• EKONOMIA
  • Finantzaketa alternatiboaren alde egin dute adituek Elkargiren jardunaldian

Finantzaketa alternatiboaren alde egin dute adituek Elkargiren jardunaldian

Zenbait ordezkari elkartu dira eta finantzaketa formula berriak izan dituzte hizpide

Argazkia: Elkargi
Argazkia: Elkargi
2025eko ekainaren 18a

50 enpresa baino gehiago bildu dira gaur Elkargik antolatutako jardunaldian, finantza alternatiboak hizpide izanik. Hainbat sektoretako aditu eta ordezkari ezberdin elkartu dira, zeintzuek eztabaidatu duten egun sortzen ari diren eta “gero eta garrantzia handiagoa duten” finantzaketa formula berriei buruz.

 

Zenón Vásquez Irizar Elkargiko zuzendari nagusiak nabarmendu du finantzaketa bide desberdinak izateak enpresen lehiakortasuna bermatzen duela, eta, gainera, mendekotasun egoerak zein ziurgabetasuna saihesten direla. Hala, banku-finantzaketak “funtsezkoa” izaten jarraituko duela adierazi du, baina baita finantzaketa alternatiboak ere. “Dibertsifikazioak, finantza egitura sendotzeaz gain, iraunkortasuna eta enpresen inguruko errotzea sendotzen du”, gaineratu du. Berrikuntza Funtsa ere aurkeztu du, zeinak bi edizioetan jada 120 milioi euro baino gehiago mobilizatu dituen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Elkargiren arteko lankidetza publiko-pribatuaren esparruan.

José Enrique Corchón Eusko Jaurlaritzako Finantza Politikako eta Aurrekontuetako sailburuordea ere izan da jardunaldian, eta, haren hitzetan, Eusko Jaurlaritza “politika aktiboa garatzen” ari da enpresei finantzaketa lortzen laguntzeko, “duela bi hamarkada baino gehiagotik”. Horren adibide gisa jarri du Finantzen Euskal Institutua, finantzaketa tresna publikoa baita, “enpresen sustraitzean, kalitatezko enpleguaren sorkuntzan, berrikuntzan eta jasangarritasunean fokua jartzen” duen tresna.

 

Aquisgran Espainiako Estatuko titulazio funts ez-bankarioko zuzendari nagusi den Eusebio Martín ere mintzatu da, eta adierazi du Aquisgramek enpresa txiki zein ertaineko eta epe luzeko iturri finantzarioen arteko oreka ahalbidetzen duela, Elkargiren bitartez. Amaia del Villar FEIko zuzendari nagusia eta Eneko Parrón Elkargiko FINdustriako arduradunak ere hartu dute hitza; azken honek finantzaketa iturri “on” edo “txarrik” ez dagoela gogorarazi du, enpresa bakoitzak “beren beharretara ondoen egokitzen den irtenbidea aurkitu behar baitu”.

Bigarren mahai inguruan beste hainbeste parte hartzaile izan dira: Javier Raya NBI Bearingseko finantza zuzendaria, Marco Pineda Mirai Investmentseko zuzendari nagusia, baita Aitor Íñiguez de Heredia Indecoberreko zuzendari exekutiboa ere.