• EKONOMIA
  • Ficobak 1,3 milioi euroko negozio-zifra izan du urteko lehen seihilekoan

Ficobak 1,3 milioi euroko negozio-zifra izan du urteko lehen seihilekoan

146 jardunaldi egin dituzte denera eta 93.000 bisitari izan dira azoka-barrutian

Ficoban egindako ekitaldi bat | Argazkia: Ficoba
Ficoban egindako ekitaldi bat | Argazkia: Ficoba
2023eko uztailaren 19a
Eg. 2023eko uztailaren 19a

Ficobak 146 jardunaldi antolatu ditu denera 2023ko lehen seihilekoan, 105 bilera, 33 ekitaldi eta zortzi azoka, hain zuzen, eta guztira 93.000 bisitari jaso dituen azoka komertzialak, biltzarrak, bilerak eta kultura ekitaldiak egin dira. Hala, jarduera honek 1,3 milioiko negozia zifra ekarri du, iaz baino %26 gehiago.

 

Antolatutako ekitaldi aipagarrienen artean, Unire soldadura eta lotura teknologikoen azokaren lehen edizioa, Ababor azoka nautikoaren bigarren edizioa, Memoria Demokratikoaren Estatuko Biltzarra, Nazioarteko Txakur Erakusketa edota Bioterra produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren eta energia berriztagarrien 20. edizioa daude.

Ander Sarratea zuzendariaren arabera, oso pozik daude lehen seihilekoan lortutako emaitzekin: "gure espektatibak gainditu ditugu, bai fakturazioari dagokionez, bai egin ditugun ekitaldien aniztasunari eta kalitateari dagokienez. Emaitza horiek erakusten dute Ficobak konpromisoa hartu duela feriak, biltzarrak eta ekitaldiak antolatzen erreferente izateko".

 

Haberen euskara maila egiaztatzeko azterketak (4.436 pertsona), Correoseko oposaketak (2.368 pertsona) eta Eusko Skills lanbide heziketako olinpiadak (2.700 pertsona) ere antolatu dira lehen seihileko honetan.

Bigarren sehilekoan egingo diren ekitaldien berri ere eman dute. Auna Partner Days, elektrizitatearen, iturgintzaren, berokuntzaren, klimatizazioaren eta energia berriztagarrien sektoreetako fabrikatzaile eta hornitzaileen azoka egingo dute irailaren 14ean, eta sektoreko 131 enpresen erakusketetan 1.500 bat bisitari espero dituzte. Hortaz gain, Irun Zuzenean festibala, Ficoauto aukerako ibilgailuen azoka edota Next Care jaialdia ere egingo dira.