
Garraio Ministerioak, Garraiolarien Batzorde Nazionalarekin harremanetan, garraiolarientzat laguntza gehigarri bat jarriko du abian, ibilgailu motaren arabera. Hala, 450 milioi euro inguruko kreditua onartu du energia-krisiak eta erregaien prezioen igoerak sektorean eragindako ondorio negatiboak arintzen laguntzeko. Diru-laguntza zuzen horiek ibilgailu kopuruaren eta motaren arabera emango dira, eta berritasun gisa, hiriko autobusetara zabaldu ahal izango dira. 950 euroko laguntza emango da ibilgailu bakoitzeko. Laguntza berri horiek martxoan ezarritakoei gehituko zaizkie; orduan, kamioi bakoitzeko 1.250 euroko laguntza eta furgoneta bakoitzeko 500 eurokoa ezarri ziren.
Batzorde Nazionalaren eta Ministerioaren arteko negoziazioek Garraio Katearen lege berriarekin sektorea babestea dute helburu, azpikontratazio-katea mugatuz eta galera kasuetan lan egiteari uzteko mugak jarriz. Lege-testu berriak, garraioaren prezioa garraiolariak egindako kostuen berdina edo handiagoa izango dela bermatzeko xedapenak jasoko ditu, arlo horretan baitaude desoreka handienak. Horrez gain, azpikontratazioen erregulazioa berrikusi dadin nahi du, gehiegizko erabilera saihesteko eta horrek garraiolariengan dituen ondorio kaltegarriak saihesteko, ordainsariak nabarmen jaisten baitira. Bestalde, kontratuak idatziz egiteko betebeharra ere jasoko du.