Garraiolarien grebarik ez oraingoz

Plataforma zatitu batek uztailaren 31ra arte itxarotea erabaki du

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Joan den martxoan hasitako garraiolarien lanuzte mugagabea berriro martxan ez jartzea erabaki du Garraioaren Sektorearen Defentsarako Plataforma Nazionalak. Ekainaren 30etik aurrera lanuzteekin berriro hastea zen asmoa, baldin eta Espainiako Gobernuak euren eskariei behar bezala erantzuten ez bazien. Hala ere, probintzietako batzarraren ostean, Espainiako Gobernuari konfiantzazko botoa emateko erabakia hartu du plataformak: %45ak bozkatu du lanuztea gelditzearen alde, %41ek berriro ekin nahi izan dio eta %14 abstenitu egin da.

Era berean, plataformak argi dio lanuztearen aurrean ezezkoa gailendu bada ere “greba aukera mahai gainean dagoela oraindik, eta edozein unetan gauza daitekeela”.

Azaldu duenez, bozketa egin baino ordu batzuk lehenago, Gobernuak garraioan galerak ematen dituzten kontratazioak debekatzen dituen legearen zirriborroa eman zion autonomoen erakundeari (lege hori zen eskaera nagusietako bat) eta plataformari legearen garapenean parte hartzeko gonbita egin zion. Bi pauso horien ondorioz erabaki du plataformak lanuzteak, momentuz, bertan behera uztea.

Galerak ematen dituzten kontratazioak debekatzeko legearen azken testuak prest egon beharko du uztailaren 31rako.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK