Gabonetako loteria: dezimo bat baino gehiago

193 milioi euro jokatu genuen Gabonetako Loteria iaz Euskal Herrian, eta aurten gehiago izatea espero da. Milaka lagun ibiliko dira gaur zozketari begira, eta Foru Ogasunak ere bai. Tradizioaz harago, itzal ekonomiko handia duen jarduera da loteriarena

Loteria administrazio bat, zozketaren atarian | Argazkia: EnpresaBIDEA Loteria administrazio bat, zozketaren atarian | Argazkia: EnpresaBIDEA

Tradizioz betetako datak dira gabonak. Gurean tradizioa sinesmenetan errotuta dago. Kristoren jaiotza aurreko 30 egunei adventus esaten zioten kristauek, etorrera euskaraz. Kristautasunaren eragina urteko azken hilabeteari deitzeko erabiltzen dugun hitzan argi igartzen da: abendua, adventus. Gaur egun, ordea, gabonetako egunei bestelako ohitura batzuek ematen diete hasiera: San Tomas eguna eta, Hego Euskal Herrian, Gabonetako Loteriaren zozketa eguna. Azken honek ere badu sinesmenarekin lotura edo, hobe esanda, sariren bat lortzeko itxaropenarekin.

Asko dira egun hauetan Euskal Herrian erosi daitezken boleto eta dezimoak. Izan ere, gabonetako zozketa aukera paregabea da kirol zein kultur elkarteen diru-sarrerak handitzeko Espainiako Loteriako gabonetako zozketaren loteria-txartelen bitartez, tartean elkartearentzat laguntza emanez. Badira, horrez gain, Euskal Herri osorako zozketa antolatzen duten elkarteak. Gure Esku mugimenduak, esaterako, Tripontzia zozketa antolatzen du, urtarrilaren erdikaldean egiten dena.

Espainiako Gabonetako Loteriarena da Hego Euskal Herrian oihartzun handiena duen zozketa. Iaz 193 milioi euro jokatu ziren lau lurraldeetan, eta aurten, SELAE Estatuko loteriak antolatzen dituen enpresa publikoak egindako aurrikuspenen arabera, 209 milioira heldu liteke kopuru hori. Datu errealak, baina, gaur ezagutuko ditugu, zozketa egin aurretik. Bizkaitarrak dira diru gehien jokatzen dutenak, 93 euro; Arabarrak, aldiz, diru gutxien gastatuko dutenak, 57 euro. Diru mordoa gastatzen dugu, beraz, Euskal Herrian historia luzea duen zozketa honetan. 

Bizkaian sari gehien

1812ko abendukoa izan zen gabonekin lotutako Espainiako Loteriaren lehen zozketa, nahiz eta 1892 arte ez zuen Gabonetako Zozketa izena hartu. Lehen sariak 43 aldiz bisitatu du Euskal Herria. Bizkaiak 19 lehen sari jaso ditu, Gipuzkoak 14, Nafarroak 7 eta Arabak 3. Lehen saria jasotzen goiztiarrena Bizkaia izan zen, 1814ean, baita azkenengoz jaso duen lurraldea ere, 2020ean.

Sarietan diru gehien banatzen duen loteria da, salmentan jarritako diruaren % 70. Aurten 2.520 milioi euro banatuko ditu Gabonetako Loteriak. Historikoki sarien uzta ez da izan oso oparoa gurean. Estatu mailan diru gehien banatu duten loteria administrazioen rankinean Euskal Herriko bakarra baino ez da agertzen, Bilboko Ormaechea. Zerrenda horretan laugarrena da: guztira, 125 sari nagusi eman ditu, tartean 1986ko lehen saria. Gabonetakoa baino, errege eguneko zozketan lortu du sari gehien.

Estatu mailan diru gehien banatu duten loteria-administrazioen rankinean Euskal Herriko bakarra baino ez da agertzen, Bilboko Ormaechea

SELAEk emandako datuen arabera, gero eta loteria saltoki gutxiago dago. Gaur-gaurkoz bezeroek nahiago badute ere administrazioan bertan loteria erosi, online bidezko salmentak gorantza doaz, eta egun % 2,6 dira. Amaia Galan Lopez Leioako Artea merkataritza-guneko loteria administrazioko jabea da. EnpresaBIDEAri azaldu dionez, espero gabeko hautua izan da loteriarena. 2015ean erabaki zuen negozioa erostea. Aspalditik ezagutzen zuen aurreko jabea, eta salgai jarriko zuela jakin zuenean, buru-belarri ekin zion, loteria negozioaz "ezer" ez bazekien ere. Aurreko jabearekin sei hilabete eman zuen jakin beharrekoak ikasten. "Negozioa oso konplikatua ez bada ere, garrantzitsua da denbora luze eskaintzea eta era ordenatuan lan egitea”, dio.

Mozkin-marjin txikia saltzaileentzat

Loteriaren salmentak bi zutabe nagusi ditu: larunbatetako zozketak eta, batez ere, gabonetakoa eta errege egunekoa. Gaur egun gabonekin lotutako bi zozketek fakturazioaren % 35 ekartzen die Arteakoei. Menpekotasun hori hasiera batean handiagoa zen, baina jakin izan dute negozioa dibertsifikatzen lan komertzial sendoa eginez. Amaiaren bikotea merkatal-agentea izanik, hartu-eman handia zuen hainbat enpresekin eta ohituta zegoen saltzera.

Negozio-plana diseinatzeko orduan, Galanek estatuko beste toki batzuetan nola egiten zuten aztertu zuen eta ohartu ziren Euskal Herrian oraindik oso sistema tradizionala zegoela. Gurean administraziotik kanpo loteria saltzeko ohitura handirik ez zegoen, eta ezta online bidez saltzeko ere. Enpresetan gabonetako loteria jokatzeko ohitura handia zegoela ikusita, konpainiei lan-administratiboa erraztuko zien plataforma diseinatu zuten. Egun enpresak zenbakia aukeratzen du, eta langileek zuzenean Arteako administrazioaren webgunearen bidez dezimoa eros dezakete. Dezimoa jasotzeko hainbat aukera dute: administrazioan dezimoa zaintzan uztea, postaz bidaltzea eta enpresan bertan jasotzea, Arteako langileak dezimoak bertara eramanda.

Dezimo bakoitzeko 0,90 euro baino ez dute irabazten loteria saltzaileek

Dena den, loteriarena ez da mozkin handiak ematen duen negozioa. Estatuak ezartzen du dezimo bakoitzetik jasotzen duten komisioa. Joko eta zozketaren arabera aldatzen da saltzaileek jasotzen duten marjina. 2021era arte, esaterako, Gabonetako Loteriaren dezimo bakoitzeko administrazioak 80 zentimo irabazten zuen, %4. Protesta ugari egin zuten saltzaileek iaz, eta marjina % 4,5era igotzea lortu zuten, 90 zentimo dezimoko.

Errotazio handia behar da, hortaz, Gabonetako Loteriarekin negozioa egin ahal izateko. Galanek azaldu bezala, oso gutxi dira loteriaz etekin handiak lortu ditzaketenak, salmenta handiak dituztenak baino ez. Denbora laburra badarama ere, Arteako loteria administrazioko arduraduna pozik dago. Gabonetako zozketaren bigarren saria eman dute, eta iaz 113 milioiko Euromillones boletoa saldu zuten. Horrek ezagutzera emateko aukera eman die, eta salmentak apurka-apurka gora doazela aitortzen du, lan handia eskatzen duen negozioa dela ahaztu barik.

Ogasunen bilketan aldeak

Zozketa luzea izanik gabonetakoa, jende andana ibiltzen da sariei begira. Badago, baina, saridunak nortzuk, eta batez ere, nongoak diren xehe begiratzen den beste inor: Foru Ogasunak. 2013. urtera arte loterian lortutako sariengatik ez zen zergarik ordaindu behar. Kontu publikoak orekatze aldera, Mariano Rajoyren gobernuak % 20ko zerga ezarri zien sariei. Egun zerga hori indarrean dago, baina lehen 40.000 euroak salbuetsita daude.

Edozein tributu berri ezartzen denean beharrezkoa da estatua eta Foru Ogasunen artean adostea nolakoa izango den zerga horren bilketa. Diru asko egon daiteke jokoan, eta zergaren bilketa nork egingo duen adostea ezinbestekoa da. Loteria sarien gaineko zerga ezarri zen urtean, 2013an, Gabonetako Loteriaren lehen saria Arrasaten eman zen. 180 milioi euro utzi zituen lehen sariak Debagoienan. Sariak alaitasun oldea ekarri zion Fagor Electrodomésticosen porrotak astindutako eskualdeari.

Iaz Hego Euskal Herriko Ogasunek 37,9 milioi euro bildu zuten loteriaren gaineko zergaren bitartez. 2020ean, ordea, 10 baino gutxiago

Poza, baina, kezka bihurtu zen Gipuzkoako Foru Ogasunean. Sariaren zegokion % 20ko zerga oraindik adostu gabe zegoen. 36 milioi euro biltzeko aukera zuen Gipuzkoak, baina horretarako zerga adostu behar zen estatuaren eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren artean, Batzorde Mixtoaren bitartez. Hiru lurraldeak hiru alderdi politiko ezberdinek kudeatzen zituzten, eta horrek erakundeen arteko negoziazioak moteltzen zituen. Loteriaren diru-zaparradak, ordea, gauzak erraztu egin zituen. 2014ean Itunaren Batzorde Mixtoan sarien gaineko zerga Foru Ogasunek biltzea adostu zuten 2013ko urtarrilera atzera eginez, Gipuzkoak zerga kobratu ahal izateko.

Zorteak baldintzatutako bilketa da loteriarena. 2021ean, esaterako, Hego Euskal Herriko ogasunek 37,9 milioi euro bildu zuten loteriaren gaineko zergaren bidez. Aurreko urtean, ordea, 10 milioira ez zen heldu bilketa. 2021. urteak loteria uzta oparoa utzi zuen, Bizkaian batez ere. Basaurin saldu ziren Gabonetako Loteriaren lehen sariaren dezimo batzuk eta Artea merkatartiza-guneko adminsitrazioak 123 milioiko Euromillones boletoa saldu zuen. Hain zuzen, azken zozketa honen beste sari bat banatu zen astelehenean, kasu honetan Bilboko zentroan: El Corte Inglesen dagoen administrazioak 51 milioi euroko saria banatu zuen. 2019 ere urte ona izan zen loteriaren zergaren bilketaren aldetik, Bizkaian ere kasu honetan, bere Foru Ogasunak 47,6 milioi bildu baitzituen.

Partekatzeko ohitura eta banaketa

Gabonetako Loteria partekatzearena oso ohitura hedatua da gurean, baina arriskuak ere baditu. Loteria kobratzera joateko orduan oso garrantzitsua da saria nortzuk jaso duten adieraztea. Zenbakia hainbat pertsonen artean jokatu bada derrigorrez adierazi behar da kobratzeko orduan, bestela saria banatzean arazoak egon daitezkeelako. Saria partekatua dela ez bada adierazten, dagokion sariaren zatia beste pertsona bati ematean ogasunak dohaintza gisa hartu dezake eta dagokion zerga aplikatu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK