• EKONOMIA
  • Ganadu azokak bertan behera Euskal Herrian

Ganadu azokak bertan behera Euskal Herrian

DNK gaitzaren epidemia eten asmoz hartu dute erabakia

Ganadu-feria | Argazkia: iStock
Ganadu-feria | Argazkia: iStock
2025eko urriaren 24a - 08:05
Eg. 2025eko urriaren 24a - 08:10

Europako hainbat herrialdeetan azkar zabaltzen ari da DNK Dermatosi Nodular Kutsakorra izeneko gaixotasuna. Gauzak hala, horren neurriak hartu dituzte Euskal Herriko lurraldeen gaineko eskuduntza duten gobernuek, horren zabalkudea eteteko. Izan ere, Europako Batasunean gaitza A kategorian dago, alegia, neurriak hartzeko derrigortasuna ezarrita dago gaixotasuna desagerraraziko bada. 

 

Neurri nagusia izan da bertan behera uztea askotariko abere-azokak eta lehiaketak, eta erabakia hartzen lehena Frantzia izan da, Ipar Euskal Herriari eragingo diona. Azaroaren hasierara arte izango dira debekatuta. Izan ere, egoera epidemiologikoa okertu egin da, eta bost departamentutan 80 kutsatze inguru antzeman baitira. Pirinio Atlantikoetan, momentuz, kasurik ez. 

Bien bitartean Nafarroako gobernuak atzo goizean iragarri zuen debekua, azaroaren 30era arte luzatu daitekeena. Animalien kontzentrazio oro debekatu dute foru erkidegoan, txakur eta katuenak izan ezik.

 

Erabakia hartzen azkena Eusko Jaurlaritza izan da. Atzo arratsaldeko azken orduan iragarri zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ere ezingo dela ganadu-feriarik egin, sektoreko ordezkariekin bilerak egin ostean. Gaur bertan sartuko da neurria indarrean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu berritan.

Behiei eragiten dien gaixotasuna da batez ere DNK. Azalean agertzen diren noduluez gain, sukarra, gorputzeko masa galtzea eta esne ekoizpenaren murrizketa dakartza bestelako sintomen artean. Aldiz, ez da animalietatik gizakietara transmititzen.