Bi kamioien arteko istripua gertatu zen atzo arratsaldean AP-68ko 217. kilometroan, Murchante (Nafarroa) parean. Zehazki, Zangozaruntz zihoan trailer bat erreitik atera eta Logroñorako bidean zen beste bat kolpatu zuen. Ezbeharraren ondorioz, trailerraren gidaria, 44 urteko gizona, tokian bertan hil zen. Beste garraiolariak, 41 urteko gizonak, zauri arinak izan zituen eta Tuterako Sofia Erregina Ospitalera eraman zuten anbulantzia medikalizatu batean.
19:23an SOS Nafarroako 112 zerbitzuak telefono-deia jaso zuen ezbeharraz ohartarazteko, eta Tuterako eta Azkoiengo suhiltzaileak, hiru anbulantzia eta Foruzaingoaren eta Guardia Zibilaren patruilak bertaratu ziren. Hala ere, ezin izan zuten ezer egin 44 urteko gizonaren heriotza saihesteko. Foruzaingoak jakinarazi du istripuaren zergatiak aztertuko dituela ikerketa baten bitartez, eta horren baitan hildakoari autopsia egingo diotela Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutuan.
24 orduan Hego Euskal Herrian gertatzen den bigarren lan istripua da, atzo Donostiako topoaren obretan lanean ari zen behargin bat zendu baitzen.