Eusko Jaurlaritzak garraio publikoan deskontuak egiten jarraituko du 2026an. Gaur baieztatu du neurria Ministroen Kontseiluak, eta Susana Garcia Chueca Mugikortasun Iraunkorreko sailburuak adierazi du EAEko administrazio autonomikoak hobari horiek babesten jarraituko duela, neurria positiboa dela iritzi baitu sailburuak.
Garcia Chuecak esan du “beharrezkoa” dela laguntzak luzatzea, eta gaineratu du urtarrilaren 1etik aurrera herritarrek egungo baldintza berberen onurak izaten jarraituko dutela. Bere ustez, hobariek milaka pertsona garraio publikora erakartzen ditu, eta ohiko erabilera sendotzen laguntzen dute, irisgarritasunari eta eraginkortasunari esker.
2022an neurri horiek lehen aldiz abian jarri zirenetik, Eusko Jaurlaritzak 50 milioi euro baino gehiago bideratu ditu beste operadore batzuk laguntzera eta deskontuak lurralde osoan modu homogeneoan aplika daitezen erraztera. Kopuru horri Euskotrenek bere gain hartutako kostuei eta joan den urtarrilean EAEra transferitutako Renferen Aldiriko zerbitzuei dagozkien beste 53 milioi gehitu behar zaizkio.
Garraiorako abonu bakarra
Ministro Kontseiluak onartu duen garraioko abonu bakarraren ezarpenari dagokionez, sailburuak adierazi du garraio publikoaren erabilera sustatzera bideratutako edozein ekimen positiboa dela. Hala ere, esan du bere sailak zehatz-mehatz aztertuko duela neurriaren irismen tekniko zein ekonomikoa, erabakiak hartu aurretik, eta aurreratu du, lehenengo fasean, EAEko aldiriko zerbitzuetan aplikatzea eskatuko dutela, beste lurralde batzuekin desberdintasunak saihesteko.