
Krisi politiko, ekonomiko eta soziala dela eta, Frantziako estatuan eta Ipar Euskal Herrian ez da giro. Aste honetan ere milaka herritar karrikara atera dira justizia soziala eta fiskala aldarrikatzeko, ez baitute batere begi onez ikusten Frantziako lehen ministroen eta Emmanuel Macron errepublikako presidentearen norabidea.
Baionako bi banketxe eta teknologia saltegi baten ateak blokeatzeaz gain, ostegun goizean Dena blokea dezagun mugimenduak protesta egin zuen Miarritzeko Hotel du Palais luxuzko hotelaren sarreran. Poliziak bortizki desegin zuen mobilizazioa eta bi lagun atxilotu zituzten. Geroago Baionan 5 000 manifestari bildu ziren aski dela adierazteko.
Karrikara atera ohi diren manifestariek diote aspertuak direla zorraren arazoa entzuteaz
“Parisen kontuan hartu behar dute ezkerrak irabazi zituela azken hauteskunde legegileak. Geroztik eskuineko politikak egiten dituzte behartsuenen kontra jokatuz eta herritarren desberdintasunak areagotuz”, deitoratu zuen Elsa izeneko manifestariak. Bere ustez dirua enpresa handiei eta aberatsenei hartu behar liekete eta ez beharretan daudenei. Nathalie izena duen beste manifestari batek zioen beldurra sentitzen duela eskuin muturra agintera heltzear dagoelako.
“Haserre gaude eta nahi dugu gobernuak gizarteari eman diezaion lehentasuna. Herritarrek merezi dituzten eskubideak errespetatu behar dituzte Parisen. Urteak dira ez gaituztela entzuten, erretiroaren erreformaren gaian adibidez. Orain garaia da merezi duguna eskuratzeko”, adierazi zuen Matiu Lazcano CFDT sindikatuko kideak. Karrikara atera ohi diren manifestariek diote aspertuak direla zorraren arazoa entzuteaz. Izan ere, iduritzen zaie Frantziako gobernuak ordainarazi nahi diela hamarkada luzeetan harek berak sortu duen zorra.
Zorra, arazoa ote?
Urteak dira François Bayrou zentristak zorraren gaia mahai gainean ezartzen duela. Oraindik lehen ministroa zela garrantzi berezia eman zion 44.000 milioi euroko murrizketak iragarriz 2026ko aurrekontuan. Bayrouri ez zitzaion gustatzen 3.345 mila milioi euroko zorra bere horretan uztea hurrengo belaunaldien geroa zalantzan jarrita bere hitzetan. Lehen ministro kargua galdu baino lehen bi jai egun kentzea ere proposatu zuen, bere ustez neurri horrek zorra murrizten lagunduko lukeelakoan. Sébastien Lecornu lehen ministro berriak adierazi du prest dagoela asmo hori baztertzeko. Xabi Larralde ekonomia aditua eta irakaslearen arabera kontrolpean ez den zorra ez da egokia, baina inbertsioak egiteko ezinbestekoa da trantsizioa ekologikoa, hezkuntza eta osasungintza bermatzeko, besteak beste.
Frantzian bada mende erdia diru gehiago xahutzen dela biltzen dena baino, eta iaz herrialde horrek euro zonako defizit handiena zuen. Emmanuel Macron aginterat heldu zenetik zorra %47 emendatu da, besteak beste Frantziako gobernuak finantza sistema pribatua salbatu duelako, Ukrainako eta COVID-19aren krisiengatik, eta zenbait zerga apaldu direlako. Argindarraren prezioa mugatzeak ere gastu handia ekarri zion Frantziari.
Xabi Larralde (ekonomialaria): "Macron kapitaldunen, dirudunen eta enpresa handien alde aritu da. Beren mesedetan jokatu du itxaropen batekin: horrek guztiak inbertsioak bultzatuko zituela eta gero enplegua sortuko zuela"
Ezkerreko ordezkariek maiz kritikatzen dute fortuna handien gaineko zerga kendu izana. “Argi da hautu politiko batek huts egin duela. Macron kapitaldunen, dirudunen eta enpresa handien alde aritu da. Beren mesedetan jokatu du itxaropen batekin: horrek guztiak inbertsioak bultzatuko zituela eta gero enplegua sortuko zuela. Porrota da politika horrek ez dituelako eman espero ziren fruituak eta hazkundea”, dio Larraldek. Baionako Bernat Etxepare lizeoan ekonomia irakasten duen behe nafarrak dio arazoa ez dela zorraren maila, bere erabilpena baizik. Kontrolpean ote den eta zer egiteko erabiltzen den galdetu du Larraldek. Sindikatuek antolatutako manifestaldietan dabiltzan herritar batzuek maiz ohartarazten dute zorra igotzen dela, baina denbora berean oinarrizko zerbitzu publikoak ez direla hobeak, osasun arloa, adibidez.
Zorra akatsa al da?
Gero eta zor handiagoa daukanez, kontuen ganberak, nazioarteko diru funtsak eta Bruselak indarrak egitea eskatu diote Frantziari. Attac eta Copernic taldeetako kideek azpimarratzen dute gobernu batek ez duela sekula bere zorra osoki ordaintzen. “Ordaindu ahala berriro zorpetzen da beste politika publikoak egin ahal izateko”, dio Jean Marie Harribeyk. Maxime Menuet ekonomialariaren ustez zorraren konzeptuak berak konotazio txarra du, maiz errudun izatearekin nahasten da eta. “Greziera bezalako zenbait hizkuntzetan zorraren eta hobendun izatearen ideiak hitz berak adierazten ditu. Kristauentzat zorra eta bekatua lotuta daude, eta hortik etor liteke batzuetan hain hedatua izan den konnotazio txar hori”, argitu du Menuetek. Frantzia bezalako herrialde zentralizatu batean zorraren erdia atzerritar egituren esku izateak ez du laguntzen askok herrialdearen burujabetasuna zalantzan ikusten dutelako.
Jean Marie Harribey: “Ordaindu ahala berriro zorpetzen da beste politika publikoak egin ahal izateko”
Etengabe handitzen ari den zorra dela eta, desadostasunek aitzina segituko dute Frantzian. Sébastien Lecornu lehen ministro berriak dio saiatuko dela aurrekontu berria onarrarazten dekretu bidez inposatu behar izan gabe. Beren aldetik, sindikatuek mobilizazio berria iragarri dute urriaren 9rako, batik bat osasungintza hobetzea aldarrikatzeko.