzioak probatu zein baliozkotzeko aukera emanez.
Proiektuaren ardatz nagusietako bat Danobatek garatutako dBOT robota izango da. Sistema horrek makina-erreminten zehaztasuna eta egonkortasuna uztartzen ditu malgutasunarekin, eta helburu du pieza konplexuen mekanizazioan estandar berria ezartzea. Ohiko robotekin alderatuta, hiru aldiz zehaztasun handiagoa eta hamar aldiz zurruntasun dinamiko handiagoa eskaintzen ditu, “prestakuntza eta berrikuntzarako tresna estrategiko” bihurtuta.
Eider Mendoza diputatu nagusiak nabarmendu duenez, “fabrikazio aurreratua funtsezkoa da Gipuzkoako industriarentzat”, eta campus berriak sektorearekiko “konpromiso irmoa” indartzen du, enpresen lehiakortasuna eta etorkizuneko enplegua bermatzeko. Bestalde, Danobateko zuzendari exekutibo Xabier Alzagak azpimarratu du instalazioak “roboten bidezko fabrikazioan erreferente” bihurtzeko aukera emango duela, baita teknologia berriak garatu eta testatzeko gune “ezin hobea” izango dela ere.
Campusa enpresen, zentro teknologikoen eta hezkuntza eragileen arteko lankidetza sustatzeko gunea izango da, bereziki ETEei begira. Gainera, lanbide heziketako ikasleek eta profesionalek bertan prestakuntza jasoko dute robotika, digitalizazioa eta fabrikazio aurreratuko beste arlo batzuetan, etorkizuneko industria adimendunaren beharrei erantzuteko.