Galtzear diren tokiko haziak berreskuratze bidean

Intia erakundeak Nafarroako hogeita bost kilo hazi erreproduzitu ditu, hauen kontserbazioa bermatu eta aldaketa klimatikora egokitzeko

Nafarroako nekazal eremua Nafarroako nekazal eremua

Nafarroako Intia institutuak Foru Erkidegoko barietate zaharren hogeita bost kilo hazi entregatu dizkio Aragoiko CITA Germoplasma erakundeari. Ekimena klima-aldaketara egokitzeko LIFE-IP NAdapta-CC proiektuaren baitan gauzatu da eta haren helburuak espezie eta barietate horien betiereko galera saihestea eta biodibertsitatea sustatzea dira, hazi mota hauek desagertzeko zorian zeuden eta. Denera, 28 hazi barietate erreproduzitu dituzte.

Carcar herrian jaioa da Salomon Sadaba eta proiektuaren arduradunetako bat da.  Sartagudan dagoen lursail esperimental bat kudeatzen du eta LIFE-IP NAdapta-CC proiektuan oso murgilduta aritu da. Bere hitzetan, Intiak ekoiztutako hazi mota hauek “denboran zehar gero eta gutxiago erabiltzen joan dira". Azken finean, “gutxinaka emankorragoak diren beste barietate batzuengatik ordezkatu dira; produktibitatea aniztasunaren gainetik ipinita”.

Kontserbazioa bermatu

Hori dela eta sortu zen nafar haziak berreskuratzeko ideia. LIFE-IP NAdapta-CC proiektua 2017 urtean abiatu zen eta 15 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua zuzendu zaio. “Hau bezalako ekimenak ez dira berriak, aspalditik jarri dira martxan”, esan du Sadabak. Proiektuaren funtsa “azken hamarkadetan hazi mota hauek beren baratzetan gorde dituzten norbanakoekin eta ekoizle-sareekin kontaktuan jartzea izan da, haiek izan direlako haziak eman dituztenak”.

Hurrengo pausoa “haziak Intiaren ustiategi esperimental ezberdinetan biderkatzea izan da, haien kontserbazioa bermatzeko kantitate nahikoa lortzeko”. Aitzitik, prozesu honetan zailtasunak izan dituzte, ohikoenetako bat “haziak ez hozitzea” izan delarik.

Salomon Sadaba: "Proiektuaren funtsa azken hamarkadetan hazi mota hauek beren baratzetan gorde dituzten norbanakoekin eta ekoizle-sareekin kontaktuan jartzea izan da, haiek izan direlako haziak eman dituztenak"

Haziak lortu eta erreproduzituta, martxoaren amaieran hamabi barietatetako haziak CITAra lekualdatu ziren, Zaragozan. Erakunde hau “Intiarekin izandako harreman bereziki estuagatik eta gertutasunagatik” izan da aukeratuta. Emandakoen artean, antzinako babarrunezko sei, tomatezko hiru, artozko bi eta kalabazazko barietate bat sartzen dira.

WhatsApp Image 2024 05 09 at 16.29.27
Salomon Sadaba eta Cristina Mallor proiektuko arduradunak | Argazkia: Intia

Laborantza- eta ingurune-balioak

Tokiko haziak bermatzeko ekimen honek ingurumenaren babeserako interesa ere badu. Izan ere, “barietate hauek bertako lurrera moldatuta daude, lur hau hobeto tratatzen dutelarik”. Lurzoruaren kudeaketa eta hobekuntza, hain zuzen, LIFE-IP NAdapta-CCk ezarritako ekintza ildoetako bat da. Hau da klima aldaketaren aurrean nekazaritza eta abeltzaintzaren kudeaketa egokitzailea hobetzen dituzten teknika berritzaileetako bat.

Etorkizunerako planak

Laster, proiektuak beste hamasei hazi mota landatzea aurreikusten du soroan, eta horri esker haien biderketa eta kopuru nahikoa sortzea espero da. hauek ere germoplasma bankuetara entregatu eta kontserbatu ahal izateko. Hain zuzen, babarrunak, aza, eskarola, artoa eta tipula barietateak landuko dira.

Oko eta Leitza eta Erratzuko indaba beltza eta Itzaltzuko indaba borobila eta chatica indaba zuria Doneztebe, Sartaguda eta Cadreita udalerrietan laboratzeko asmoa dute. Bestalde, arto barietateak Narbarte eta Urdazubi izenekoak dira, Sartagudan eta Burutainen ugaldu direnak. Tipula hazi bakarra Sartagudan ere landatuko da.

Oko eta Leitza eta Erratzuko indaba beltza eta Itzaltzuko indaba borobila eta chatica indaba zuria Doneztebe, Sartaguda eta Cadreita udalerrietan laboratzeko asmoa dute

Horrez gain, Intiaren ustiategi esperimentaletan erreproduzituko diren beste hiru tomate-hazi barietate ere sartzen dira, tomate morea berantiarra, tomate berdea eta Zacarías tomatea izenarekin kodetutako tomate espezieei dagozkienak. Aurtengo kanpainaren plangintza hiru baba, aza eta eskarola barietateekin osatu da, dagoeneko sailkatuta baina kopuru handiagoa lortzeko ugaldu behar diren haziekin. Orotara, Sadabaren hitzetan, “100 hazi mota inguru” suspertzeko asmoa dute.

Arduradunak azaldu duenez, “proiektuak hurrengo urteko amaieraraino iraungo du”. Izan ere, “hazi gehiago sortu behar dira”. Era berean, “etorkizunerako honen antzeko ekimenak” sustatu ahal direla iragarri du, nahiz eta momentuz ez dagoen praktikan jartzeko plan zehatzik. Hala nola, “badaude oraindik landu gabe dauden hazi motak, eta hauekin lan egiten jarraitzea aproposa litzateke”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK