Fortuna handien gaineko zergaren kudeaketa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren esku egongo da

Batzorde mistoak adostu du EAEk energia konpainiei eta bankuei ezarritako zergen %6,24 jasotzea bi urtetan

Pedro Azpiazu eta Olatz Garamendi sailburuak eta Unai Rementeria, Ramiro Gonzalez eta Markel Olano Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak batzorde mistoaren bileran Pedro Azpiazu eta Olatz Garamendi sailburuak eta Unai Rementeria, Ramiro Gonzalez eta Markel Olano Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak batzorde mistoaren bileran

Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek osatzen duten Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoa modu telematikoan bildu da gaur. Espainiako Gobernuak onartu berri dituen zergak Kontzertu Ekonomikoan txertatzea izan da bileraren helburua izan da. Fortuna handien gaineko aldi baterako elkartasun-zerga eta enpresa energetikoen zein bankuen gaineko zergak nola kudeatu adostu dute gaurko bileran. 

Hala, dagoeneko foru ogasunen esku dagoen ondarearen gaineko zergaren osagarria den fortuna handien gaineko aldi baterako elkartasun-zergari buruzko akordioaren ondoren, Kontzertu Ekonomikoan araudi autonomoko zerga itundu gisa sartuko da, zerga hori sortu duen Estatuko Legearen indarraldi berarekin. Ikusteko dago, baina, araudia noiz sartuko den indarrean. Espainiako Gobernuak onartutako zerga abenduaren 31an sartuko da indarrean, 2022ko ondareak zergatu ahal izateko. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako batzar nagusiek urtea bukatu aurretik zerga berria arautzeko foru-araua onartu beharko lukete urtea bukatu aurretik 2.022an indarrean sartzeko. Ezinezkoa izango da, hortaz, zerga berria 2022ko ondareei aplikatzea. Ikusteko dago, hortaz, zerga berria nola kudeatuko duten foru aldundiek.

Batzorde mistoaren bilerak, bestalde, energiaren aldi baterako kargan, eta kreditu-erakundeentzako eta kredituko finantza-establezimenduentzako aldi baterako kargan nola parte hartu adostu du. Enpresa energetikoen fakturazioa zergatuko du zerga berriak, % 1,2ko tasa ezarriz. Tributu berri honek araututako kontratuen fakturazioa salbuetsiko du eta urtean 1.000 milioi euroko fakturazioa duten enpresei baino ez zaie ezarriko. Bankuen zergari dagokionez, interes eta komisoen bidez 800 milioi euroko fakturazioa lortzen duten finantza-erakundeei eragingo die, % 4,8ko tasa ezarrita. Hala, Hego Euskal Herriaren kasuan Laboral Kutxa eta Nafarroako Rural Kutxari ez zaie, gaur gaurkoz aplikatuko. Zerga hauei dagokienez, batzorde mistoak adostu du Estatuko Administrazio Orokorrak finantzaketa ematea Euskal Autonomia Erkidegoari Ukrainako gerrak eta COVID-19aren ondoriozko pandemiak eragindako eskaintza- eta hornidura-arazoek ekarri dituzten ondorio ekonomiko eta sozial apartekoei aurre egiteko. Bi zergek 2023an eta 2024an sortutako diru-sarreren bolumenaren % 6,24koa izango da finantzaketa hori, eta kupoa ordaintzeko epeetan konpentsatuko da. Zenbateko hori kupoaren kalkuluan dago oinarrituta eta guztira urtean gutxi gorabehera 200 milioi euro  jasotzea espero da, Espainiako Gobernuak kalkulatu baitu urtean 3.500 milioi euro inguru bilduko dituela tasa berriei esker. Ordainetan, EAEk bere gain hartuko du, osorik, bi kargen bidez soilik finantzatzen diren Estatuaren laguntzen definizioa eta kudeaketa.

 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK