• EKONOMIA
  • Ipar Euskal Herriak enpresa dentsitate handiagoa du Hegoaldeak baino

Ipar Euskal Herriak enpresa dentsitate handiagoa du Hegoaldeak baino

Baionan aurkeztutako Gaindegiaren txostenak bi hamarkadako bilakaera ekonomikoa, laborala eta soziala aztertzen ditu

Gaindegiaren aurkezpena gaur | Argazkia: EnpresaBIDEA
Gaindegiaren aurkezpena gaur | Argazkia: EnpresaBIDEA
2025eko abenduaren 16a - 11:05

Ez da ohikoa izaten Euskal Herri osoko errealitatea modu bateratuan aztertzeko aukera ematen duten datuak izatea, baina gaur, Euskal Herriko lurraldeen arteko alderaketa eskaintzen duen txostena aurkeztu da. Iparraldea da Euskal Herrian biztanleko enpresa gehien dituen lurraldea eta Hegoaldeak baino prestakuntza maila altuagoa du. Hala dio, hain zuzen ere, Gaindegia behatoki sozioekonomikoak astearte honetan Baionan aurkeztu duen azterlanak, azken hogei urteetan lurraldeen arteko datu konparatiboak aztertzen dituenak.

 

Ikerketaren arabera, Lapurdi da enpresa dentsitate handiena duen eremua, mila biztanleko 123,9 konpainia baitaude, eta Nafarroa Behera (90,2) izango luke atzetik. Hego Euskal Herrian, Gipuzkoak du tasarik altuena (77,8), Iparraldeko zifretatik urrun badago ere. Kopuru absolutuan, ordea, Bizkaia da oraindik ere enpresa kopuru handiena erregistratu duen lurraldea.

Horrez gain, 2014tik 2023ra bitartean Ipar Euskal Herrian izan den enpresa-kopuruaren hazkunde iraunkorra nabarmendu da azterlanean, %55eko igoera izan baita, 24.836 enpresa izatetik 38.551 izatera igarota. Hego Euskal Herrian ere gero eta enpresa gehiago izan dira, %44ko hazkundearekin.

 

“Ikuspegi kualitatibotik, Ipar Euskal Herrian hazkundea bereziki garrantzitsua izan da jarduera espezializatu, zientifiko eta teknikoan”, berretsi du Gaindegiak, “hamar urtean 3.408 enpresa izatetik 7.323 izatera igaro baitira”; alegia, bikoiztu egin da kopurua. Aldiz, merkataritza, garraioa eta ostalaritza dira oraindik ere sektore nagusia, enpresa-bolumenari erreparatu ezkero.

Langabezia tasak eta hezkuntza

Ipar Euskal Herriko populazio aktiboa neurritsu hazi da azken hamarkadan, Zuberoan izan ezik, non beherakada izan den. Datu zehatzak honakoak dira: biztanleria aktiboa 2011n 182.457 pertsonakoa zen, eta 2021ean 194.467 izatera igaro ziren. Horietatik, gehiengoa Lapurdik hartzen du (167.000 inguru), Nafarroa Behereak (19.000 inguru) eta Zuberoak (8.000 inguru) jarraituta. Azken horrek %11ko jaitsiera izan du biztanleria aktiboari dagokionez.

Okupazio-tasak gora egin du oro har, eta bilakaera hobea izan da emakumeen artean gizonen artean baino. Kasu horretan ere, Zuberoan %7,1eko beherakada izan da.

Langabezia zifrek gorakada islatzen dute Euskal Herri osoan 2016an, eta ordutik 2022ra arte, berriz, beherakada. Langabezia maila altuenak izan zirenean (2016an), langabezia-tasa hauek izan ziren: Bizkaian %15,3koa, Araban %14,1ekoa, Nafarroa Garaian %12,6koa, Gipuzkoan %9,9koa eta Lapurdin %9,5ekoa. Nafarroa Beherean eta Zuberoan 2016ko daturik jasotzen ez bada ere, 2022an %5,2ko eta %5,0ko tasa zuten, hurrenez hurren.

Hezkuntzaren atala da txosteneko beste puntu garrantzitsu bat. Ipar Euskal Herrian, goi-mailako ikasketak dituzten biztanleen proportzioa askoz ere handiagoa da Hego Euskal Herrian baino: 2022an, %55eko tasa zen Iparraldean eta %37 eta %44 artekoa Hegoaldean. Era berean, nabarmen murriztu da oinarrizko titulaziorik ez duten pertsonen kopurua, are gehiago Iparraldean: derrigorrezko irakaskuntzaren lehen etaparen pareko titulazioa edo baxuagoa dutenen kopurua %19,8koa da Ipar Euskal Herrian (hamar urtean hamar puntu jaitsi da) eta %35 eta %42 arteakoa izan liteke, ordea, Hego Euskal Herrian.

Beste alderdi sozial batzuk ere jorratzen ditu dokumentuak, hala nola, etxebizitza parkearen igoera, alokairuak Ipar Euskal Herrian duen pisu handiagoa, euskal hiztunen kopuruaren jaitsiera eta familia ereduen dibertsifikazioa. Hala, Gaindegiaren hogei urteko lanaren bildumaren parte da txostena, eta 2024an hasitako lurralde aurkezpenen zikloa ixten du.