
364 diputatu kontra eta 194 alde. François Bayrouk molde horretan galdu du Frantziako asanblea nazionalean astelehen honetan aurkeztu duen konfiantza galdea. Ezkerrak eta eskuin muturrak konfiantza galdearen aurka bozkatu dute, eta gainera zentrista biarnesak uste baino aldeko boto gutxiago jaso du zenbait kontserbadorek ere bizkar eman baitiote. Parisen egindako batzarrak berriz agerian utzi du Frantziako estatuaren ordezkaritza biziki zatitua dela, eta egoera honengatik, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoa ere, norabiderik gabeko krisi politiko, sozial eta ekonomiko sakonean murgilduak daudela.
45 minutuko hitzaldian, Frantziako lehen ministroak adierazi du Frantziak odol galtze handia jasaten duela. “Arriskua zein den badakit, baina nahiago dut arrisku hori hartu deus ez egitea baino. Ez dugu aski ekoizten, Alemania bezalako beste herrialdeak baino askoz gutxiago. 3.415 milioi euroko zorra daukagu, eta ez badugu ezer egiten gazteak sakrifikatuko ditugu”.
Parisen egindako batzarrak berriz agerian utzi du Frantziako estatuaren ordezkaritza biziki zatitua dela, eta egoera honengatik, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoa ere, norabiderik gabeko krisi politiko, sozial eta ekonomiko sakonean murgilduak daudela
Bozketa galdu bezain laster, zentristak legebiltzarretik alde egin zuen, eta Eliseo jauregiak jakinarazi zuen Emmanuel Macron errepublikako presidenteak lehen ministro berria izendatzeko asmoa duela lehenbailehen. Frantzia Intsumisoak Macronen dimisioa eskatu zuen. Bere bigarren agintaldian lau lehen ministro izan ditu jada. Eliseoak hedatu duenez, legebiltzarra berriz desegitea eta hauteskunde legegile berriak deitzea ez da Macronen lehentasuna oraingoz.
Iparraldeko ordezkariak Bayrouren kontra
Ipar Euskal Herriko hiru diputatuek, hiruak ezkerrekoak, konfiantza galdearen aurka bozkatu dute. Iñaki Echaniz barnealdeko diputatu sozialistak dio gobernatzeko prest daudela. Bere hitzetan, Frantzian Pedro Sanchez bezalako agintaria falta da alderdi desberdinen artean negoziatzeko eta gehiengo berriak osatzeko.
Peio Dufau Lapurdiko kostaldeko ordezkariaren hitzetan, François Bayrouk ez du sekula jorratu elkarrizketaren bidea, erretiroaren erreforma aldatuko zuela hitz eman zuen, baina ez du asmoa bete, eta Betharramgo pederastia eskandaluan ez du argi jokatu. “9 hilabeteko agintaldiaz aspertua da jendartea. 2024an aldaketaren alde bozkatu zuten garaipena ezkerrari emanez, baina Emmanuel Macron errepublikako presidenteak oposizioan kokatu gaitu. Proposamen asko egin dugu, baina zangopilatu dituzte beti”, dio EH Bai koalizioaren ordezkariak.
Ipar Euskal Herriko hiru diputatuek, hiruak ezkerrekoak, konfiantza galdearen aurka bozkatu dute
“Gaur egun zor handia dago; Macron agintean denetik asko handitu da. Bayrouk dio kaosa datorrela baina ez da etorriko. Dirua metatu da gutxi batzuen sakeletan. Murrizketak egiten dituzte denetan: hezkuntzan, osasun arloan eta Ipar Euskal Herriko Euskal Kultur Erakundearen aurrekontuan. Eta Euskararen Erakunde Publikoaren aurrekontua ez dute eskatzen zaien bezainbat igotzen. Hori da kaosa”, azpimarratu du Dufauk. Bere ustez, orrialde berria idatzi behar da elkarlanaren bidez etorkizun hobea izan dadin denentzat. “Molde horretan aritu naiz lanean nekazarien lur eremuen legea onartu zelarik. Talde guztiekin lan egin behar da. Jendarteak hori nahi du, eta, beraz, ez dugu beti joko politikoan erori behar”, gehitu du diputatuak.
Colette Capdevielle Baiona aldeko diputatu sozialistak adierazi du inflazio garaian bi jai egun eta 44 mila milioi euroko murrizketak egin nahi izatea langileen kontrako probokazioa dela. “Jadanik prekaritatea pairatzen dutenen kontra egiten dute beti. Hilabete sariak ez emendatzea kastastrofea da, eta zinez gogoeta txarra da lurraldeek ere inbertsiorik egiteko aukerarik ez baitute izanen. Zorra handitu dela diote eta denbora berean opariak egiten dizkiete ultra-aberatsenei. Guk fortunari buruzko zergaren itzulera eskatzen dugu egoera, onartezina baita. Nazkagarria da ikusiz iruzur fiskala zenbatekoa den. Guk justizia fiskala nahi dugu eta horregatik Frantziako 1.400 fortuna handienei zerga berria inposatu nahi genieke”, azaldu du Capdeviellek.

Dioenez, ez zuen ezer espero Bayrourengandik eta azkenean frogatu die historiako lehen ministro txarrena izan dela. “Ipar Euskal Herriak ere sofritzen du macronismoarengatik. Izan ere, bere lehen neurria etxebizitza alokatzeko dirulaguntzak murriztea izan zen. Guk, ordea, babes ofizialeko etxea eskuratzeko 15.000 galde dauzkagu eta, ondorioz, Baiona inguruan langile asko beren ibilgailuetan bizi dira”, zehaztu du legebiltzarkide sozialistak. “Macron eta Bayrouren lana jendea biltzea da, ez gehiago zatitzea! Gaitasunik ez dute”.
Erreakzioak Iparraldean eta Frantzian
Nicolas Cresson Bilgune Nazionalaren ordezkariak Frantziako asanblea nazionala desegitea eta Emmanuel Macron errepublikako presidentearen dimisioa eskatu du. Max Brisson Miarritzeko senatari kontserbadorearen hitzetan, François Bayrou antzerkia egiten ari da 2027ko hauteskunde presidentziala prestatzen ari delakoan.
Maria Echevarria Renaissance alderdiaren arduradunak elkarrizketa, negoziaketa eta ardura galdetu du Frantziako gobernuaren erorketa desastrea baita ekonomiarentzat. Patrick Martinek MEDEF nagusien taldearen presidenteak ere kezka agertu du. “Ez dugu uste sozialistek egonkortasun politikoa ekar dezaketenik eta argi da beren programak ezegonkortasuna dakarrela ekonomiarentzat, ez baitute kontuan hartzen nazioarteko konpetentzia. Gehiago lan egin behar dugu”, errepikatu du behin eta berriz patronalaren buruak. Virginie Calmels Croissance Plus enpresarien sarearen buruzagi berriak dio ezkerrak egoera ukatzen duela. "PSaren programa enpresen interesen kontra doa. 15 mila milioi euroko zerga emendatzea nahi dute enpresentzat. Egoera horretan interes tasak ez ote dira igoko?”, galdetu du enpresariak.
Dimisio eskaerak izan dira alde batetik, baina ekonomiarentzat Frantziaren gobernuaren erorketa "desastrea" izan daitekeela defendatu dute besteek
Bere aldetik, Argitxu Dufau LAB sindikatuaren bozeramaileari onartezina iduritzen zaio gobernuek sortutako zorra langileei ordainarazi nahi izatea. “Hitzaldi beldurgarriak botatzen dituzte nahitara ondotik murrizketak iragartzeko. Injustizia handia dago gaur aberatsei, eta oso-oso aberatsak direnei, eta patronalari opari asko egiten dizkietelako. Faktura haiek behar lukete ordaindu. Haiek aberasten segitzen dute eta gu pobretzen ari gara, argiki. Lan denboraren emendaketak lan sarien apaltzea ekartzen du. Horren aitzinean alternatibak eraiki behar ditugu Euskal Herrian bertan”, azaldu du LABen ordezkariak.
Herritarren mobilizazioak
Asteazken honetan Frantziako estatua blokatzeko deialdia zabaldu da sare sozialen bidez Jaka Horiak mugimenduarekin gertatu zen bezala duela zazpi urte. Herrialde osoan 40 mobilizazio baino gehiago deitu dituzte ekonomia blokatzeko asmoz. Hasieran iduri zuen eskuin muturra zebilela antolakuntzan, baina adierazi dute ofizialki ez dutela deitzen ezker muturrak mugimendu berri hori errekuperatu duelakoan.
Herrialde osoan 40 mobilizazio baino gehiago deitu dituzte ekonomia blokatzeko asmoz
Trenbide sarean erabiltzaileek ez omen dute arazorik sumatuko; bai, ordea, zenbait aireportutan. Ipar Euskal Herrian ere blokatzeko deia zabaldu da, eta bi hitzordu finkatu dituzte Baionan, adibidez, asteazken honetan goizeko seietan. 14:00etan Baionako herriko etxearen aitzinean bilduko dira eta 18:00etan batzarra eginen dute mugimenduari zer segida eman erabakitzeko. LAB sindikatuak eta ALDA mugimenduak sostengatzen dute mugimendu berri hori. Halaber, sindikatuek deiturik mobilizazio gehiago eginen dute Frantzian eta Ipar Euskal Herrian irailaren 18an eta urriaren 9an.