
EAEko etxeetan batez besteko gastua 36.313 eurokoa izan zen iaz. Hala jakinarazi du gaur Eustat Euskal Estatistikaren Erakundeak, zeinaren arabera 2023ko gastuaren oso antzekoa izan zen iazko batez bestekoa.
Gastu taldearen arabera, zenbatekorik handiena Etxebizitza, ura, elektrizitatea, gasa eta beste erregaiak sektorera bideratu zuten familiek, batez besteko 13.008 eurorekin; Janari eta edari alkoholgabeak taldean ere beste 5.633 euro gastatu zituzten, eta Hotelak, kafetegiak eta jatetxeak sektorean beste 4.207 euro. Hala ere, 2023ko datuekin alderatuta, Aseguruak eta finantza-zerbitzuak taldean gastatu zen nabarmen gehiago, %9,6ko urte arteko hazkundea izan baitu familien batez besteko gastuak (1.261 euro); Aisiak, ikuskizunak eta kultura alorrean ere 2023an baino %8,4 gehiago gastatu zuten familiek, batez besteko 1.732 eurorekin.
Termino absolutuetan, EAEko etxeetako gastu totala 34.312 milioi eurokoa izan zen iaz, 2023an baino %0,1 gehiago. Guztizko gastuaren gehiengoa (%63) hiru gastu talde handitan banatu zen: Etxebizitza, ura elektrizitatea, gasa eta bestelako erregaiak (%35,8), Elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak (%15,5) eta Hotel, kafetegi eta jatetxeak (%11,6).
Etxeen tamainaren araberako gastua
Etxeen tamainari dagokionez, kide bakarra dutenen kasuan 23.884 euroko batez besteko gastua izan zen 2024an, nahiz eta 2023an baino 524 euro gutxiago gastatu. Bi kideko familien batez besteko pertsonako gastua 19.230 eurokoa izan zen, urte arteko 769 euroko igoerarekin. Hiru kidez edo lau kidez osatutako etxeetan are gutxiago gastatu zen pertsona bakoitzeko, hots, hurrenez hurren, 13.573 eta 11.038 euro (2023an baino %12,5 eta %28,8 gutxiago). Funtsean, kide gehiago dituzten etxeek gutxiago gastatu zuten kide gutxiago dituztenek baino. Hala, etxe guztiak kontuan izanik, pertsonako gastua batez beste 15.504 eurokoa izan zen 2024an.
Diru sarrera motaren araberako gastua
Eustaten datuek etxeetako diru sarreren iturriak ere kontuan hartzen dituzte: norberaren konturako lana edo jabetzaren eta kapitalaren errentak zituzten etxeak izan ziren 2024an batez besteko gasturik handienak izan zituztenak, urteko 41.845 euroko gastuarekin.
Diru sarreren iturri nagusia besteren konturako lana izan zuten etxeek batez beste 37.998 euro gastatu zituzten etxe bakoitzeko. Eta, azkenik, gasturik txikiena izan zutenek diru sarreren iturri nagusi izan zituzten pentsioak, subsidioak eta bestelako prestazio eta diru-sarrera erregularrak, etxe bakoitzeko 33.468 euroko gastuarekin.