FEX Fastening Excellence Center elkarteak AFM fabrikazio aurreratuko klusterrarekin bat egin du. Elkarteko 13 bazkideek aho batez onartu zuten uztailean klusterren sartzea, eta gaur egin dute ofiziala bi aldeek.
Metagra Bergara, Industrias Laneko, Ecenarro, Tornillería Deba, Tornillería Segur, Erreka Smart Fastening, Heroslam, TTTGroup, Jean Recubrimientos, Azterlan Metallurgy Research Centre, Lortek, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa eta Industrias Ugatu enpresek osatzen dute FEX eta Bergaran (Gipuzkoa) du egoitza nagusia.
“Euskadin sustrai handiak ditu gure sektoreak, baina ongi dakigu aurrera egin behar duela batasunaren eta elkarlanaren bidean, sektore batzuetako merkatu globalean lehiakortasuna irabazteko. AFM Clusterren sartzea, zalantzarik gabe, bultzada erabakigarria izango da elkartegintzarako irekitzen den etapa berri honetan”, adierazi du Ander Zamalloa FEXeko presidenteak.
Halaber, AFM klusterrekoak ere pozik azaldu dira, FEXek “ezagutza espezializatu handia dakarrelako eta klusterrak ordezkatzen duen fabrikazio aurreratuko balio-katearen aniztasuna indartzen duelako”. Elkarteak nabarmendu duenez, FEXekin indarrak batuta, errendimendu handiko loturen eremuan jarduten duten enpresen lehiakortasuna sustatu ahal izango dute.