• EKONOMIA
  • Bilbo elikagaien industriarako “erreferente” bilakatu nahi du Jaurlaritzak, F4F azokarekin

Bilbo elikagaien industriarako “erreferente” bilakatu nahi du Jaurlaritzak, F4F azokarekin

Food for Future (F4F) - Expo FoodTech 2025 azoka maiatzaren 13tik 15era bitartean egingo da, BECn

Azokaren aurkezpena | Argazkia: Irekia
Azokaren aurkezpena | Argazkia: Irekia
2025eko apirilaren 23a
Eg. 2025eko apirilaren 23a

F4F Expo FoodTech 2025 elikagai-industriako azoka teknologikoaren edizio berria aurkeztu dute gaur. Maiatzaren 13tik 15era bitartean BECn egingo den azokak helburu izango du punta-puntako berrikuntzak ezagutaraztea, automatizazioaren, robotikaren, eta 4.0 teknologia sektoreetakoak. Antolatzaileek azaldu dutenez, 8.000 profesional baino gehiago bilduko dira hiru egunetan zehar, 320 enpresa erakusketari izango dira, baita 30 herrialde baino gehiagotako 400 hizlari ere.

 

Eusko Jaurlaritzak stand bat izango du azokan, Elika, Neiker eta Hazi erakundeekin batera, eta esan dute bertan erakutsiko direla, besteak beste, “nekazaritza bertikaleko, packaging jasangarriko eta elikagaien soberakinak balioztatzeko aurrerapenak”.

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak aurkezpenean adierazi du azoka Bilbon kokatzea ez dela “kasualitatea” izan, “ondo pentsatutako erabaki estrategikoa” baizik, Bilbo eta EAE sektorean erreferente bilakatzeko, hain zuzen. Haren esanetan, Eusko Jaurlaritzako sail berria “bultzada ematen” ari da elikaduraren arloan, eraginkorragoa eta seguruagoa bilakatzeko "industria eta ekonomia berria sortzen” lagunduta. Gaineratu du elikaduraren sektoreak gaur egun EAEn 137.000 enplegu baino gehiago biltzen dituela, eta BPGren ia %10 dela.

 

Azoka teknologikoarekin batera, Pick&Pack for Food Industry jardunaldia antolatu dute. Bertan erakutsiko diren berrikuntzak ontziratzeari, paketatzeari, bilgarriei, produktuen trazabilitateari, garraioari, etiketatzeari eta robotika logistikoari buruzkoak izango dira.

Bestalde, Europako “kongresurik handiena” den Food 4 Future World Summit egingo da ekitaldian. 320 adituk baino gehiagok sortzen ari diren joerak partekatuko dituzte, hizpide izanik eraldaketa digitaleko estrategiak, arrakasta-kasuak eta kontsumoaren zein ekoizpenaren arloak. Enpresa “liderrek” hartuko dute parte nazioarteko foroan: Eroski, PepsiCo, Campofrío, Hijos de Rivera, Angulas Aguinaga…