Frantziako Kontseilu Konstituzionalak erretiratzeko adina 64 urtera igotzea babestu du

Sei disposizio bertan behera utzi ditu, baina erreformaren aldaketa nagusiei argi berdea eman die

Frantzian erretreta erreformaren aurkako hamabi protesta egun izan dira dagoeneko | Argazkia: Europa Press Frantzian erretreta erreformaren aurkako hamabi protesta egun izan dira dagoeneko | Argazkia: Europa Press

Konstituzioa interpretatzeaz arduratzen den Frantziako Kontseilu Konstituzionalak argi berdea eman dio erretiroa hartzeko adina 62 urtetik 64ra igotzeari. Frantziako Gobernuak bultzatutako erreformaren zutabe nagusiak babestu ditu Kontseiluak, nahiz eta sei disposizio bertan behera utzi dituen. Emmanuel Macron presidentearen sinadura soilik falta da orain indarrean jartzeko. Hala ere, gerta liteke Macronek negoziazio gehiago eskaintzea.

Kontseilu Konstituzionalaren erabakiak ezin dira atzera bota, eta osorik edo zati batean baliozkotu edo atzera bota dezake bere esku jartzen diren legeen edukia.

Erreforma polemikoa guztiz edo partzialki behintzat zentsuratzea espero zuten sindikatu frantsesek, eta borroka sozialari eutsi egingo diotela agindu dute. Maiatzaren lehena dute ikusmiran, erreformaren aurkako manifestazio handiak egiteko. Gaurtik aurrera, sindikatuen mezu nagusia testua ez promulgatzeko eskaria izango da, parlamentutik berriro pasatzea edota zuzenean presidenteak ez sinatzea da euren nahia.

Eliseok datorren astearterako deitu ditu sindikatuak, Macronekin bilera bat egiteko. Lehenago ere Elisabeth Borne lehen ministroarekin egin zuten bilera, baina ez zuten aurrerapausorik eman.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK