• EKONOMIA
  • Finantza abusuen eta tratu txarren aurkako “txertoa”

Finantza abusuen eta tratu txarren aurkako “txertoa”

Eusko Jaurlaritzak gida bat argitaratu du herritarrek jakin dezaten zer egin eta nola jokatu finantza-abusuen aurrean

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026eko apirilaren 9a - 05:30
Eg. 2026eko apirilaren 9a - 08:48

Adinekoen aurkako finantza abusuak gero eta maizago ematen dira; aldiz, sarri oharkabean pasatzen dira, "mozorrotutako" lapurreta moduan. Laguntza edo zaintza itxura hartzen badute ere, ondorio ekonomiko eta pertsonal larriak eragiten dituzte. Egoera horri aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak prozedura-gida bat kaleratu du, Tratu txar ekonomikoa eta adinekoen aurkako abusu finantzarioa izenburupeko jardunaldian aurkezturikoa, Bilboko Itsas Museoan. Dagoeneko euskadi.eus atarian eta Irekian irakurgarri dago, eta gizarte zentroetan zein lehen mailako arreta zentroetan paperezko euskarrian ere zabaltzeko asmoa agertu dute. 

 

Lide Amilibia Gizarte Zerbitzuen Goi Ikuskaritzako Organoen Zuzendariaren esanetan, "egun Euskadin ez daukagu datu nahikorik zer neurritan ematen den jakin ahal izateko. Gure ustez, icebergaren muturra besterik ez da normalean ikusten dena. Pertsona nagusien gertuko lagunen abusuzko jarduera asko gertatzen dira, batzuetan lagundu nahian, eta beste batzuetan nahitasun gehiagorekin. Azkenean pertsona nagusi horrek ez du haren ondarearen gainean erabakitzeko askatasunik: banketxeetako txartel eta gakoen erabilera, testamentuen aldaketa eta abar jasan ditzake”. 

Lide Amilibia: "Pertsona nagusien gertuko lagunen abusuzko jarduera asko gertatzen dira, batzuetan lagundu nahian, eta beste batzuetan nahitasun gehiagorekin"

Lehen Mailako Arretan Espainia mailan ikerketa bat burutu zuten, zeinetan kalte kognitibo arinak zituzten pertsonek ere parte hartu zuten. Horren arabera, pertsona nagusien %10ek adierazi zuten ez zutela kontrolik beren diruaren gainean eta ez zekitela nork erabiltzen zuen haien dirua; haien erdiak zor garrantzitsuak zituzten. Aipatutako jardunaldian parte hartu zuen Marije Goikoetxea ikerlariaren arabera, oso garrantzitsua da oinarrizko gizarte-zerbitzuetara eta fiskaltzara jotzea tratu-txar edo abusu ekonomikoen susmoak daudenean. “Gidan aipatzen denez, fiskaltzak berak jarriko du martxan ikerkuntza tratu-txar ekonomikoen berri duenean; ez da ezinbestekoa salaketa bat jartzea”, adierazi du Goikoetxeak. 

 

Laguntzaz mozorrotutako lapurreta 

Finantza abusua identifikatzea zaila da askotan ez delako agertzen ageriko lapurreta gisa. Aitzitik, eragindako kalte ekonomikoaz gain, tratu txar mota horrek beldurra, lotsa, isolamendua, ongizatearen narriadura eta autonomiaren galera eragin ditzake. Horrek are garrantzitsuagoa egiten du prebentzioa. 

Lapurreta mota hori adineko pertsonei gertatu ohi zaie. "Nolabaiteko kalteak nabaritzen ari diren pertsonak dira: ez dementziaren moduko kalte kognitiboak, baina ez dira arriskuaz jabetzen haien kabuz. Agnosia kognitiboa deitzen diogu", kontatu du Goikoetxeak. "Diruarekiko segurtasun eza nabaritzen hasten da pertsona, eta ez da ohartzen zenbait pertsonek izan dezaketen arriskuaz”, gehitu du. Adineko horrek, ohikoan, bakardade egoera jasango du eta “lagundu” nahi duen pertsona bat agertuko zaio kontuak eta bestelakoak bere gain hartzeko. “Laguntzaz mozorrotutako lapurreta deitzen diogu. Pertsona hori milaka adinekoen diruaz jabetuko da, kontu korronte, txartel eta bankuko gakoen jabe eginez”. 

Marije Goikoetxea: "Laguntzaz mozorrotutako lapurreta deitzen diogu. Pertsona hori milaka adinekoen diruaz jabetuko da, kontu korronte, txartel eta bankuko gakoen jabe eginez”

Aurkeztu berri duten gidaliburuaren bidez, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak adineko pertsonen eskubideak babesteko eta errespetuaren, tratu onaren eta autonomiaren kultura sustatzeko konpromisoa indartzen du bizitzako esparru guztietan. Gidaren edukiak nabarmendu nahi du laguntza behar izateak ez duela erabakitzeko gaitasuna galtzea esan nahi. Gida hori herritar guztiei zuzenduta dago eta sentsibilizazio tresna baliagarritzat erabili nahi dute errealitate hori ematen dela ohartarazteko, alerta-seinaleak ezagutzeko, arrisku-faktoreak ulertzeko eta susmo baten aurrean nola jokatu jakiteko. 

Banku-erakundeen irizpideak 

“Argi izan dugu beti, pertsona zaurgarriekin aurretiaz landu ditugun plangintzetan ere, parterik ahulena finantza-erakundeekin genuela", azpimarratu du Amilibiak. Kutxabankekin, esaterako, deribazio protokolo bat sinatu zuen Jaurlaritzak. Haien bulegoetan balizko kasu bat hautemanez gero, kasu hori deribatzea zuen helburu. "Dena den, lotura estuagoa landu behar dugu oraindik ere, jardunaldian parte hartu zuen ordezkariak arazo horren aurrean sentsibilizatuta daudela agertu zuen arren”, dio Amilibiak.

Are gehiago, erakunde guztiek parte hartu dezaten lana geratzen da egiteke, Amilibiaren ikuspegitik langile guzti-guztiek jakin beharko bailukete nola ekin abusu ekonomiko bat hautematen dutenean. 2023an protokolo bat sinatu zuten finantza-entitateek eta fiskaltzak, “zuhurtziazko geldiune” bat egin ahal izan dezaten. Hala, susmoren bat izanez gero, operazioak gelditzeko ahalmena dute entitateok. 

Kutxabankekin, esaterako, deribazio protokolo bat sinatu zuen Jaurlaritzak. Haien bulegoetan balizko kasu bat hautemanez gero, kasu hori deribatzea zuen helburu

Jardunaldi horren ondoren, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak bigarren saio bat egingo duela iragarri du, espezifikoki profesionalentzat, erakundeen arteko koordinazioan, esku-hartzean eta detekzioan aurrera egiteko, adinekoen aurkako tratu txar ekonomikoak eta finantza-abusuak gertatzen direnean. Aurkeztu berri duten gidaren helburua ez da soilik kasuak hautematea, baizik eta gizarte osoa jabetzea: laguntza behar izateak ez du inoiz eskubideak galtzea esan gura. Horregatik, funtsezkoa izango da herritarrek, profesionalek eta erakundeek elkarrekin jardutea abusuen aurrean “txertoak” txertatu ahal izateko.