• EKONOMIA
  • Garbiñe Aranburu (LAB): "Borroka sindikal eta mobilizazio ugariren urtea izango da"

Garbiñe Aranburu (LAB): "Borroka sindikal eta mobilizazio ugariren urtea izango da"

Garbiñe Aranburu | Argazkia: LAB sindikatua
Garbiñe Aranburu | Argazkia: LAB sindikatua
Garazi Etxaniz Idarreta
EnpresaBIDEAko kazetaria
2025eko abenduaren 29a - 12:00

2025. urtea mugitua izan da sindikatuentzat, patronalarekin izandako talkek eta negoziazio-blokeoek markatutakoa, eta ildo horretan jarraituko du 2026ak ere. Hala adierazi du Garbiñe Aranburuk, LAB sindikatuko koordinatzaile nagusiak, zeinak ohartarazi duen patronalaren oldarraldiak eta gobernuen jarrerak gatazka sindikala areagotzen ari direla. Testuinguru horretan, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioaren aldarria eta soldaten galera orokortua jarri ditu erdigunean, salatuz sortzen den aberastasunaren gero eta zati txikiagoa iristen dela langileen poltsikoetara.

 

Zein da sindikalgintza ikuspegitik 2025eko albiste ekonomiko garrantzitsuena? Zergatik?

Langileen pobretzea dakarten politiketan sakontzen ari direla azpimarratu behar dugu. Aberastasunaren birbanaketarako zerga politika progresiborik ez dago, soldaten erosteko ahalmena galtzen ari da eta mantentzea lortzen den tokietan borroka gogorrei esker izaten da. Oinarrizko produktuak garestitzen ari dira, zerbitzu publikoen merkantilizaziorako joerari eusten zaio eta milaka herritarrek ez dute etxebizitzarako eskubidea bermatua.

 

2026ra begira titular edo albiste hori moldatu ahalko bazenu, zein nahiko zenuke izatea titularra edo albistea?

Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa ezartzeko aukera izan dugula eta soldatak hobetu direla. 2008ko krisitik, Hego Euskal Herrian soldatek BPGean izan duten garrantzia galtzen joan dira. BPGren %49 izatetik %41,9 izatera igaro dira. Hau da, sortzen den aberastasunaren gero eta zati txikiagoa doa soldatetara. 2024ko datuen arabera, Hego Euskal Herrian 307.000 soldatapekok 1.500 euro baino gutxiago irabazten dute.

"Greba orokorrerako deia egin dugu, gutxieneko soldata bertan erabaki, soldatak hobetzeko eta aberastasuna banatzeko eskatzeko"

Nola ikusten duzu 2026a sindikalgintzaren ikuspegitik?

Zalantzarik gabe esan dezakegu borroka sindikal eta mobilizazio ugariren urtea izango dela. Patronala oldarraldi betean dago, soldatak apaldu edota absentismoa aitzakia hartuta murrizketa berriak inposatu nahi ditu. Hainbat hitzarmenen negoziazioen unea da. Enplegu industrial asko daude jokoan. Bestetik, administrazioan euskararen kontrako erasoek ez dute etenik. Erronka horiek guztiek erantzun sindikal sendoak eskatzen dituzte.

Gutxieneko soldata propioaren aldeko aldarrian bat egin duzue sindikatu abertzaleek, eta greba orokorrera deitu martxoaren 17rako. 2026rako aldarri nagusitzat jo daiteke edota pareko beste aldarri batzuk izango ditu? Zergatik?

Hego Euskal Herrian, estatukoa baina altuagoa izango den bertako Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa ezartzeko bi bide jorratu ditugu gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuok. Batetik, patronalarekin negoziatu beharreko sektoreen arteko akordioa eta bestetik eskuduntzak aldarrikatzeko Herri Ekimen Legegilea. Bi bideak blokeatu dituzte, Gobernuaren eta patronalaren aliantza sendo dagoela ikusi da. Ezezkoen aurrean greba orokorrerako deia egin dugu, gutxieneko soldata bertan erabaki, soldatak hobetzeko eta aberastasuna banatzeko eskatzeko, langileon kontrako erasoaldi orokorrari aurre egiteko mugarri izango dena.