• EKONOMIA
  • Gallartako ehorzketen BGAEan 600.000 euroko iruzurra atzeman du Jaurlaritzak

Gallartako ehorzketen BGAEan 600.000 euroko iruzurra atzeman du Jaurlaritzak

Ehorzketetarako borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundean esku hartu du Ogasun eta Finantza Sailak, baina lapurtutako dirua berreskuratzea "oso-oso zaila" dela dio

Argazkia: Irekia
Argazkia: Irekia
2025eko ekainaren 27a
Eg. 2025eko ekainaren 27a

Gallartako (Bizkaia) ehorzketa gastuak estaltzeko sortutako erakundean iruzurra izan da. Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailak esku hartu du, izan ere, Gobernu Batzordeko kide batek 600.000 euro inguru desbideratu zituela ikusi dute, erakundearen ia ondare osoa (650.000 euro inguru).

 

Gallartako ehorzketetarako borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundea 1981ean eratu zen, eta bazkideen ehorzketa-gastuak estaltzen ditu. Ehorzketetarako BGAE deiturikoak ehorzketaren ondoriozko gastu eta zerbitzuak estaltzeko soilik erabiltzen diren modalitate zehatza dira (ez da pentsioak ordaintzeko erabiltzen).

BGAEak kideei pentsio osagarriak ordaintzen dizkieten erakundeak izan ohi dira, baina ehorzketen atal bat badago, pertsona bat hiltzen denean haren hileta gastuak eta antzekoak estaltzen dituena.

 

Jaurlaritzaren arabera, iruzurra gauzatu duen pertsonak “bere esperientzia eta gainerako gobernu-organoen konfiantza baliatu zituen zenbait urtez iruzur egiteko”. Halaber, Eusko Jaurlaritzari bidalitako informazioa faltsutu zuen, bere jarduna estaltze aldera. Gertakari horien berri izan ondoren, kautelazko neurriak ezarri ziren, eta, ondorioz, administrazioak izendatutako kontu-hartzaileek funtsen erabilera oro baliozkotu behar dute.

Ogasun eta Finantza sailak nabarmendu du “oso-oso zaila” dela lapurtutako dirua berreskuratzea. Kalte-ordaina ezartzen duen aldeko balizko epai judizial batek eta iruzurgileak ondasun nahikoak izateak soilik ahalbidetuko luke eragindako kaltea ordaintzea, eta egoera hori jazotzea ez du gertagarri ikusten.